Alain Resnais zuzendaria hil zenetik, hilabete ez da pasatu, eta dagoeneko ailegatu da pantaila handira egin zuen azken filma: Aimer, boire et chanter. 2012an egin zuen Vous n'avez encore rien vu, eta haren agurra zela ematen zuenean, zinemagile beteranoak oraindik ere beste pelikula bati ekiteko indarra izan zuen.
Filma iazko Berlinalen aurkeztu zuten, eta han sari ofizialik ez zuen lortu; bai, ordea, kritikariek eman ohi duten Fipresci sari garrantzitsua. Ordurako, 91 urte beteak zituen Resnaisek, eta maisu handiei zor zaien errespetuz hartua izan zen pelikula Berlinen. Kritikariek jakin bazekiten hori izaten ahal zela frantziarraren azken lana, eta, besteak beste, adin horrekin erakusten zuen sasoia eta jakinduria nabarmendu zuten.
Behin maisua hil dela, are balio handiago hartzen du Aimer, boire et chanter filmaren estreinaldiak, Europako zinema garaikideak izan duen egilerik inportanteenetako baten azken lana baita. Bere azken pelikulen ildotik, antzerkigintzari asko zor dion film bat egin du Resnaisek, komedia eta drama uztartuz, azken emaitzari ukitu arina emanez. 2006ko Coeurs-en egin zuen moduan, Alan Ayckbourn idazlearen antzezlan batean oinarritu zen zuzendaria.
Horrez gain, bere ibilbide zinematografikoan ohikoak izan diren bidelagunak izan zituen alboan bere azken pelikulan ere. Horrela, Aimer, boire et chanter-en Sabine Azema, Andre Dussolier eta Hippolyte Girardot hartu dute parte, besteak beste.
Istorioa Ingalaterrako landa eremuan dago girotuta, Yorkshiren hain zuzen. Bertan dauden hiru bikoteek udaberritik udazkenera izango dituzten aldaketak ezagutuko ditugu. Izan ere, haietako batek, George Ripleyk, oso portaera bitxia du, eta gainerako lagunak harrituta daude harekin.
Dena argituko da akats baten ondorioz, eta gaixotasun larria duela jakinen dute. Hilabete gutxi gelditzen zaizkio. Lagunetako bi antzerki lan amateur bat prestatzen ari dira, eta Georgeri haiekin aritzeko aukera eskainiko diote. Harek gogo onez onartuko du, antzezlanak bere lehen amodiotik gertuago egoteko aukera emanen diolako.
Bien bitartean, Tamara eta Monica aspaldiko lagunek ez dakite gaixotasunaren albisteari nola aurre egin. Lagunen artean desadostasunak sortzen hasiko dira, denek uste baitute beraiek dakitela zer den Georgeren azken hilabetetarako onena.
Esperimentazioaren bidetik
Alan Resnais artearen inguruko hainbat film laburrekin eman zen ezagutzera Frantzian. 1948an Van Goghen inguruan egin zuen lanak zeresan handia eman zuen, eta argi erakutsi zuen gerora zinemagileak esperimentaziorako garatuko zuen joera. Berehala,Chris Markerrekin jarri zen harremanetan, eta elkarlan horretatik sortu zen Resnaisen lehen dokumental garrantzitsua, Nuit et brouillard.
1959. urtean egin zuen bere lehen fikziozko filma, Marguerite Duras idazlearen gidoia zuen Hiroshima, mon amour drama erromantikoa. Filma belaunaldi oso baten ikono bihurtuko zen.
Antzeko zerbait gertatuko zen haren hurrengo pelikularekin, L'année dernière à Marieband surrealista eta onirikoarekin. Pelikulak Veneziako Zinemaldiko Urrezko Lehoia jaso zuen, eta berehala ezinbesteko erreferentzia bihurtu zen garaiko eta etorkizuneko zinemagileentzat.
Hortik aurrera, esperimentazioaren eta konpromiso politikoaren ildotik segitu zuen bere filmografia osatzen, garai bakoitzeko moda eta joerekin askorik kezkatu gabe: Muriel; La guerre est finie; Je t'aime, je t'aime... Amodioarekiko kezka beti egon zen oso presente haren film guztietan. 1997an, berriz, On connaît la chanson film musikala egin eta arrakasta nabarmena lortu zuen. Hortik aurrera, etapa berri batean sartu zen haren filmografia; errepresentazioaren gaineko kezkak berriro ere toki nabarmena hartu zuen, baina hori agertzeko modua arintasun batez jantzi zuen Resnaisek.
'AIMER, BOIRE ETA CHANTER'
Zuzendaria: Alain Resnais.
Aktoreak:Sabine Azema, Andre Dussollier, Michel Vuillermoz, Hippolyte Girardot, Sandrine Kiberlain, Caroline Silhol.
Herrialdea:Frantzia.
Urtea:2013.
Iraupena:108 minutu.
Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Zinema
Maisu baten agurra
'Aimer, boire et chanter' estreinatuko dute, Alain Resnais zinemagile hil berriak egin zuen azken filma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu