BBK Live

Maila bat gorago

Stromae eta The Killers taldeen emanaldiekin, gau handietako itxura berreskuratu du Kobetamendik. Nogenek eta Chill Mafiak ere beren proposamenak defendatu dituzte milaka zaleren aurrean.

Lori Meyers taldearen kontzertua, atzo, Bilboko BBK Live jaialdian. ARITZ LOIOLA / FOKU
2022ko uztailaren 9a
15:53
Entzun

Jendetza batu da Bilboko Kobetamendin BBK Live musika jaialdiaren bigarren jardunaldian, eta, dozenaka taldek kontzertuak eskaini arren, egunak bi izar nagusi izan zituen: Stromae eta The Killers. The Killersek ezagutzen zituzten Kobetamendi eta Bilbo lehendik ere. 2017an, 40.000 lagunen aurrean eman zuten kontzertua, eta aurtengoan ere jendetza batu zuten. Etxerako lanak eginda etorri ziren oraingoan ere. Badakite publikoak haien hit ezagunenak entzun gura dituela, eta hori eskaini zieten. When You Were Young hasteagaz batera jarri zuten kantuan Kobetamendi; milaka eztarri urratu arte kantuan jartzeko moduko abesti sorta dute Las Vegasekoek (AEB), eta Brandon Flowers abeslariak badaki, gainera, nola lortu hori. Euskararekin ere ausartu zen pasarte batzuetan; «bi urte hauek zelan eraman dituzue?», galdetu zien ikusleei, besteak beste. «Gabon, Bilbo, bizirik gaude!» ozen baten ostean, Jenny Was a Friend of Mine eta Smile Like You Mean It abestiekin jarraitu zuen festak. Duela ia hogei urtekoak izan arren (Hot Fuss diskoa 2004an kaleratu zuten, eta Sam's Town, 2006an), abesti klasiko horiek izan zuten harrerarik beroena, kantu berriagoek zaleak poztu zituzten arren.

Ordu berean, Iruñeko Arrotxapeko Chill Mafiak festa itzela sortu zuen Txikia oholtzan. Milaka zaleren aurrean beren lotsagabekeria erakutsi zuten, baina baita festarako gogoa piztu ere. No se k me pasa, 31014, Mañaneo eta Barkhatu bezalako abestiekin beren publikoa badutela erakutsi zuten, eta zale berriak ere poltsikoratu zituzten. Arratsaldean, Nogen gipuzkoarrak aritu ziren taula nagusian. Ane Negueruela abeslari berriagaz ematen ari diren lehen kontzertuetako bat izan zen. Besteak beste, Zeri begira hartu nahi duzu lo? eta Enarak abestiak jo zituzten. Ordu berean, Verde Prato tolosarrak emanaldi bat egin zuen, Txikia agertokian.

Egiak dantzan

Zortzi urte zeramatzan Stromae belgikarrak (Paul van Haver, izenez) disko berririk kaleratu barik, eta agertokietatik urrunduta. Racine Carrée (2013) argitaratu ostean lorturiko arrakastaren ostean erabaki zuen atzerapauso hori ematea, arrakasta eta lan karga kudeatzeko zailtasunengatik. Hain zuzen ere, aurten atera duen Multitude diskoan depresioaz eta osasun mentalaz abestu du, besteak beste. Kontzertuaren zutoina bi disko horiek izan ziren, batez ere. L'enfer abestian, adibidez, bere buruaz beste egiteko izandako tentaldiez abesten du; argi joko eta bideo irudi indartsuen laguntzagaz, infernu horretan murgildu zuen ikuslea ere. Hori izan zen kontzertuaren joera, gutxi gorabehera.

Erritmo oso dantzagarriekin jendea saltoka jarri bitartean, egungo gizartearen eta bizi ereduaren aurkako ukabilkadak diren egiak botatzen ditu Stromaek mikrofonotik. Ironia handiagaz, kritika zorrotza dira bere berbak, eta mainstream musikan jorratzen ez diren gai asko ukitzen ditu: aitatasunaren B aldea (C'est que du bonheur), eta klasismoa eta langileen zapalkuntza (Santé), adibidez. Emanaldiko unerik gordinenetako bat Quand c'est? abestia izan zen. Minbiziari abestu zion bertan: «Cancer, cancer, dis-moi quand c’est? Cancer, cancer, qui est le prochain?» (Minbizi, minbizi, noiz izango da? Minbizi, minbizi, nor izango da hurrena?), bideo irudien bidez iluntasunak literalki irensten zuen bitartean. Artista zintzoa da belgikarra, eta egungo problematika sozialak pertsonifikatu eta abesti dantzagarri bilakatzen dituen maisua ere bai. Alors on danse klasikoagaz Kobetamendi lehertu ostean, a capella berezi batekin itxi zuen emanaldi gogoangarria. Ikusleei isiltzeko, txalorik ez egiteko eskatuta, Mon amour interpretatu zuen lau musikarien laguntzagaz.

Bomba Estero kolonbiarrek ederki berotu zuten giroa Stromaeren emanaldirako. Soinua baxutxo egotea ez zen arazo izan Ojitos lindos, To My Love eta Fuego abesti ezagunekin milaka lagun dantzan jartzeko.

Bilbo ezagutzeko aukera

Musikazale askok goizak Bilbo ezagutzeko baliatzen dituzte; hirian turismoa egin, alde zaharrera joan, eta zerbait jateko aprobetxatzen dute, baita Bereziak zikloko kontzertuak ikusteko ere. Testuinguru horretan jo zuten, besteak beste, Merina Gris gipuzkoarrek. Arazo tekniko batzuengatik berandu hasi arren, gozatua hartu zuten bertara joandakoek.

Asteburua izanik, eguenean baino jende gehiago joan zen Kobetamendira, eta autobus zerbitzuan ere igarri zen hori, EITBren eraikinari itzulia ematen baitzion ilarak; igoera oinez egitea erabaki zuten dozenaka lagunek.

Barikuan ere musika gosez zeuden ikusleak, eta aukera hori bikain baliatu zuten Lori Meyerseko kideek; milaka zale zituztela, kontzertu ona eskaini zuten, rock eta indie doinuak uztartuz. Kontzertu amaiera aldera, Jordi Evole kazetari kataluniar ezaguna haiekin igo zen oholtzara, kanta bat abestera. Kontzertu arteko zirkulazioa eguenekoa baino korapilatsuagoa izan zen jendetzagatik, eta jende pilaketak izan ziren. Goiztiarrenek Supergrass aurreragotik ikusteko aukera izan zuten, gero jende gehiago bildu baitzen. Britainiarrek ukitu rockeroagoa eman zioten zuzenean beren pop eskaintzari, eta sasoiko daudela erakutsi zuten, pozik, ostera BBK Liven egoteagatik.

Zapatuko izen handiena Kolonbiatik dator. J Balvinek reggaeton doinuz beteko ditu Kobetamendiko landak. Gainera, Pet Shop Boys, Nathy Peluso eta Slowthai arituko dira gaur, besteak beste. Ezpalak gipuzkoarrak izango dira lehenengo taldeetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.