Deitura bakar baten itzalpean sei lagun batzen ditu Behe Bandak: Irati Oskoz Egiguren (Astigarraga, Gipuzkoa, 2005), Irati Fernandez de Okariz Irureta (Gasteiz, 2004), Maddi Agirre Epelde (Gasteiz, 2005), Harri Diaz de Heredia Matanzas (Gasteiz, 2004), Irati Larrañaga Etxebarria (Bilbo, 2004) eta June Aiestaran Iparragirre (Beasain, Gipuzkoa, 2006).
Ez ziren salaketarako-edo elkartu, baina aldarri gisa uler liteke bandaren jaiotza bera, literatura sistemak hutsuneak baititu, eta horietako bat bederen nabarmena da, sei kideen ikuspegitik. Agirre: «18 urtera arte lan txikiak idazten dituzu, horretan trebea zarelako, irakasleak ere hori bera esan dizulako, eta gustuko duzulako. Gero, 18 urte bete, eta bat-batean amildegia dago». Amildegia da, kasurako, sariketetara edo beka deialdietara jo beharra, eta «idazle kontsakratuekin lehiatzea, esperientziarik izan gabe». Amildegia da, gainera, hori guztia «denbora luzea eskatzen duten proiektu neketsuen bidez» egin beharra, literaturaren munduan sarrera bat izango badute. Diaz de Herediaren hitzak dira azken horiek, baina taldeko edonorenak izan zitezkeen. Hain zuzen, uste horrek eragindako ezinegonak jarri zituen martxan, 2022an, Urruzuno lehiaketako irabazleen egonaldia elkarrekin pasatu zutenean, Arantzako aterpetxean (Nafarroa). 14 eta 18 urte arteko gazteei zuzendua da Urruzuno; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen du urtero.
Arantzan egon eta gero, pare bat hitzordu lotu zituzten berriro elkartzeko, eta berehala identifikatu zituzten beharrak: gune bat nahi zuten eskola gisa funtzionatzeko, garaikideen testuak irakurtzeko, elkarrekin idazteko, kritika egiatiak jasotzeko eta batak besteari laguntzeko; baina baita kolektiboan sortzeko ere, lehiatzen aritu behar izan gabe.
B-tik Behe-ra
Asmoak banda forma hartu zuen. Euskal Herrian bada tradiziorik horretarako, eta egokiena iruditu omen zitzaien. Bandak, ordea, izen aproposa behar, eta Agirrek piztu zuen txinparta: «Ideia zaparradan ari ginela, B banda bota nuen. Sonoritatea gustatu egin zitzaigun, eta, halako batean, ez dakit nola, Behe Banda atera zen». Momentu hura «magikoa» izan zela nabarmendu du Agirrek, bete-betean asmatzea bezalatsu izan zelako: «Literaturaren panoraman behe-behean eta isolatuta ikusten genuen gure burua; sentitzen genuen inork ez gintuela ezagutzen, eta zerbait idatziko bagenu inork ez lukeela irakurriko». Behean esanda, baina ez bedi uler azpian.
«Literaturaren panoraman behe-behean eta isolatuta ikusten genuen gure burua; sentitzen genuen inork ez gintuela ezagutzen, eta zerbait idatziko bagenu inork ez lukeela irakurriko»
MADDI AGIRREBehe Bandako kidea
Behe Bandan egiten duten talde lana aurrera egiteko bidea da, Oskozen aburuz: «Bakoitza zein puntutan dagoen badakigu, eta oso ongi egin diezaiokegu jarraipena elkarri». Baita bermea ere. Fernandez de Okarizentzat, berriz, babesa da: «Bakarrik argitaratzeak beldur handiagoa ematen du; nik esan dezaket nire testu bat kaka hutsa dela, baina inoiz ez dut esango Behe Bandaren testu bat kaka hutsa denik, nahiz eta nirea izan».
Erritmoa
Aiestaranen ustez, erronkak neurrikoa eta norberaren ahalei egokitua izan behar du. Batxilergoa bukatu berri du, eta poliki joan nahi izan du orain arte: «Azken hilabeteetan jarrera aktiboagoa hartu dut, eta hasi naiz gauzatxoak egiten. Halere, denbora zor diot neure buruari, eta erritmo aproposa».
Diaz de Herediak erritmoari ez ezik bideari berari ere ematen dio garrantzia: «Ez dut ezer zehatzik bilatzen. Noizbait argitaratu nahiko nuke, baina ez da orain desio dudana, eta are gutxiago Behe Bandatik kanpo». Diaz de Herediari disfrutatzeko motiboa eta literaturan aritzeko aitzakia ematen dizkio taldeak; bestela eskura izango ez lukeena egin dezake, hartara. Argi utzi du baina: «Badut helbururik, baina ez helmugarik».
Orain arte urratutako bidean, bi aldizkari plazaratu ditu Behe Bandak: Behe eta Omen. Eskuz esku idatzi, narratiban sakondu, eta beste baliabide bisual batzuekin ere aritu dira bi horietan, eta zenbait genero landu dituzte. Larrañaga: «Nork bere begiko generoa du, eta aldizkariek balio izan digute erosotasun horretatik irteteko eta idazmolde berriak probatzeko». Larrañagak, esaterako, poesia izan du erronka, aldizkarietan parte hartzen hasi aurretik sekula idatzi gabea zelako. Horri esker, gustu hartu dio.
«Nork bere begiko generoa du, eta aldizkariek balio izan digute erosotasun horretatik irteteko eta idazmolde berriak probatzeko»
IRATI LARRAÑAGABehe Bandako kidea
Zutabeak
Oskozek, bereziki irudiari helduta, arreta berezia eskaintzen dio esperimentazioari: «Munduan posizionatzeko toki bat eta begiratzeko modu bat lantzea garrantzitsua da nire kasuan». Ildo horretatik, leiho tematiko eta estilistiko berri batetik ari dira Argia astekarian, 2024ko udan zutabeak idazteko gonbita jaso zutenez geroztik.
Erronka horrek, kolektiboan lan egiteak dakartzan baldintzez gain, hausnarketarako puntuak zehaztu dizkie Behe Bandako kideei; nagusiki, nori zuzenduta idatzi eta zertaz aritu. Jardunari ardura handiz heldu diotela dio Oskozek: «Kontziente ginen aukera probestu behar genuela eguneroko gaietan esku hartzeko».
Gaiei dagokienez, «denetarikoak, alternatiboak, espero ez direnak» hautatu dituztela aipatu du Larrañagak. Gehixeago zehaztu du Oskozek: «Sistema kapitalistan nagusitzen diren gaiak landu ditugu, baina ez geure burua konpentsatzeko edo terapia lana egiteko, baizik eta zerbait sortzeko». Besteak beste, arrazakeriaz, belaunaldien arteko hausturaz eta hezkuntza sistemaz idatzi dute elkarrekin.
Hirugarren aldizkaria
Garapen bizkorra izan du Bandak, eta hala behar zuen. Eskuz eginiko aldizkari batekin ekin zioten bideari, eta hirugarrena lantzen ari dira orain. Tartean, webgunea, sare sozialak, postalak eta bestelakoak heldu dira. Jada ez daude horren behean. Oskoz: «Hasieratik konturatu ginen zenbaki bakoitzak gure hurrengo fasea errazteko baldintzak jarri beharko zituela».
Lehenengo argitalpenean eskarmentu falta nabaria dela iritzi dio Oskozek. Agirrek, berriz, zutabeak idazteak eragin nabarmena izan duela: «Hain sinbolikoak izan zitezkeen ideiak zuzenago esaten lagundu digu, baita ausartagoak edo polemikoagoak izan daitezkeen gaiak lantzen ere». Hurrengo zenbakiaren izenburuan ere antzemango da eboluzioa; batetik, ez delako hain tematikoa izango, eta, bestetik, kideetako bakoitzak askatasun handiagoa izango duelako berean sakontzeko.
Orain arte sortutako material guztia, zutabeak eta aldizkariak barne, Fernandez de Okarizek sortutako webgunean dago (www.behebanda.eus).
Gazteen etsenplu
Agirreren ustez, gazteei bide berriak irekitzeko aukera eskaintzen du Behe Bandak: «Literatura tresna gisa ulertzen dugu, eta, horretarako, beharrezkoa da merkatuari lotuta ez egotea. Egiazko literatura egin dezakegula iruditzen zaigu». Euskal literatura kritika beharrean dela uste dute Diaz de Herediak eta Fernandez de Okarizek; baita Oskozek ere: «Gizarteko fenomenoak lantzen diren arren, ez dago horiek gainditzeko asmorik, erosotasuna da nagusi; ematen du euskal literaturak bere burua kontsolatzeko balio behar duela, eta ez bere burua gainditzeko».
«Zerbaiten hazia» jarri dutelakoan daude Behe Bandakoak, besteak beste, Izanen Gazte Aldizkaria sortu zelako Urruzunon, haiek Arantzako egonaldia egin eta hurrengo urtean.
«Gizarteko fenomenoak lantzen diren arren, ez dago horiek gainditzeko asmorik; ematen du euskal literaturak bere burua kontsolatzeko balio behar duela, eta ez bere burua gainditzeko»
IRATI OSKOZBehe Bandako kidea