Museo Bikoitza programan parte hartuko duen hurrengo artista gonbidatua Maddi Barber izango da. Hala iragarri dute Donostiako San Telmo museoko arduradunek eta gaur egun programaren barruan bere proiektua garatzen ari den sortzaileak, Hinrich Sachsek. Hain zuzen, programaren ezaugarrietako bat da aldi batean parte hartu duen artistak gonbidatzen duela hurrengo aldikoa. Sachsek hautatu du Barber, horrenbestez, eta hark ere urtebete emango du museoan lanean.
Barberrek (Lakabe, Nafarroa, 1988) hainbat lan eman ditu urteotan zinemagintzaren arloan, hala nola Paraíso –2021, Marina Lameirorekin batera zuzendutakoa–, Gorria (2020), Urpean lurra (2019) eta 592 metroz goiti (2018) filmak. Denek ere lotura estua dute haren sorlekuarekin, Pirinioaurreko lurraldearekin. «Etnografia esperimentalaren ikuspegitik, haren filmek interesa erakusten dute oroimenaren, lurraldearen, azpiegituraren, ekologiaren eta gizakien, eta naturaren arteko zaintza etikaren harremanean», adierazi dute programaren arduradunek. Zinema jaialdi ugaritan erakutsi ditu orain arte bere lanak; besteak beste, Donostiako Zinemaldian eta Nyon (Suitza), Santiago (Galizia), Marseilla (Okzitania), Londres, Reykjavik, Madril, Mexiko Hiria, Santiago (Txile), Jihlava (Txekia) eta Porto (Portugal) hirietako festibaletan.
Halaber, 2019an Pirenaika ekoiztetxea sortu zuen, eta bere hainbat film ez ezik, hurbileko artista eta zinemagileen lanak ere ekoitzi ditu —tartean, Gerard Ortin, Ainhoa Gutierrez eta Irati Gorostidirenak—. Pulpa artista taldeko kide ere bada, eta La Zurda sorkuntza garaikideko eta pentsamendu kritikoko gune autogestionatua abiarazi du Iruñean. Gaur egun, Donostiako Tabakalerako Ikusmira Berriak programan ere parte hartzen ari da, Claros de bosque fikziozko film luzea garatzen.
Zinemagilea pozik agertu da, eta Sachsi «asko» eskertu dio programan parte hartzera gonbidatu izana. «Proiektu ederra da; egia da erronka oso handia iruditu zitzaidala, beldurgarria ere bai, baina orain arte nire praktikan landu ditudan gaiak (memoria, lurraldea, landa eremua, aktibismoa) jorratzen jarraitzeko eta zabaltzeko aukera moduan ikusi dut proposamena».
Barberrek Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Ikusizko Antropologiako master bat ere egin zuen Erresuma Batuan, Manchesterko Unibertsitatean. Hain zuzen, han zela osatu zuen bere lehen lanetako bat, Yours Truly (2018) film laburra —Charlotte Hoskins eta Christopher Murrayrekin batera sortu zuen—. Gogora ekarri duenez, Manchesterko Historia Naturalaren Museoan garatu zuten lan hura, hango sotoak arakatu eta «ikuslearen begiradatik zer gordetzen den» aztertzeko asmoz. «Orain, irrikaz nago jakiteko hemen ere zer gauza ezkutatzen diren, zer gauza ez dauden agerian».
Hari bat ikusten du hor bere proiektua garatzeko, baina oraindik ez daki nondik joko duen. Eta, hain zuzen, «ederra» iruditu zaio hori ere. «Interesgarriak iruditu zaizkit programak jartzen dituen baldintzak: proiektua bi zatitan banatzea, eta lehendabizi sei hilabete izatea ikertzeko. Hori berme bat iruditu zait ikerketa sakon bat egiteko, bilduma deskubritzeko eta ezagutza horretatik abiatuta zerbait proposatzeko; ez ideia batekin etortzea eta hemen jartzea, baizik eta ikerketa prozesu bat aurrera eramatea».
«Oroimen irudien» sortzaile
Sachs museoan lanean ari da gaur-gaurkoz, bere proiektua garatzen, eta hango bilduma «sakon» ezagutzeko aukera izan du. Azaldu duenez, ezagutza hori bereganatu ostean erabaki du Barber hautatzea. «Haren lanean bada xehetasun bat asko harritu nauena, eta horixe izan da hura hautatzeko arrazoi nagusietako bat: testuinguruarekin, ingurumenarekin, paisaiarekin eta lurrarekin duen harreman sakona. Haren lanetan hain presente dagoen lotura horrek gogora ekarri dit Donna Harawayren ezagutza kokatua kontzeptua, eta orain, Barberrekin tarte batez hizketan aritu ostean, baieztatu dit baietz, erreferentzia oso garrantzitsutzat daukala hori».
Bestalde, Sachsek zera ere goraipatu dio zinemagileari: filmetan «oroimen irudiak» sortzen dituela, «ez hitzetik, baizik eta sentikortasunetik». «Ziur nago, testuinguruari jartzen dion arreta berezia dela medio, altxor ezkutuak eta puntu itsuak aurkituko dituela San Telmo museoan. 2024an haren proiektuaren berri izateko irrikaz nago».
Museo Bikoitza programa
San Telmo museoak 2018an abiarazi zuen Museo Bikoitza programa, Asier Mendizabalen ideia batetik abiatuta. Aldizkako esku hartzeen programa bat da, urtero artista gonbidatu bat protagonista duena. Sortzaile bakoitzak sei hilabete ematen ditu ikertzen eta bere proposamena prestatzen, eta beste horrenbeste bere proiektua garatzen. Lan horren emaitza erakusketa programan sartzen dute gero, denbora batez, eta museoaren arte bildumara gehitu.
Halaber, proiektua jendaurrean erakusten duen urte berean, sortzaile horrek hurrengo aldiko artista hautatzeko zeregina ere badu. Seigarren parte hartzailea izango da Barber. Asier Mendizabalek gonbidatu zuen lehen artista, Ibon Aranberri. Aranberrik Erlea Maneros Zabalari eman zion lekukoa, eta hark Jose Mari Zabalari. Zabalaren ondoren, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum aritu ziren lanean, eta Hinrich Sachs izendatu zuten ondoren. Iragarri dute Sachsek urrian aurkeztuko dutela azken urtean garatu duen lana.