'Maiatz' aldizkariaren 35. urteurrena gogoratu dute

Agerkariak 63 zenbakitan bete ditu bere 35 urteak; aldizkariarekin batera, 137 liburu ditu argitaratu elkarteak, eta, urteotan guztietan, orotara, 227 idazleren lanak dituzte plazara ekarri Maiatz proiektuari esker.

Piarres Aintziart eta Lucien Etxezaharretak gogoratu zuten Maiatz-ek egin bidea, atzo, biltzarraren solas gunean. N. A. LETE.
Nora Arbelbide Lete.
Sara
2017ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Sara lagunen gune baten gisa ikusten du Lucien Etxezaharreta idazleak, Maiatz aldizkariaren eta izen bereko argitaletxearen arduradunak. Hortaz, urteko ekitaldi garrantzitsua, «liburuak lagunen lagunek erosten» baitituzte, haren hitzetan, familiez gain; «tirada txikiekin bizi gara», zehaztu zuen. Hau da, 150-500 ale. Eta Saran, zirkulu horiek franko presente zaizkio: «Euskaltzale anitz aurkitzen baitira, guretako memento inportantea da».

Garai berezia, beraz, aldizkariaren 35. urteurrena ospatzeko. Eta, bide batez, gibelera begiratzeko. 35 urteak begiratzea, «lan luze bati begiratzea» dela zeritzon Etxezaharretak. Piarres Aintziart Euskaltzaleen Biltzarreko arduradunak ere gogoratu zuen egin lan hori, biltzarrean antolatu literatur solasetarako espazioan. Izan ere, Euskaltzaleen Biltzarrak Maiatzen bidean 1982-1990 liburua argitaratu du berriki. Horrek balio izan zuen aldizkariaren lan mardulaz ohartzeko ere.

Funtsean, biltzarrean bertan zortzi autorerekin etorria zen aldizkari-argitaletxea. Orotara, bederatzi berrikuntzarekin. Horien artean, Itxaro Borda idazlearen Odolak su gabe diraki antzerkia; haren lehen antzezlan publikatua. Honela azaldu zuen mamia: «Zer egiten dugun ETA banda terroristaren herentziarekin. Nola pasatzen garen horren barnetik harreman berri batzuk sortzeko gure artean». Beste berritasunen artean ziren Pierre Mestroten Bihotz ebatsiak polizia eleberria, Garapena gelditu Xipri Arbelbideren saioa eta Basaburuko altxorrak Mikel Hiribarrenen kronika bilduma.

Tirada txikietan agian, baina egin lana eta egiten ari dena ez dela txikia ohartzeko balio izan zuen tarteak: «63 zenbakitan, urte horiek bete ditugu nolabait. Eta bistan da, liburuekin ere bai». Etxezaharreta kontalari: «137 liburu, orotara». Guztira, 227 idazleren lanak izan dira argitaratuak. «Horrela konta daitezke gauzak». Edo bestela ere bai: «Pixkanaka hasi ginen, eta gero eta autore gehiago hurbildu ziren guregana. Bada euskaraz argitaratzeko gogo bat handitzen ari dena. Dibertsitate bat ere bada. Euskal Herrian gauza asko egiten dira literatura mailan, eta hori ere marka ona da», poztu zen.

«Mundu kontserbadore batean ibiltzen zen euskal literaturari bide berriak eman behar zizkiola»; ideia horrekin abiatu zirela oroitu zuen Etxezaharretak. «Euskal Herri idiliko bat bagenuen denek gure inguruan. Turismoa, masa handi batean bezala, gure eskualdera heldu zen. Euskara galtzen ari zen. Giro horretan nahi genuen Euskal Herriari eskaini idatzi mundu bat. Aipatuko zituenak neke bat. Hiria. Beti Euskal Herri baserritar bat agertzen baitzen. Euskal Herri bat bortizkeria jasaten zuena. Min zuena. Etsipena ere bere gain zuena». Bazuten ere «euskararen maitasuna», azpimarratu zuen Etxezaharretak. Hots giro horretan «mundu berri bati buruz» ari ziren gazte batzuk zirela azaldu zuen, irria ezpainetan: «gazte guztiek bezala», uste zutela «mundua berekin hasten dela». 35 urte berantago aitzinekoei begira «jarraipen» bat badela argitu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.