Musika

Mahler, Donostian berriro

Mahlerren zortzigarren sinfonia interpretatuko dute bihar 400 musikarik, Donostiako Kursaalean. Euskal Herriko zein nazioarteko zenbait orkestrak, abesbatzak eta bakarlarik hartuko dute parte

2005eko kontzertu bat, Kursaaleko auditoriumean. JUANTXO EGAÑA / FOKU.
Nagore Garmendia Artano
Donostia
2023ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Donostiako Musika Hamabostaldia ezaugarri askorengatik da ezagun; formatu handiko kontzertu sinfoniko koralak egiten direlako, besteak beste. Bihar, 20:00etan, Gustav Mahlerren zortzigarren sinfonia interpretatuko dute 400 musikari inguruk Kursaaleko auditoriumean. Euskal Herriko bi orkestrak, lau abesbatzak eta Euskal Herriko zein nazioarteko zortzi bakarlarik parte hartuko dute, Robert Treviñoren zuzendaritzapean.

Mila musikarien sinfonia ere esaten zaio pieza horri. 1910ean estreinatu zen, Mahlerren beraren zuzendaritzapean, Munichen. Gertakari handia izan zen hura, garai hartako intelektual asko bertaratu baitziren konpositorearen obra aditzera.

Bi zatitan dago bereizita pieza, eta, hargatik, bi sinfonia direla esan ohi da. Zati bakoitzak literatura testu bana du oinarrian: lehen atala, esaterako, Veni Creator Spiritus latinezko ereserkian oinarritzen da, eta, bigarrena, berriz, Goetheren Fausto drama epiko alemaniarrean. Hala, alderdi sakroa eta profanoa partitura berean elkartu zituen Mahlerrek. Maitasunari gorazarre egitea eta publikoa emozionatzea zen konpositorearen nahia obra sortu zuenean.

Ez da Musika Hamabostaldian Mahlerren sinfonia hori interpretatzen den lehendabiziko aldia. Izan ere, 2005ean ere interpretatu zen. Victor Pablo Perezek zuzendu zituen orduan Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Galiziako Orkestra Gaztea, Donostiako Orfeoia, Andra Mari abesbatza eta Easo Eskolania, baita beste zortzi bakarlari ere.

Treviñoren batutak aginduko du biharko kontzertuan. Berezitzat du Mahlerren pieza hori, eta, haren hitzetan, «ez da lan erraza» hainbeste musikari zuzentzea. Gogorarazi du, halaber, «Euskal Herriko bi orkestra garrantzitsutako kideek» emango diotela bizia piezari: Euskadiko Orkestrak eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak, hain zuzen. 1982az geroztik, Euskadiko Orkestrak urtero eskaintzen du kontzertua Musika Hamabostaldian. Hamarkada batzuk pasatu dira, baina, Nafarroako Orkestra azkenekoz egon zenetik. Aurten ariko dira lehen aldiz elkarrekin bi talde sinfonikoak.

«Haurridetasuna» oholtzan

Bi orkestrek, gainera, lau abesbatza izango dituzte lagun oholtzan: Donostiako Orfeoia, Iruñeko Orfeoia, Easo Eskolania eta Easo Gazte abesbatza. Donostiako eta Iruñeko orfeoietako zuzendariak, Jon Urdapilleta eta Igor Ijurra, hurrenez hurren, pozik azaldu dira oholtza partekatzeko aukera dutelako. Mahlerren zortzigarrena interpretatu ahal izatea «plazera» eta «ohore handia» dela esan dute musikariek; «eta are gehiago, etxean», Urdapilletak.

«Kontzertu honek erakusten du Euskal Herrian zer egiteko gai diren eta zer maila dagoen», adierazi du Treviñok. Bat dator harekin Ijurra: «Ez da kontu makala gure lurraldean Mahlerren zortzigarrena egiteko gai izatea»

Easo Eskolania eta Easo Gazte abesbatzari esker, haurrek ere parte hartuko dute biharko kontzertuan, eta, euren zuzendari Gorka Mirandak adierazi duenez, biharko kontzertua «kristoren aukera» da eurentzat.

Zortzi bakarlariren ahotsek borobilduko dute ikuskizuna: Sarah Wegener, Mojca Erdmann eta Miren Urbieta-Vega sopranoek, Justina Gringyte eta Claudia Huckle mezzosopranoek, Aj Glueckert tenorrak, Jose Antonio Lopez baritonoak eta Mikhail Petrenko baxuak. Lopezek adierazi duenez, «zorte handia» da Mahler interpretatu ahal izatea, eta obra horren garrantzia nabarmendu du: «Mahlerren zortzigarrena egin ahal izatea zerutik pixka bat gehiago irabaztea da».

Emozioz beterik daude artistak, eta zorioneko sentitzen dira «dena batzen duen» sinfonia hau interpretatzeko aukera eman dietelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.