Mailukada bat orainari

'Bilbon dabil Gabriel Aresti' izenburupean, poetaren lanari balioa emateko egitarau zabala antolatu du larunbaterako Loraldia jaialdiak

Gabriel Aresti, bere adiskide Angel Ortiz Alfau bilbotarrarekin. BERRIA.
Miren Mujika Telleria.
2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Gabriel Arestiren Harri eta herri olerkia abiapuntutzat hartuta osatu du Bilboko Loraldia jaialdiak aurtengo leloa: Mailua gara!. «Esanen dute hau poesia eztela, baina nik esanen diet poesia mailu bat dela», idatzi zuen Arestik. Eta, hain zuzen, metafora hori baliatu du egitasmoak bere asmoa azaltzeko: «Gu ere mailuak gara, eta, kolpez kolpe, gure unibertsoa zizelkatu nahi dugu, sormenaren eta kultur adierazpenaren bitartez». Gaur hasiko da jaialdia, eta diziplina ugaritako 150 sortzaile inguru bilduko ditu martxoaren 26ra arte.

Ikusi gehiago:Amaia Ozerin: «Loraldia euskal kulturaren erreferente bilakatzea nahi dugu»

Hain zuzen ere, aurtengo leloari keinu eginez, Bilbon dabil Gabriel Aresti izendatu duten eguna antolatu dute larunbat honetarako Karmelo Landak eta Gabriel Aresti kultur elkarteak. Poetaren obra Bilbo erdiguneraino eramatea da egun horren asmoa. Hala azaldu du Landak: «Bilbo Euskal Herrian kokatu nahi du larunbateko egitasmoak».

Egun osorako egitaraua antolatu dute horretarako, hiru jardueratan banatuta. Ibaizabalen itsasadarrean bisita gidatu bat egingo dute lehendabizi itsasontziz, Landaren eta Xabier Monasterioren eskutik. Goizeko hamarretan abiatuko dira, Barroeta Aldamar kaletik; hain justu, Aresti bizi zen lekutik. Poetarekin harremana izan zuten txoko batzuk bisitatuko dituzte nabigazio horretan; besteak beste, San Antoneko zubiaren ingurua, Zorrotzako portua eta udaletxe parean dagoen Oteizaren eskultura. «Poemak eta paisaiak tartekatuko dira ibilbide emozional honetan», azaldu du Landak.

Bilboko Kafe Antzokian egingo dute bigarren jarduera; eguerditik arratsaldeko bostetara bitartean. «Bazkari-ikuskizun bat izango da», aurreratu du Landak. Hainbat sortzailek hartuko du parte ekitaldi horretan Landarekin eta Monasteriorekin batera: Aire ahizpek, Ines Osinagak, Mikel Inunek, Mikel Martinezek, Miren Amurizak eta Sonia Gonzalezek. «Aresti gaur egungo garai garaikideetara ekarriko dugu, bere poesiaren mailukada eman dezan. Gurekin bizi da egun, eta hori ospatuko dugu hainbat sortzaileren eskutik».

Otxarkoaga auzoan amaituko da larunbateko egitaraua. Izan ere, Landak azaldu du lotura handia zuela poetak auzo horrekin. Hark idatzitako Jainkoa jaio zen Otxarkoagan ipuina abiapuntu duen ikus-entzunezko bat proiektatuko dute auzoko eraikin baten horman, iluntzean. «Emanaldi xumea izango da, hamabost bat minutukoa. Otxarkoagako neska bi azalduko dira proiekzio horretan, eta lehengo eta oraingo Bilbo izango dute mintzagai». Bideoak gogoetarako bide emango duela gaineratu du Landak.

Programazio horrez gainera, egunak izango ditu beste zenbait une berezi. «Sorpresa ugari izango dira egunean zehar, eta uste dut bertaratuko direnen gustukoak izango direla».

Aresti, «oso presente»

Aspaldi hildako idazle batez ari bada ere, orainaldia darabil Landak: «Izan zen, baina oraindik bada. Gabriel Aresti eta hark egindako ekarpena oso bizirik daude Bilbon». Oso bizirik iraun du, orobat, idazlearen garaiko Bilboren zati batek ere. «Toki arrotza da oraindik euskaldun batentzat; euskaldun bezala bizitzeko ezinezko tokia da. Erakutsi nahi dugu Bilbo euskalduna izan zela, eta jendeak Euskal Herrian koka dezala nahi dugu». Haren hitzetan, Arestik lan handia egin zuen horretan: «Euskaldunen autokontzientzia islatu zuen Bilbon».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.