Maiatz argitaletxeak Idiarten eta Mutiozabalen liburuak argitaratu ditu

Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Sarako Idazleen Biltzarra aitzin aurkeztu du Maiatz argitaletxeak udaberriko bere uzta: euskarazko proposamenetan Xan Idiarten Nostalgia ez da salgai ipuin bilduma eta Aritz Mutiozabalen Zetakak poesia bilduma atera ditu. Frantsesez, berriz, Axularren Gero liburuaren frantsesezko itzulpena —Xabi Castorenek egina— eta Gaby Etxebarneren Ma vie à leurs côtés autobiografia. Sarako Biltzarrean topatzen ahal dira lanak. Lucien Etxezaharreta argitaletxeko arduradunak azaldu du Maiatzentzat euskaraz idatziriko obrek toki garrantzitsu bat dutela, baita euskararen eta euskal munduaren kontakizuna egiten duten obrek ere.

Nostalgia ez da salgai ez da Idiarten lehenengo ipuin bilduma; lehena 2021ean argitaratu zuen, Elkar argitaletxearekin: Teresaren mendekua. Zortzi ipuinek osatzen dute lan berria. «Halako umore beltz batekin kontatzen du gure mundua», azaldu du Etxezaharretak. Gai anitz jorratzen ditu ipuinetan Idiartek: «Nahas-mahas handi bat da, baina beti halako alde beltz bat dute, gure munduaren oihartzuna nolabait erakusten dute». Idazlearen «zinemazaletasuna» agertzen da, adibidez. «Zinemagile baten ikuspuntutik Sharon Tate aktorearentzako film bat asmatzen du» ipuinetako batean, eta aktore berak ilustratzen du liburuaren azala. Izenburua, berriz, lehen ipuinetik dator. «Bertan, Sarako Biltzarrean nostalgia baizik ez dela saltzen kontatzen du etsiturik idazleak», azaldu du Etxezaharretak. «Erreferentzia kultural anitz daude liburuan, eta euskara batu eder batean idatzia da», borobildu du.

Poesia lanak argitaratu izan ditu orain arte Aritz Mutiozabal idazle eta kazetari zarauztarrak (Gipuzkoa). Etxezaharretaren arabera, «oso poesia landu bat bezala ikusten ahal da» haren lana. Jada laugarren liburua du Maiatz argitaletxean, Gorren dantzalekua (2013) eta Hutsartea (2016) poesia liburuak, eta Piztiak (2019) narrazio bilduma argitaratu baititu aurretik. Etxezaharretaren ustez, poesia «zaila» da azaltzen, eta liburuan «gogoeta sarkorrak» irakurtzen ahal dira. Jendeak poesiari dion «beldurra» gainditzea espero du.

Klasiko bat, frantsesez

Euskal literaturaren mugarrietako bat, Axularren Gero, frantsesera eraman du Castorenek, hamar urteko lana eskatu diona. «Lan zaila da, eta lotsa asko kendu dizkit;gai sentitu behar da hori egiteko». Testuak fede izaera ere badu, Axularren obra ez da horretara bakarrik mugatu behar, idazleak erreferentzia kultural ugari sartu zituelako: «Badira Antzinaroko aipamenak, Erdi Arokoak, Errenazimentukoak... horrek testua biziki aberatsa egiten du».

Ofizioz liburutegi bateko zuzendaria eta kontserbatzailea da Castorene. Horrek itzulpenerako tresnak erabiltzen lagundu dio, numerizazioaren bidez gaur egun testuaren edukia hartzea lortzen baitute; beraz, bilaketa bat egitean testuaren egiazko jatorria aurkitu daiteke. «Batzuetan jatorrizko testua egiaztatu ahal izan dut; beste batzuetan, aldaketa txiki batzuk atzeman ditut, eta hori ere erabilgarria da testua ulertzeko». Beretzat esperientzia biziki aberasgarria izan da. «Aukera eman dit idazle handi baten urratsetan ibiltzeko, haren testu eta pertsonalitatea sakonki ezagutzeko».

«Denok ezagutzen dugu Axular, baina leitzea beste lan bat da», azaldu du Etxezaharretak. Hala ere, oroitarazi du Manuel Lekuonak Gero liburuaren bertsio bat egin zuela euskara modernizatuan, 1950 agertua Euskaltzaindiaren «babespean». Itzulpenaren helburua da, frantses hiztunek euskararen aberastasuna ikusteaz gain, euskaldunei euskarazko bertsioa irakurtzeko gogoa piztea, Etxezaharretaren aburuz. Dirulaguntzarik gabe egin den lana dela azpimarratu du, eta ehun ale inprimatu dituztela.

Frantsesez ere, Gaby Etxebarneren Ma vie à leurs côtés autobiografia aurkeztu du Maiatzek. Idazleak haren bizitza kontatzen du liburuan. Etxebarne komentuan sartu zen, moja izateko xedez, eta mundu osoan bidaiatu serora bezala. Autobiografian elizarekin ukan gatazka kontatzen du, eta, horregatik, moja izateari utzi ziola. «Emazte librea izateko nahia sentitzen da liburuan», azaldu du Etxezaharretak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.