«Zentsuraren atzapar luzeak» gaitzetsi ditu Hika teatro konpainiak, amorruz. Kideek salatu dutenez, «zentsuratu» egin diete martxoan Madrilen egitekoa zuten emanaldi bat: Tarara ikuskizuna da. Zehazki, Moralzarzal udalerrian aritzekoak ziren, martxoaren 16an, eta, hain justu ere, hango udalak utzi du bertan behera emanaldia; PP eta Vox alderdiak daude agintean.
Konpainiak sare sozialen bitartez egin du salaketa, eta nabarmendu erabakia «arrazoi politikoengatik» harturikoa dela. Gainera, Hikak adierazi du udalak ez diela inolako azalpenik eman. Are gehiago: abisatu ere ez diete egin, eta, konpainiakoek egiaztatu dutenez, emanaldia urtarril bukaeratik zegoen programaziotik kanpo. «Ez dute guri jakinarazteko duintasunik ere izan». Diotenez, ikuskizuna ekainetik zegoen lotua, Platea programaren bitartez, eta «konpromiso gutun bat» sinatu zuten orduan bi aldeek —konpainiak eta Moralzarzalgo Udalak—. «Ezer gutxirako balio izan du», kritikatu du Hikak, eta zera gaineratu: «Zentsura stop. Batzuei gustatu ala ez, antzerkia egiten jarraituko dugu, gure sormena eta ahotsa ez dituzte isilaraziko».
Thrillerra eta poetika nahasten ditu Tarara obrak (2022). Josi Alvarado da egilea, eta Agurtzane Intxaurraga zuzendaria. Aktore taldean, berriz, honakoak daude: Kepa Errasti, Tania Fornieles, Jurdana Otxoa, Jose Cruz Gurrutxaga, Iñar Sastre eta Itziar Ituño.
Hika teatroak nabarmendu duenez, Moralzarzalgo Udalak ez du inolako informaziorik eman ikuskizuna bertan behera uzteko erabakiaren gainean. Konpainiakoek «arrazoi politikoak» aipatu dituztenez, ordea, susmoa zabaldu da erabakiak ez ote duen zerikusirik izan Ituñoren presentziarekin. Izan ere, haren kontrako kanpaina bat abiatu zuten urtarril erdialdean. Aktore horrek Bilbon Sarek antolatutako manifestazioan parte hartu ondotik piztu zen, zehazki, eta, besteak beste, Euskal Herriko BMWren saltokiek eten egin zuten Ituñorekin zeukaten harremana. Baita Iberia enpresak ere.