Maileguak eman duena

Arte Eder museoak 269 obra erosi ditu 2002tik hona, sei milioi euroren truke; Oteizaren 'Itziar' eskuratu du berriki

Juan Aranoaren Elisa Aretxabaletaren erretratua dohaintzan jaso du Arte Eder museoak. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Jorge Oteizaren Itziar eskultura, Antonio Ortiz de Echagueren Bazkaria Mamoiadan margolana, Francisco Durrioren San Kosme eskultura eta Dario de Regoyosen Emakume espainiarra akuafortea eskuratuta, artelanak erosteko zeuzkan sei milioi euroak agortu ditu Arte Eder museoak. Bederatzi urte eta erdian, 269 ederlan erosi ditu Bilboko pinakotekak, BBVAk emandako maileguaren bidez. Interesak ez kobratzearen truke, museoaren patronatuan toki bat izan du banketxeak, urteotan. Aurki ekingo diote finantzabide eredu berria negoziatzeari. Baina Javier Biar Arte Eder museoko zuzendariak uste du orain artean indarrean izan denaren «berdintsua» izango dela. Edo horretan ahaleginduko dira, behinik behin.

«Pozik» agertu da Biar museoak 2002tik gaurdaino erositako obrekin. «Bilboko Arte Eder museoaren irudia indartzen lagundu dute», zuzendariaren iritziz. Mailegu horren bitartez bestela eskuratu ezingo lituzketen lanak lortu dituztela uste du. Eduardo Txillidaren Dardarazko burdinak II lanarengatik 580.000 euro ordaindu zituen museoak 2003an. Eta, Biarrek dioenez, «pieza horren antzekoak bi eta hiru milioi eurorengatik saldu ziren handik gutxira». Azken urteotan museoak erositako lanik garestienetan bigarrena Kitajen Hispanista baten erretratua margolana da. 515.000 euro pagatu zituen.

Halaber, Jacques Lipchitzen Figura eseria eskulturarengatik 352.000 euro ordaindu zituen Arte Ederrek. Eta erosketa horren ondorioz, Lipchitz fundazioak museoari igeltsuzko bost pieza dohaintzan eman zizkion. Erosketek dohaintzak areagotu egin dituztela azaldu du Biarrek. Izan ere, bederatzi urte hauetan, 2.916 obra jaso ditu museoak. «Horren ondorioz, museoaren ondarea hamabi milioi euroan baino gehiagoan aberastu da», Biarren arabera.

Berriki Picassoren Tauromakia bildumako hiru urmargo jaso ditu, baita Jose Arrueren Artzain bat marrazkia ere. Juan Aranoaren Elisa Aretxabaletaren erretratua margolana ere eman dio bildumagile batek museoari, Javier Urkijoren izenik gabeko beste koadro batekin batera.

Oteizak 1947an Buenos Airesen egin zuen Itziar zementuzko eskulturarengatik 138. 040 euro ordaindu ditu Arte Eder museoak. Eta arabar jatorriko Ortiz de Echague mexikarraren Bazkaria Mamoiadan margolana 37.500 euroan eskuratu du. Durrioren San Kosme igeltsuzko eskulturarengatik 30.000 euro pagatu ditu. Merkeagoa izan da Dario de Regoyosen akuafortea: 1.000 euro balio zuen.

Jakina denez, Arte Eder museoak aspalditik dauzka toki arazoak bilduma erakusteko, eta, ondorioz, ezingo ditu ikusgai jarri azkenaldian eskuratutako ederlan guztiak. Oteiza, Durrio eta Echagueren lanak baino ez ditu jarriko. Oraingoz, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.