Maggie Smith aktorea hil da, 89 urterekin

Dozenaka pelikulatan agertu zen Smith 60 urteko ibilbidean. 'Downton Abbey' eta 'Harry Potter'-en pelikuletan egindako interpretazioengatik lortu zuen arrakasta handiena.

Maggie Smith, Minerva McGonagall irakaslearen paperean. BERRIA
Maggie Smith, Minerva McGonagall irakaslearen rolean. BERRIA
urko iridoy alzelai
2024ko irailaren 27a
17:15
Entzun

Aurpegi ezaguna da Maggie Smith aktorearena (Londres, 1934 - Londres, 2024). Minerva McGonagall irakaslearen rola jokatu zuen, esaterako, Harry Potter zinema saga sonatuan, eta Grathameko kondesa ere izan zen Downtown Abbey telesailean. 60 urteko ibilbide oparo baten bi mugarri baino ez dira horiek, ordea. Oxford unibertsitatean egin zituen arte dramatikoko ikasketak, eta hortik aurrera hasi zen oholtza gainean lanean. Antzerkian nagusiki. Erresuma Batuko Antzerki Nazionalean Shakespeareren Twelfth Night lanarekin egin zuen estreinaldia, 1950eko hamarkadan, eta handik urte gutxira, 1958an, zinemara egin zuen jauzi. Nowhere to Go izan zen haren lehen filma, eta harri esker, bere ibilbideko lehen izendapena lortu zuen, artista berriari emandako BAFTA sariarekin. 89 urterekin hil da, familiak adierazi duenez; egunsentian, Londreseko Chelsea and Westminster ospitalean.

Umore britainiarra izan zen haren aktore izaeraren oinarri handietako bat. Umore britainiarraren dama ere deitzen zioten horregatik.

Bi Oscar eta beste hamaika sari

Hainbatetan egin zuen emakume kontrolatzaile, dotore eta eszentrikoaren rola. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan arrakasta handia lortu zuen aktoreak, besteak beste The Honey Pot,Travels with My Aunt eta California Suit pelikulei esker. Arrakastaz harago, bi hamarkada haietan lau aldiz izendatu zuten Oscar sarietarako. Bi irabazi zituen: emakumezko aktorerik onenarena (1969) eta taldeko emakumezko aktorerik onenarena (1979). Bi Oscarrez gain, zazpi BAFTA sari, hiru Emmy sari eta hiru Urrezko Globo irabazi zituen, gehienak emakumezko aktorerik onenaren eta taldeko emakumezko aktorerik onenaren sailetan.

67 urterekin Harry Potterren pelikuletan parte hartzeko aukera sortu zitzaion. Hogwarts eskolako Minerva McGonagall irakaslea interpretatu zuen aktoreak, eta, ondorioz, sagako pelikula guztietan agertu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.