Maitasun amuak harrapatuta

Axut konpainia 'Amua' obra antzezten hasiko da berriz ere. Maitasuna abiapuntu gisa hartuz, eredu tradizionalaz gogoeta bultzatzea dute xede. Emanaldiez gain, material pedagogikoa ere prest dute

Manex Fuchs, Maite Larburu eta Ximun Fuchs, Amua antzezlanean. AINHOA RESANO.
Ainize Madariaga
Ziburu
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Zer da maitasuna? Zer da maitatzea? Sentimendua baizik ote da? Ekintza? Printze-printzesen ipuin klasikoetako errepresentazio sinplea hori dea? Bukaera uros estatiko dua? Erromantikoa dea? Sedukzioak badua maitasunik? Behar dea maitasunik? Bat eta bakarra dea? Axut antzerki konpainiaren Amua obrak harrotzen ditu galdera horiek oro eta haboro. Pandemiak obraren bira hilabete luzez gibelatu ondotik, Ipar Euskal Herrian lehen aldiz emanen dute publikoki, Ziburun (Lapurdi), maiatzaren 21ean, 19:00etan.

Ana, Txolarre eta Aitor elkartuko dira Iratiko etxola batean. Lehenaren maitale izandakoak dira biak, eta ez dute batak bertzearen etorreraren berririk. Hiruren arteko eztabaida mamitsuek beteko dute taula gaina, maitasunaz galdezka, filosofiaz beterik, gogoeta pizle. Maite Larburuk Anaren rola betetzen du; Ximun eta Manex Fuchsek, berriz, Aitorrena eta Txolarrerena.

Komedia sentimental politikoa jarri diote azpititulua; hiru hitzak bateragarriak direa? «Politika eta sentimendua lotzea ez da hain ohikoa, nahiz eta agerikoa izan elkarri eragiten diotela, eta norabide bikoitzean, gainera. Pandemia garai latz hauetan argiki ikusi da zenbat eragiten digun erabaki politiko batek», argitu du Ximun Fuchs Amua obraren zuzendari, idazle eta antzezleak.

Txiki-txikia bezain handia

Zein izari du maitasunak? Besoek har dezaketen baino proportzio handiagoa duela azpimarratu du Fuchsek: «Komunitate gisa biziraun eta biziraunen badugu, maitasunari esker izan eta izanen da: ez bakarrik bikote harremanean, laguntasunean, familian, enpatian... Zoriontzekoa da. Eta utopia asko dugu oraindik asmatzeko, elkarri errateko».

Axut konpainiaren ildo editorialak honako galdera hau ere planteatzen du: «Nola egingo dugu kexatzeko, maitatzeko, haserretzeko, oihukatzeko, iraintzeko eredurik ez badugu? Zerk sortuko ditu ereduak, arteak ez bada?». Preseski, Amua antzezlana Irati oihanean kokatu dute, natura eta kultura aurrez aurre ezartzeko gisan: «Erraten da maitasuna naturala dela, baina non ikasten dugu muxu ematen? Filmetan ikasten da: erabat kulturala da. Eta zein euskarri dugu euskaraz? Badugua gure hizkuntzan horretarako tresnarik? Bai: aski da ikustea euskal kantutegia zeinen aberatsa den».

Horregatik eman diote musikari hainbertzeko tokia, Maite Larburu musikariari esker. Baina ez da bakarrik soinu ekarle, baizik eta lehen aldikoz arizale lanetan ere badabil: «Maitek badu sekulako tokia obran. Kontrapuntua ere bada, beste toki batetik baitator, eta bere mundua ekartzen digu».

Hegoak ebaki banizkio

Maitasuna lotura bat dea?Estekatzeak askatasunik eza erran nahi dua? Badea maitasun aske posiblerik?Sufrimendu ekarle edo uxatzaile dea?

Galdera franko, baina arrapostuak are ugariagoak direla dirudi. Antzezlanaren idazketa lana akuilatu zuten Jakin aldizkarian euskal pentsalari feministek maitasunari buruz eginiko gogoetek. «Molde kolektiboan partekatzen dugu hain intimoa den zerbait. Uste dut poz zerbait eragiten diola publikoari. Leku gutitan aipatzen baita aipatzen duguna aipatzen dugun moldean. Alta, maitasuna galdekatze eternoa da, baina ez du erantzunik!», ohartarazi du Fuchsek.

Prototipoen kontrapuntua

Axut konpainiak badu arrangura berezia, ez baitu sorkuntza taula gainera mugatzen. Hezkuntza artistikoari garrantzi berezia ematen baitio. Amua obrak ere ez du hutsik egin. Arantxa Hirigoienarduratu da taldearen adar horretaz: antzezlanaren idazketan parte hartzeaz gain, irakasle eta ikasleei zuzendu material pedagogikoa prestatu du.

Tailerrak ere animatu ahal izan ditu pandemia garaian: «Sorkuntza tresna egokia da gaiez eztabaidatzeko». Preseski, Hirigoienen xedeetako bat da maitasunaren prototipoez gogoetatzea: «Maitasun erromantiko hori zer da? Mito hori? Zer da maitasuna? Nondik maitatzen da?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.