Durangoko 59. Azoka

Mahaien beste aldera heltzen den berotasuna

Edizio jendetsu baten irudia utzi du aurtengo azokak, eta kulturazaleen erantzuna ona izan den sentipena dute erakusmahaietan egon direnek. Gaur itxiko ditu ateak.

Jendea Landakoko korridoreetan barrena, atzo, Durangoko 59. Azokan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jendea Landakoko korridoreetan barrena, atzo, Durangoko 59. Azokan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Durango
2024ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

Jendea korridoreetan barrena aurrera eta atzera, etengabe, ia momentu oro. Baita kanpoan aterki ilara luzeak marraztuz ere, Landakora sartzeko zain. Eraikinak barrualdeko bi hegaletan dituen balkoietatik behera begiratuta, irudi horixe utzi du Durangoko 59. Azokak. Jendetsu joan den edizio batena. Hala iruditu zaie, inpresioez galdetuta, eta azokak ateak ixteko egun bat falta dela, erakusmahaien beste aldean izan diren idazle, musikari, editore eta argitaletxeetako kideei, oro har. Izango da, datuak eskuetan, balorazio sosegatuagoak egiteko denbora, baina gehienek sumatu dute bisitarien berotasuna heldu zaiela mahaietara, eta, alde horretatik, gustura daude oro har aurtengo azokak utzitakoarekin.

Beste urte batez, diskoz inguratuta eman ditu azoka egunak Andres Kamio Jitu Elkar argitaletxeko musika arduradunak, eta aurtengo martxaren sentipen ona zuen larunbat goizean. «Esango nuke urte ona izan dela; eguraldia txarra izan arren, jendea animatu da. Pena izan da, hainbeste jende etorrita, edukiera kontuengatik kanpoan geratu behar izatea, baina jendearen erantzuna oso ona izan da. Lehen egunetik, gainera; esango nuke ez nuela inoiz hainbeste gazte ikusi hemendik bueltaka». Ikasle Eguneko salmentak ez dira inoiz onenak izaten, baina halere, Elkarren musikaren salmahaira ugari hurbildu ziren gazteak lehen egunean, merkeagoak diren funtseko diskoen bila bereziki, Kamioren hitzetan. Nobedadeei dagokienean ere, datu zehatzak esku artean izan gabe ere, «sentsazio oso ona» zuen. Eta detaile bat ere aipatu zuen: «Urtero gero eta binilo gehiago ekartzen ditugu, eta urtero gero eta gehiago saltzen ari gara». Fermin Muguruza azokan izan zen tartea ere nabarmendu zuen Elkarreko arduradunak momentu berezi gisara. «Eromena izan zen. Eta oso pozik joan ginen biok etxera jendeak erakutsi zion babesa ikusita. Badago harreman berezi bat hemen baino sortzen ez dena».

Azokak egun bat gutxiago izanik, aurten ez dela ia jenderik gabeko tarterik izan iruditu zaio Koldo Otamendi Musika Zuzenean proiektuaren arduradunari. Hastapenetako helburuari eusten dio egitasmoak: «Azokan egon nahi duenari zubi bat jartzea bertan egon ahal izateko». Zein talderen lanak izango diren eskuragarri ezagutarazteko aurrelan handia egiten dutela azaldu zuen, eta bertan zer topatuko duen jakinda joan dela jende gehiena haienera. Ahotsenean lanak zuzenean aurkezten dituzten kasuetan, gainera, sumatzen dute «kolpetxo bat» salmahaian gero. Aurten, 66 disko izan dituzte, «inoizko gehien», eta bi arrazoi ikusten ditu Otamendik horren atzean: «Batetik, autoekoizpenak gora egin du; eta, bestetik, autoekoiztea errazagoa da gaur egun duela urte batzuk baino. Eta hori salmahaietan ere nabaritzen da». Izan ere, urtetik urtera, gero eta gehiago dira azokan beren salmahai propioa jartzen duten taldeak. «Eta ez bakarrik talde handi edo ezagunak; proposamen txiki pila bat dago, salmenta datuetatik harago azoka erakusleiho bat ere badelako».

(ID_14494987) (Andoni Canellada/@FOKU) 2024-12-07, Durango. Durangoko Azoka
Zetak taldeko Pello Reparaz, zale bati diskoa sinatzen, atzo, azokan. ANDONI CANELLADA / FOKU

Salmahai propioa jarri duten taldeetako bat izan da Zea Mays aurten ere. Elektrizitatea (Gor, 2000) diskoak mende laurdena bete duela ospatzeko, remasterizatuta eta izen bereko kantuaren bertsio berezi batekin plazaratu dute, eta nobedade horrexekin izan dira azokan. Zaleek lanari egin dioten harrerarekin eskertuta zegoen Aiora Renteria abeslaria atzo goizean. «Uste dut ekarri ditugun diskoak gaur eguerdirako bukatu egingo direla. Beraz, oso pozik gaude. Harrera hau ikusita gehiago atera beharko ditugu». Eta eskertuta jendearen hitz goxoekin ere. «Jendea hitz egitera etortzen da, eta maitasun handia hartzen dugu; beraz, disfrutatzen ari gara».

Bi erakusmahai harago zeuden Jon Basaguren eta Libe Garcia de Kortazar musikariak; lehen aldiz, Alde ilunA zigilupean aurkeztu dituzte beren lanak azokan, eta mahaiaren gainean zituzten aurten plazaratutako Liberen Azala ezten eta Izaki Gardenak-en Orube diskoak, nahiz Pasadena proiektuaren izen bereko albuma ere, 2021ekoa. Lan horiek bertan topatuko zituztela jakinda hurbildu zaizkie bisitari gehienak. «Ilusioa egiten du ikustea jendeak oraindik formatu fisikoa baloratzen duela, eta biniloak ere oraindik pila bat eramaten dituztela». Laster, urte berriarekin ekingo diete zuzenekoei, eta haiei buruz ere galdetu die jendeak. 

Idazleak eta editoreak

Irribarre zabalarekin egiten zien harrera Itxaso Martin idazleak literaturazaleei atzo eguerdian, Erein argitaletxearen mahaiaren bestaldetik. Urtero izaten da bera ere Durangon, baina Puntobobo bere nobela berria eraman du hara aurten, eta, beraz, desberdina izan zaio bisita. Sortzaile gisa, eskertzen du azokak eskaintzen ahal diena. «Barruan duzun hori kanpora atera eta gero, hemen aukera dugu irakurleekin kontaktu bat izateko eta ikusteko ea zer erreakzio pizten dituen. Eta hori berezia da». Hilabete baino ez da liburua plazaratu zuela, eta orain arte jaso dituen iritziekin oso pozik dago; baita oraindik irakurri ez dutenengan azokan sumatu duen jakin-minarekin ere. Bisitariei dagokienez, gainerako elkarrizketatuen antzeko inpresioa izan du berak ere. «Ostiralekoa eromena izan zen, jende pila bat zebilen, eta jende dezente dabil gaur ere [atzo]; pozgarria da».

Denetariko jendea sumatu du aurten ere Garazi Arrula editoreak Txalaparta argitaletxearen mahaiaren bestaldean. Eta denetariko liburuak izaten dituzte haiek salmahaian. «Batzuk zer nahi duten jakinda etortzen dira, eta beste batzuk begiratzera. Noski, begiratzea, jende asko dagoenean, zailagoa da». Lehen eguna «ahulago» joan zela iruditu zitzaion berari, baina herenegun bildutako jendearekin hori nolabait «orekatu» zela zioen, eta atzoko eguna antzera joatea espero zuen eguerdi partean.

Haur literaturako lanen alboan zen bera atzo, eta harrera ona izaten ari zirela zioen. «Haur literatura asko mugitzen da, eta jendeak denetarik eramaten du, ez da azken nobedadearen bila etortzen, helduenarekin bezala. Halere, hori dute ona azokek, funtsa ateratzen duzula eta liburu zaharrak ere saltzen direla tantaka». Beste joera bat ere sumatu du azken urteotan editoreak, aurten berretsi zaiena, haren hitzetan: «Gehien saldutako hamar tituluetatik, zortzi-edo euskaraz direla, eta gurean behintzat lehen ez zen horrela».

(ID_14493785) (Aritz Loiola/@FOKU) 2024-12-06, Durango. Durangoko Azoka
Uxue Alberdi idazlea ere irakurleekin hizketan aritu da egunotan, Susaren erakusmahaiaren beste aldean. ARITZ LOIOLA / FOKU

Gerediagaren esker ona

Gerediaga elkarteak gaur egingo du azokaren balorazio osoagoa, baina atzo bertan lehen inpresio batzuk eman zituen Beñat Gaztelurrutia elkarteko kudeatzaileak. Batetik, adierazi zuen hilabeteak daramatzatela azoka antolatzen eta kulturazaleei hurbiltzeko dei egiten. «Erantzun egin duten sentipena dugu, jende asko egon delako egunotan. Horrek hunkitu egiten gaitu, eta eskertuta gaude».

Alde positibo hori nabarmenduta ere, gaineratu zuen badakitela «askorentzat bisita ez zela erosoa izan» ostiralean. Gainez egin zuen azokak egun hartan. «Etorri zineten, asko etorri zineten gainera, eta egoera ahal izan genuen modura kudeatu genuen». Onartu zuenez, atzerapenak izan ziren Landakora gerturatzeko autobusetan, eta aipatu zituen bertara sartzeko ilara luzeak ere. «Badakigu, hurrengo urteetarako, non daukagun zer hobetua». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.