'Maitasun kapitala'

Bere maitale izandakoaren hiletan da Olga. Tesi bat zuzentzen ere badabil, andreei maitasuna bizitzaren erdian jartzen irakatsi zaien erei buruzkoa. Pertsonaien bizipenak eta artistek piztutako gogoetak josi ditu Karmele Jaiok 'Maitasun kapitala' nobelan

Karmele Jaio.
2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Ezohiko hileta da. Hildako bakarra dago, baina alargun asko: zure emaztea, lehen ilarako bankuan eserita; eta atzerago, leku hori guri dagokigula pentsatzen ari garen zenbait emakume.

Ez naiz ni eliza honetan alargun bat baino gehiago garela sentitzen ari den bakarra, ziur, baina gutxik pentsatuko dute bi baino gehiago ere izan gaitezkeela. Nik ere ez dut buruan halakorik izan gaur eliza honetan sartu arte, baina, hara, emakume batzuek negarrari eusteko duten modua ikusi dudanean, batzuen oinaze aurpegiak sumatzean, izpiritu santuak argituta bezala, garden ikusi dut bat-batean dena: zure sekretuak, zure iraganeko eta duela gutxira ar-teko abenturak... Zure amodioen eta desiren curriculum vitae bete-betea. Garbi ikusi dut zer ezkutatzen zuen gure harremanaren azken hatsean izan zenuen jarrerak. Bat-bateko desagertze haiek ulertu ditut, mugikorrera etengabe begiratzeko modu urduri hura, eta, batez ere, duela urtebete nigandik urruntzeko erabili zenituen izotzezko hitz haiek: Hobe dugu hemen uztea.

Emakume haietako baten bat ezaguna egiten zait, pixkanaka ari naiz puzzlearen piezak elkartzen, haiek ahokatzen, dena ulertzen; beste batzuk lehen aldiz ikusten ditut. Zurekin imajinatu ditut, zure alboan etzanda, biluzik, hotel batean edo zure pisu frankoan. Larrua jo ondoren olagarro baten moduan lotzen zaizkizu, beso eta hankekin, zure gorputza besarkada batean atxikitzen saiatzen dira. Baina zu handik ahalik eta azkarren altxatzeko gogoekin zaude, zure desioa ase eta gero.

Eta hemen elkartu gara guztiak orain, uneren batean pentsatu genuenak zure benetako maitalea, bakarra, egiazkoa ginela. Hemen gaude. Eta ez dakit eliza batean gaudelako miraria gertatzen ari den, edo azkenaldian ikasleekin maitasunari buruzko teoriaz irakurri dudanak gehiegizko eragina izan duen nigan, baina, haiei begira, une batez baretzen sentitu dut azken hamabi hilabeteetako mina, zu gabeko urte luze honetan urdaila itxi didan gorrotoa, eta, haren ordez, emakume guzti hauekiko mugarik gabeko elkartasun moduko bat sentitu dut, eta haiek besarkatzeko gogo saihetsezina.

Aldarearen azpian dagoen lore-koroak arrosa gorri-gorriekin adierazten du zure emaztearen eta seme-alaba nerabeen maitasuna: «Betirako gure bihotzetan. Zure familia». Haren alboan, lore zuriekin, Arrazola eraikuntza-enpresak sinatutako koroa, zure anaiak enkargatuko zuena: «Betiko gurekin, Martin. Zure lankide eta lagunak». Nirea falta da, edo hobe gurea, zure bizitzako emakumeena, bitamina-dosi bat bezala, osasuntsu eta indartsu sentitzeko behar izan bide dituzun maitaleena. Baina gu ikusezinak gara, baita zure hiletan ere.

Urtebete baino gehiago igaro da azken musua eman nizun egunetik. Azkena nik eman bainizun, eta zuk jaso, besterik ez. Mantso igaro da denbora ordutik, ez gure harremana bizirik zegoenean bezala, orduan dena baitzihoan azkar, azkarregi agian, istripuaren egunean zure autoak zeraman abiadura bertsuan.

Baina ez nioke istripu deitu behar. Bolantea pixka bat mugitzearekin nahikoa da eta. Eskumuturra eskuin aldera okertu eta kolpearen zain geratzea besterik ez da egin behar. Antzekoa gertatzen da pertsona bat zure bizitzatik kanporatu nahi duzunean, nahikoa da eskumuturra milimetro batzuk biratzea amets bat mila zatitan lehertzeko eta zure bizitzatik ateratzen duzun pertsona hori kolpe bortitz batekin hausteko. Horrela puskatu nintzen ni. Horrela lehertu zara zu orain.

Ez nuke horretaz pentsatu nahi, baina ezin dut apartatu galdera burutik. Nor izan ote zen buruan agertu zitzaizun pertsona kolpea hartu aurreko azken segundoetan. Hala ere, agian alferrik nabil, ez zelako beste inor agertu, zeure buruaren irudia baizik. Orduan ere, zu zeu erdian.

Bolante-kolpe bat. Nahikoa da. Horrela hil zara. Eta horrela erail zenuen gure harremana ere duela urtebete, bat-bateko norabide-aldaketa batekin. Hobe dugu hemen uztea, esan zenidan. Eta orduan ez nizun galdetu, baina galdetzeko gogoarekin geratu nintzen: Hemen, non? Zu zauden lekuan edo ni nagoen lekuan? Izan ere, bi leku oso desberdinetan geunden ordurako. Ni oraindik sartzen eta zu irteten, ate birakari batean sartuta bezala biok. Hala ere, hasieratik egon gara leku ezberdinetan, beti, elkar ezagutu aurretik ere, jaiotzean belarritako batzuk jarri zizkidatenetik segur aski, baina hori istorio luzea da kontatzeko, eta aurreiritzirik gabe entzun behar da.

Zergatik, galdetu nizun. Eta erantzun zenidan gurea ezinezkoa zela, ea ez al nintzen konturatzen. Inposible hitza erabili zenuen. Eta gogora ekarri zenituen zure seme-alabak, zure emaztea, nire senarra... Niretzat errazagoa omen zen umerik ez nuelako, hori ere aurpegiratu zenidan. Hitz gaizto haren silaba bakoitza iltzatu zitzaidan, banan-banan, urdailean: in-po-si-ble. Bat, bi, hiru eta lau labankada. Lau silaba zorrotzez erail ninduzun.

Luzaroan agertu zait zure ahotsa hitz hori ahoskatuz, edonon: nire izara artean, oheratzean; gosaltzean, mahai-zapiaren gaineko ogi apurren artean; klasea eman bitartean, leihotik ikusitako hegazkin baten arrasto zurian.

Erantzuteko gogoarekin geratu nintzen —beti geratzen nintzen zerbait esateko gogoz zurekin egon ondoren— urtebete lehenago ere, gurea hasi zenean, ezinezkoa zela. Baina ezintasun horren gainean besarkatu ginen, barre egin, larrua jo, gure hatzak lotu, azalak usaindu, laztandu... Egunero kontatu genion elkarri nola geunden, haserretu ginen, elkar gorrotatu eta elkar maitatu genuen gero berriz ere. Lau silaba zorrotz horien gainean (in-po-si-ble) maitasun sutsu bat bizi izan genuen. Maitasun ahaztezin bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.