2011. urtean, post-punk —azken batean post-den-dena— musika testuinguruan agertu zen Fat White Family talde probokatzailea Londresen. Handik 11 urtera, 2022an, Lias Saoudi abeslariak Ten Thousand Apologies: Fat White Family and the Miracle of Failure liburua (Hamar mila desenkusa: Fat White Family eta porrotaren miraria) argitaratu zuen Adelle Striperekin batera. Lau eskutara idatzitako (auto)biografia bat da. Ez da ohiko rock biografia bat: ez du errelato bakarra sortu nahi; drogek taldearen autosuntsiketari bide eman arren, ez dago erredentzio narraziorik. Estilo aldetik oso desberdinak diren atalak tartekatzen dira: Adelle Stripek hirugarren pertsonan idatzitako rock biografia da haietako bat, eta Lias Saoudik lehenengo pertsonan idatzitako literatur testu autobiografikoak dira bestea, zeinak letra etzanez bereizten diren. Egileek ez dute egiarik agintzen, bizitza kontatzearen iraganbideak gezurren beharra ere badaukalako. Adelle Stripe ez da itzalean liburu osoa idazten duen kontratupeko idazlea: bien proiektua da liburua. Eta Lias Saoudik idazle ofizioa ikasteko aukeratzat hartu zuen partekatutako egitasmoa. Elkarrizketetan aipatu izan du literaturan murgildu dela, haren iritziz rocka musikaren garaia bukatu delako eta industriak porrota onartzen ez duelako. Algoritmoak amatatu ditu musikaren aniztasuna eta sormena.
Lias Saoudi Slade Arte Eskolan ikasteko joan zen Londresa. Badirudi musikarako baino gaitasun handiagoa zuela pinturarako, baina, azkenean, ia istripuz sartu zen musikan. Batetik, arte giroko esnobismoa gorroto zuen, klase arrakala handiegia sumatzen baitzuen; bestetik, artista asko murgiltzen dira musikan: zerrenda oso luzea da. Batek bere burua artista izendatzea bada performance moduko bat, eta eszenak performatzeko aukera ematen du. Ikasle garaian, Egon Schiele zuen artista kuttuna, eta estetika hori eszenatokira eramaten hasi zen, bere gorputza mihise zuri gisa baliatuz. Saoudi zirraragarria da zuzenekoan.
Fat White Familyren ibilbidean bi taldekideren gatazka izan da giltzarri: Lias Saoudi eta Saul Adamczewskiren artekoa. John Lennonen eta Paul MCartneyren, Morriseyren eta Johnny Marren arteko gatazkak bezain epikoa izan da bien artekoa. Gorrotoa maitasuna bezain obsesiboa eta fidela da. Disko on askoren atzean maitasun-gorroto harremanak dira erregai.
Saul Adamczewskik ez du bere burua saldu nahi, autentikotasuna nahi du une oro, eta ironia fina da hori, Fat White Familyk ez baitu komertzial izateko arriskurik. Eta hori da liburuko gai nagusietakoa: helduaroak gaztaroari traizio egitera behartzen du norbera, eta oso nekeza da idealismo burugogorrari eusten dion lagun min hori bidelagun izatea bidezidor berrian. Ideia bat maitatzea beti da droga gogorra, eta hainbeste droga aipatzen diren liburu horretan drogarik gogorrena litzateke, ziur asko.
Fat White Familyren ibilbidean bi taldekideren gatazka izan da giltzarri: Lias Saoudi eta Saul Adamczewskiren artekoa
Bromance edota gizonen arteko erromantze bat ere bada liburua. Orrialderik ederrenak Sauli buruz idatzitakoak dira. Gaztaroko adiskidetasunaren gorazarre da liburua, izandakoaren ispilu ziren adiskideei buruzkoa. Amorantea abandonatzea bezain zaila da musika talde bat uztea eta, zailtasun horren ondorioz, hainbat irtenbide hartzen ditu kontuak. Bada ghosting-a egiterik, aio pelaio moduko bat, esate baterako David Byrnek Talking Heads-eko kideei egin ziena bezalakoa, eta bada eztanda atomikoa topatzerik ere, esate baterako, azken diskoa ekoiztean Fat White Family-ren autosuntsiketa kasuan gertatu bezala. Zantzu argiak (auto)biografian daude. Eta ez bakarrik Lias eta Saulen arteko maitasun-gorroto istorioan. Oasis taldeko Gallagher anaien artekoaren moduko lehiakortasuna izan baitzuten Fat White Familyko kide izandako Lias Saoudi eta Nathan Saoudi anaiek ere elkarren artean. Harremanak mozteko estilo desberdinak badira ere, geratzen den minak luze irauten du. Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka zinemagileen Itoiz: udako sesioak dokumentalaren hasieratik bizi-bizirik ikusten da aspaldiko mina. Iñigo Astizek honela dio dokumentalari buruz idatzitako erreportajean: «'Pixka bat sentitu nintzen traditua bezala', esaten du Arrabitek. Isilik eusten du dena Perezek, kristalaren beste aldean, eta esaldi bakarrarekin ebazten du egoera gero. 'Nekatuta geunden, Jimmy, nekatuta'».
Identitatea arakatzen
Familiarena ez da musika taldeek har dezaketen eredu bakarra; fabrika ere izan daitezke. Badirudi The Fall eta Fat White Familyren antolaketaren artean badagoela antzekotasunik, taldeak parte hartzen duten musikariak etengabe aldatuz dirauelako bi kasuetan. Fat White Family taldekoek betidanik miresten dute The Fall taldeko Mark E. Smith, eta euren heroia ezagutzeko aukera izan zutenean iskanbila potoloa izan zuten. Jakina da musika britaniarrak izan dituen harroputz handienetakoa zela Mark E. Smith, jarraitzaileekiko tratu txarrekoa, eta horretan Saouid anaiak ez ziren izan salbuespen. Tonua tragikomikoa da, beti da hala liburuan; umoreak leuntzen ditu bizipen lazgarriak.
Jatorri hibridoa du Saoudik, eta hitza da horren lekukotasuna aurkitzeko tresna harentzat. Familiari buruzko ataletan, nabari da idazle izateko nahia eta beharra bere identitatea arakatzetik datorkiola. Aita aljeriarra du, eta ama ingelesa; elkar ulertzen ez duten bi mundu, protestantea eta musulmana. Horrez gain, haurtzaroan eta gaztaroan alde batetik bestera ibili zen Saoudi familia: Irlandan, Ipar Irlandan eta Eskozian eman zituzten formazio urteak, etengabeko deserrotze eta birkokatze batean. Abeslariak Zaffar Kunial poeta indiar-ingelesa izan du konplize literatur ofizioa ikasteko orduan. Zaffar Kunialen poesiagintzan, etxerik ez dutenek etxea aurkitzeko bidea da hitza. Eta, hain zuzen, Kunialen eskutik argitaratu zuen Saoudik bere lehen poema, Poetry Birmingham aldizkarian.
Familiari buruzko ataletan, nabari da idazle izateko nahia eta beharra bere identitatea arakatzetik datorkiola
Julen Azpitartek Fat White Family taldearen Forgiveness Is Yours (2024) azken diskoaren harira zera zioen BERRIAn: «Hordialdi haluzinagarrian murgiltzea da disko honetara salto egitea, harrigarria bezain lanjerosa». Bertan, Today You Become a Man (Gaur gizon bihurtuko zara) spoken word estiloko piezan narratzen du anaia zaharrenak 5 urte zituela Aljeriako gune menditsuan anestesiarik gabe pairatu zuen zirkunzisio erritualistikoa. Kantuen hitzen gisa gailur horretara iristeko, Lias Saoudik bere bizitza idatzi behar zuen. Ulermen ariketa den (auto)biografian aitarekin izandako gatazken artean, erabat etsiturik, hau bota zion aitak: «Noiz izango zara gizon bat? Eros ezazu etxe bat. Ezin zaitezke betiko gazte izan. Ikasle bikaina zinen. Ingeniari izan zintezke… ni neu bezala!». Talka horien guztien erantzuna da Ten Thousand Apologies: Fat White Family and the Miracle of Failure (auto)biografia.