Maitasuna abesti eginda

Euskal Herriko hainbat artistak parte hartu dute Imanol Urbietaren omenezko diskoan: 'Bakarrik eta libre'

Urbietak eginiko 13 kanturen bertsioak daude diskoan, eta bere omenez egindako beste bat. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
«Zenbat abesti egin dizkigun maitasunez ta ezti. Orain itzuli nahi genioke maitasuna abesti». Hala dio Andoni Egañak Imanol Urbieta Manolo-ren (Zarautz, 1934) omenez idatzitako abestiak. Helburu horrekin, hain zuzen ere, Euskal Herriko hainbat musikari eta talde elkartu dituzte Bakarrik eta libre (Elkar) diskoa osatzeko. «Nekez eskertu diezaiokegu Manolori egin duen guztia; Hau keinu txiki bat besterik ez da», adierazi du Gari Berasaluze Zarauzko Udaleko Kultura zinegotziak.

Hamalau abestirekin osatu dute Urbietaren omenezko diskoa, «hamalau omenaldi txiki», Josebe Ormazuri Elkar diskoetxeko arduradunaren hitzetan. Horietako hamahiru zarauztarrak berak idatzitako abestien bertsioak dira, eta, azkena, Egañak Urbietari idatzitakoa. Eñaut Elorrietak, Pettik, Split 77k, Aiora Renteriak, Joseba Irazokik, Pariak Bai-ek, Su Ta Garrek, Anari eta Ningininginiek —haur talde bat—, Fermin Muguruzak, Mursegok, Matxurak, Lou Topetek, Audiencek, Makala Jazz Funk Bandek, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eta Andoni Egañak hartu dute parte diskoan. Proiektuaren koordinatzaile gisa aritu den Mikel Kazalisen esanetan, Euskal Herriko musika ikuspegiaren argazki bat da diskoa, eta harro agertu da Urbieta omentzeko osatu duten taldearekin.

Urbietaren abestiak «gure haurtzaroko soinu banda» izan direla adierazi du Kazalisek, eta horietako asko kantu herrikoi bilakatu direla. Diskoan parte hartu duten musikari nahiz taldebakoitzak Urbietaren abestiak «bereganatzen» asmatu duela gaineratu du: «Abestiak irauli egin dituzte; bakoitzak bere ukitua eman dio». Ormazurik, hain zuzen ere, Urbietaren abestien funtsa mantenduz musikari bakoitzak «oso berea» duen abestia sortu duela goraipatu du, «ale bitxi eta ederrak sortuz».

Hiru belaunaldirentzat

Haurrentzako abestiak egin ditu Urbietak batik bat, baina haurrentzako ez direnak ere badituela nabarmendu du Ormazurik. Horrez gain, Bakarrik eta libre ez da haurrentzako disko bat, Berasaluzeren esanetan, baizik eta hiru belaunaldi bilduko dituen lana. «Manoloren abestiekin hazi eta hezi garen belaunaldientzat da bereziki diskoa, baina baita ere gaur egungo haurrentzat». Izan ere, abestiak iraulita ere, haurrek ezagutzen dituztela azaldu du, eta horiek ere gozatuko dutela Bakarrik eta libre-rekin.

Proiektua egiteko ideia aspalditik zuten buruan, Berasaluzek azaldu duenez. 1990ean Mikel Laboaren omenez Euskal Herriko hainbat taldek grabatu zuten Txerokee diskoa aipatu du Zarauzko Udaleko Kultura zinegotziak, eta kontatu nola garai hartan hainbat gazte, disko hari esker, Laboa beste modu batera ikusten hasi zirela. Azaldu duenez, Zarauzko hainbat lagunekin behin baino gehiagotan Urbietak ere halakorik merezi zuela pentsatu zuten. Azkenik, Zarauzko Udalak proiektua gauzatzea erabaki zuen, eta iaz hasi ziren diskoari forma ematen.

Kazalisek bere gain hartu zuen proiektua koordinatzearen eta diskoa ekoiztearen ardura, eta, azaldu duenez, «erronka handia» izan da berarentzat. Abestien aukeraketa bereziki zaila izan dela azaldu dute, Urbietaren ondarea oso zabala delako. «Disko batean ez da inolaz ere kabitzen egin nahiko genukeen guztia», esan du Berasaluzek. Musikariek nahi zuten abestia aukeratu eta moldatzeko erabateko askatasuna izan dutela argitu du Kazalisek.

Hori horrela, Bakarrik eta libre abesti ezagunaren bertsioa egin du, esaterako, Eñaut Elorrietak, Mac Mikel-ena Mursegok, eta Gitarra bat abestiarena, berriz, Anarik. Musikari guztiak gainontzekoek zer egin zuten entzuteko irrikan zirela ere kontatu du Kazalisek, «ez baitzekiten zer espero».

Aipatutako musikariez gain, Jose Luis Zumeta margolariak ere hartu du parte proiektu honetan, hark egin baitu diskoaren azala. Zumetak Urbietarekin harremana baduela kontatu du Berasaluzek.

Diskoa jada kalean bada ere, datorren asteartean herritarren aurrean aurkeztuko dute. Zarauzko Modelo Aretoan egingo dute ekitaldia, eta zuzeneko emanaldiak egongo direla aurreratu dute.

Urbietak entzuna du diskoa, eta «behin hasierako shocka pasata», emozioz beteta dagoela kontatu du Kazalisek. Zenbat eta gehiago entzun orduan eta gehiago gustatzen zaiola gaineratu du. «Irri bat oparitu nahi genion Manolori, eta negarrez aritu dela badakigu. Baina pozez betetako negarra izan da», kontatu du Berasaluzek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.