Amaitu berri da Azpeitian Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako zazpigarren eta azken saioa. Maider Arregik lortu du puntu gehien: 489,5, hain zuzen. Haren ondoren sailkatu dira Asier Azpiroz (489,5), Haizea Arana (484,5), Aitor Tatiegi (469,5), Maialen Akizu (457,5) eta German Urteaga (423,5)
Gaurko saioaren ostean argitu da jada final-laurdenetan lehiatuko diren bertsolarien zerrenda. Urriaren 19tik azaroaren 3ra bitarte izango dira saioak —bost saio orotara—. Final-zortzirenetako saio bakoitzeko irabazleak zuzenean lortu du hurrengo fasera pasatzea, eta sailkapenaren araberako hamazazpi onenekin batera joango dira. Andoni Rekondo, Amaia Iturriotz, Oihana Arana, Eli Pagola, Eneritz Artetxe, Aitor Salegi dira, Arregirekin batera, zuzenean sailkatutakoak. Sailkapen bidez fase berriari ekingo diotenak, ordea, honako hauek dira, hurrenez hurren: Asier Azpiroz, Unai Mendizabal, Haizea Arana, Aratz Igartzabal, Iñigo Gorostazu, Aner Peritz, Aitor Tatiegi, Oier Etxeberria, Manu Goiogana, Unai Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Iñigo Mantzisidor, Eneko Araiztegi, Beñat Iguaran, Iñaki Apalategi eta Jon Gurrutxaga. Horiez gain, 2019ko txapelketako finalera sailkatutako beste sei bertsolari ere arituko dira: Agin Laburu, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Ane Labaka, Oihana Iguaran eta Nerea Elustondo. Guztira 30 bertsolari.
Eibarko Coliseo antzokian izango da lehen saioa, datorren urriaren 19an. Bertan arituko dira Agin Laburu, Alaia Martin, Haizea Arana, Aratz Igartzabal, Manu Goiogana eta Eneko Araiztegi. Hurrengo egunean, urriaren 20an, Errenterian izango da saioa. Beñat Gaztelumendi, Oihana Arana, Aitor Salegi, Iñigo Gorostazu, Unai Gaztelumendi eta Beñat Iguaran lehiatuko dira Lekuona Fabrikan.
Final-laurdenetako bigarren txanda urriaren 26an eta 27an izango da. Lehenengoa Azkoitiko Baztartxo antzokian jokatuko da. Haritz Alberdi gai jartzailearen gaiei erantzunez, Ane Labaka, Eli Pagola, Asier Azpiroz, Unai Mendizabal, Oier Etxeberria, eta Maialen Akizu ibiliko dira. Bigarrena, aldiz, Irunen izango da, Ficoban. Oihana Iguaranen, Amaia Iturriotzen, Aner Peritzen, Eñaut Martikorenaren, Iñaki Apalategiren eta Eneritz Artetxeren txanda izango da saio horretan.
Azken saioa Tolosako Leidorren izango da. Bertan izango da Nerea Elustondo, Andoni Rekondorekin, Maider Arregirekin, Aitor Tatiegirekin, Iñigo Mantzisidorrekin eta Jon Gurrutxagarekin batera. Bost saioetako bertsolaririk onenak finalaurrekoetarako sailkatuko dira zuzenean. Gainerako hamahiru bertsolariak sailkapenaren arabera puntuaziorik onena dutenak izango dira —18 partaide arituko dira—. Azaroaren 17 eta 24an; eta abenduaren 1ean izango dira saioak. Finala, berriz, abenduaren 6an izango da, Donostiako Illunben. Saio guztietarako sarrerak, bertsosarrerak.eus webgunean daude eskuragarri.
final-laurdenak
- Urriak 19. Eibar.
- Urriak 20. Errenteria.
- Urriak 26. Azkoitia.
- Urriak 27. Irun.
- Azaroak 3. Tolosa.
finalaurrekoak
- Azaroak 17. Oiartzun.
- Azaroak 24. Zarautz.
- Abenduak 1. Arrasate.
finala
- Abenduak 6. Donostia.