Maider Arregi Markuleta nagusitu da Señora sariketako hirugarren aldian. Bilboko eta Erratzuko (Nafarroa) kanporaketen ondotik, gaur arratsaldean jokatu dute finala, Oñatiko (Gipuzkoa) Verduri Hall gaztelekuan. Iruri Altzerrekak Bihotz saria jaso du. «Gaurko saioan bihotza gehien uzkurtu diguna izan da», esan dute antolatzaileek.
Arregiz gainera, beste bost bertsolari aritu dira kantuan: Iruri Altzerreka Martinez, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Eli Zaldua Barquin, Eli Pagola Apezetxea eta Janire Arrizabalaga Munduate. Arregi eta Txoperena sailkatu dira buruz burukora, eta, azkenean, Arregik jantzi du pamela. Ainhoa Larretxea aritu da gai jartzaile lanetan.
Irakurri gehiago: «Emakume indartsu bat da 'señora' bat»
Sariketaren harira, egun osorako egitarau prestatu dute antolatzaileek. Karro poteoa egin dute eguerdian, ondoren bazkaria, eta finalaren ostean Alu zikinak eta DJ Bines Katiko arituko dira gaztetxean.
Emakumeei zein identitate azpiratuei ikusgaitasuna emateko asmoz sortu zen sariketa, eta hirugarrena izan da aurtengoa. Ane Labakak irabazi zuen iazko ekitaldia, eta Amaia Agirrek aurrenekoa.
Bizkaiko Eskolarteko finala, gaur
Gaur goizean jokatu dira Bizkaiko eskolarteko bertso idatzien finala eta bat-bateko finala, Gernika-Lumoko (Bizkaia) Astran. Goizeko 10:00etan 200 parte hartzaile batu dira idatzizko finala jokatzeko, eta haren ostean jokatu da bat-batekoa: Haizea Telleria izan da txapeldun.
Zortziko handian eta txikian ofiziotan egin dute gazteek eta, ostean, bakarka erantzun behar izan diote gaiari. Telleria eta Ixone Asategi sailkatu dira buruz burukora, eta biak sailkatu dira Euskal Herriko Eskolarteko finalerako. Ekainaren 3an jokatuko da, Iurretan (Bizkaia).