Afarietan, elkartzearen poztasuna zenbait gairen inguruko eztabaidekin eta mundua ulertzeko askotariko ikuspegiekin nahasten da. James Joycek XX. mende hasierako Irlandaren argazki gisa irudikatu zuen Dublindarrak liburuko Morken andreen etxeko afaria. Ia ehun urte geroago, istorio hori antzezlan bihurtu du Ados konpainiak, eta plazaratzen dituen eztabaidak inoiz baino gaurkotasun handiagoa dutela adierazi du Garbi Losada zuzendariak. Hilaren 26an estreinatuko dute lana, Bilboko Arriaga antzokian.
Dublindarrak liburuan, Joycek XX. mende hasierako Dublin irudikatzen du, hamabost istorio laburretan. Independentzia aurreko urteetan, Irlanda mundu zaharraren eta berriaren artean zegoen, eta askotariko ideologia politikoek, erlijioak eta balio zaharrei eusteko borrokak sortutako paralisia deskribatu nahi izan zuen idazleak. Liburuan egin zuen Irlandako gizartearen irudikapena literaturako lanik ezagunenetakoa bihurtu zen. Hala ere, antzerkirako oso moldaketa gutxi izan ditu. Garbi Losadak bere gain hartu du erronka.
Losadaren moldaketak liburuko istoriorik ezagunena du ardatz: Hilak. Antzezlanaren istorioa Dublinen girotuta dago, 1904. urteko Errege egunean. Egun horretako afaria aitzakiatzat hartuta, hainbat gai eta ikuspuntu ekarriko dituzte pertsonaiek mahai gainera: tradizioa, berritasuna, balore zaharrak, erlijioa, abertzaletasuna, emakumearen rola... Labur esanda: Joyceren liburuan bezala, mundu zaharraren eta berriaren arteko borroka izango da obraren ardatza.
«Baliagarria iruditu zitzaigun gaur egunera ekartzea mundu zaharra hil gabe eta berria jaio gabe zegoen unea», azaldu du Jose Antonio Vitoriak. Ekoizleak Losadarekin batera egin du Joyceren liburuaren moldaketa. Antzezlaneko kontakizun nagusiari liburuko beste istorioetan agertzen diren pertsonaien nahi eta kezken zertzeladak gehitu dizkiote. «Are gehiago zaildu du horrek egokitzapena», aitortu du Vitoriak.
Egokitzapenaz ez ezik, eszenografiaz ere arduratu dira Vitoria eta Losada. Zuzendariak azaldu duenez, eszenografia minimalista da, «pertsonaiei mugitzen uzteko», baina adierazi du XX. mende hasierako jantziak mantendu dituztela. Testua euskaratzeaz, berriz, zuzendaria eta haren ahizpa Bego Losada arduratu dira. «Lanaren estetikarekin bat egiteko, euskara oso poetikoa erabili dugu», adierazi du Losadak. Joyceren «esentzia» mantentzen saiatu badira ere, argi utzi du «euskara ulergarria» dela taula gainean adituko dena.
Gertu sentitzeko istorioa
Zaharraren eta berriaren arteko borroka pertsonaien bidez garatzen da. «Zortzi pertsonaietatik, ikusten da zeintzuek segitzen dioten tradizioaren bideari eta zeintzuek uzten duten albo batera», azaldu du Asier Hormaza aktoreak. Hormazaz gain, Iñake Irastorza, Klara Mendizabal, Asier Sota, Naiara Arnedo, Aitor Beltran, Isidoro Fernandez eta Lierni Fresnedo arituko dira taula gainean.
Pertsonaia bakoitzak garai hartako ikuspegi politikoa edo bizitza ulertzeko modu batzuk ordezkatzen ditu antzezlanean. Esaterako, Hormaza Gabriel Conroy izango da, tradizioaren sostengua; Iñake Irastorza, berriz, Julia izeba, amaitzear dagoen kultura eta balioen irudikapena; Klara Mendizabal, Marie Jane, familiaren jarraipena ikuspegi berri batetik bideratu nahi duena; eta Asier Sota, Freddy, familiari arazoak baino sortzen ez dizkion errepublikazalea eta mozkorra.
Familia gizartearen metafora dela azaldu du Sotak: «Bakoitzak bere partida jokatzen du, eta Freddyren eginbeharra iraultza irudikatzea da. Iraultzetan bezala, pasioa, gozotasuna eta biolentzia nahasten dira pertsonaia beraren baitan. Horregatik, Freddy zaindu egin behar da, iraultza zaindu behar den bezala: gozotasunetik eta pasiotik, biolentziara jauzi egin ez dezan».
Antzezlaneko gorabeherak XX. mende hasierako Dublingo familia burges baten etxean gertatzen badira ere, aktoreek eta zuzendariek berretsi dute indarrean daudela egun taula gainean landutako gaiak. «Denok izaten ditugu familia afariak, eta beti azaleratzen dira politika, harremanak edo bizitza antolatzeko moduen inguruko eztabaidak», adierazi du Hormazak. «Ikusleek beren buruak islatuta ikusiko dituzte pertsonaietan, edo eztabaidatuko diren askotariko gaietan».
Politika eta gai sozialak
Losadak Euskal Herriaren eta Irlandaren arteko lotura ere nabarmendu nahi izan du: «Euskaldunok ondo ezagutzen ditugu mahaiaren inguruko eztabaida politikoak». Zuzendariak gogora ekarri du azkenaldian berriz azaleratu direla eztabaidok. Eztabaida politikoak, ordea, ez dira istorioaren ardatz nagusia. Losadaren berbetan, nazionalismoaren inguruko eztabaidaz gain, beste hainbat gai sozial lantzen dira. Esaterako, emakumearen rola eta sufragismoaren auzia ere landu dituzte, Joyceren liburuko beste istorio batetik hartutako pertsonaia baten bitartez.
Eztabaidak eta ikuspuntu kontrajarriak dira, beraz, istorioaren ardatza. Bi munduren arteko borrokaren erakusle. Arriagan taularatuko den kontakizuna XX. mende hasierako Dublinen dago girotua, eta garai hartako gertakari sozial eta politikoen inguruan jardungo du. Hala ere, ikusleek, ezinbestean, egun bizi dutenaren oihartzuna adituko dute Joyceren klasikoaren egokitzapenean.
[youtube]https://youtu.be/PN3lIXaGjC4[/youtube]
Mahai inguruko lehiak
Ados konpainiak James Joyceren 'Dublindarrak' liburuan oinarritutako antzezlana estreinatuko du hilaren 26an, Bilboko Arriagan. Garbi Losadak zuzendu du lana. Bideoa albiste amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu