Maddi Barber zinemagileak Museo Bikoitza programan parte hartuko du

Sortzaileak urtebete emango du Donostiako San Telmo museoan bere lana garatzen. Hinrich Sachs artistak hautatu du, lekukoa har diezaion

Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotzia, Maddi Barber eta Hinrich Sachs sortzaileak, eta Susana Soto San Telmoko zuzendaria, atzo. MAIALEN ANDRES  / @FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Maddi Barber zinemagilea izango da Museo Bikoitza programan parte hartuko duen hurrengo artista. Hala iragarri dute Donostiako San Telmo museoko arduradunek eta gaur egun programaren barruan bere proiektua lantzen ari den sortzaileak, Hinrich Sachsek. Hain zuzen, programaren ezaugarrietako bat da aldi batean parte hartu duen artistak gonbidatzen duela hurrengo aldikoa. Sachsek hautatu du Barber, horrenbestez, eta hark ere urtebete emango du museoan lanean.

Barberrek (Lakabe, Nafarroa, 1988) hainbat film eman ditu urteotan, hala nola Paraíso 2021, Marina Lameirorekin zuzendutakoa, Gorria (2020), Urpean lurra (2019) eta 592 metroz goiti (2018). Denek ere lotura estua dute haren sorlekuarekin, Pirinioaurreko lurraldearekin. «Etnografia esperimentalaren ikuspegitik, haren filmek interesa erakusten dute oroimenaren, lurraldearen, azpiegituraren, ekologiaren eta gizakien, eta naturaren arteko zaintza etikaren harremanean», programaren arduradunen ustez. Orain arte, zinema jaialdi ugaritan erakutsi ditu bere lanak; besteak beste, Donostiako Zinemaldian eta nazioarteko beste hainbatetan. Gaur egun, Claros de bosque fikziozko film luzea lantzen ari da, Donostiako Tabakalerako Ikusmira Berriak programarekin.

Zinemagilea pozik agertu da, eta Sachsi asko eskertu dio gonbidapena. «Proiektu ederra da; egia da erronka oso handia iruditu zitzaidala, beldurgarria ere bai, baina orain arte nire praktikan landu ditudan gaiak (memoria, lurraldea, landa eremua, aktibismoa) jorratzen jarraitzeko eta zabaltzeko aukera moduan ikusi dut».

Barberrek Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Ikusizko Antropologiako master bat ere egin zuen Erresuma Batuan, Manchesterko Unibertsitatean. Hain zuzen, han zela osatu zuen bere lehen lanetako bat, Yours Truly (2018) film laburra —Charlotte Hoskins eta Christopher Murrayrekin batera sortu zuen—. Gogora ekarri duenez, Manchesterko Historia Naturalaren Museoan garatu zuten lan hura, hango sotoak arakatu eta «ikuslearen begiradatik zer gordetzen den» aztertzeko asmoz. «Orain, irrikaz nago jakiteko hemen ere zer gauza ezkutatzen diren, zer gauza ez dauden agerian».

Hari bat ikusten du hor bere proiektua garatzeko, baina oraindik ez daki nondik joko duen. Eta, hain zuzen, «ederra» iruditu zaio hori ere. «Interesgarriak iruditu zaizkit programak jartzen dituen baldintzak: proiektua bi zatitan banatzea, eta lehendabizi sei hilabete izatea ikertzeko. Hori berme bat iruditu zait ikerketa sakon bat egiteko, bilduma deskubritzeko, eta ezagutza horretatik abiatuta zerbait proposatzeko; ez ideia batekin etortzea eta hemen jartzea, baizik eta ikerketa prozesu bat aurrera eramatea».

«Oroimen irudien» sortzaile

Sachs museoan bere proiektua garatzen ari da gaur-gaurkoz, eta hango bilduma «sakon» ezagutu ahal izan du. Azaldu duenez, ezagutza hori bereganatu ostean erabaki du Barber hautatzea. «Haren lanean, asko harritu nauen xehetasun bat dago, eta horixe izan da hura hautatzeko arrazoi nagusietako bat: testuinguruarekin, ingurumenarekin, paisaiarekin eta lurrarekin duen harreman sakona. Haren lanetan hain presente dagoen lotura horrek gogora ekarri dit Donna Harawayren ezagutza kokatua kontzeptua, eta, orain, Barberrekin tarte batez hizketan aritu ostean, baieztatu dit baietz, erreferentzia oso garrantzitsutzat daukala hori».

Bestalde, Sachsek zera ere goraipatu dio zinemagileari: filmetan «oroimen irudiak» sortzen dituela, «ez hitzetik, baizik eta sentikortasunetik». «Ziur nago, testuinguruari jartzen dion arreta berezia dela medio, altxor ezkutuak eta puntu itsuak aurkituko dituela San Telmo museoan. 2024an haren proiektuaren berri izateko irrikaz nago».

Museo Bikoitza programa

San Telmo museoak 2018an abiarazi zuen Museo Bikoitza programa, Asier Mendizabalen ideia batetik abiatuta. Aldizkako esku hartzeen programa bat da, urtero artista gonbidatu bat protagonista duena. Sortzaile bakoitzak sei hilabete ematen ditu ikertzen eta bere proposamena prestatzen, eta beste horrenbeste bere proiektua garatzen. Lan horren emaitza erakusketa programan sartzen dute gero, denbora batez, eta museoaren arte bildumara gehitzen dute.

Halaber, sortzaile horrek hurrengo aldiko artista hautatzeko zeregina ere badu. Asier Mendizabalek gonbidatu zuen lehen artista, Ibon Aranberri. Aranberrik Erlea Maneros Zabalari eman zion lekukoa, eta hark, Jose Mari Zabalari. Zabalaren ostean, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum aritu ziren lanean, eta Hinrich Sachs izendatu zuten ondoren. Iragarri dute Sachsek urrian aurkeztuko duela azken urtean garatu duen lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.