Zinema

Maddi Barberren eta Marina Lameiroren 'Cambium' dokumentala, Ikuspuntuko Sail Ofizialaren parte

Otsailaren 24tik martxoaren 1era eginen dute festibalaren XIX. aldia, eta guztira hamazazpi lan lehiatuko dira Sail Ofizialean: hamar film luze eta zazpi film labur. Frans van de Staak eta Anne-Marie Faux zinemagileak omenduko dituzte Fokuak atalean.

Manuel Asin, Iñaki Apeztegia eta Teresa Morales, Ikuspunturen aurtengo aldiaren aurkezpenean, Baluarten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Manuel Asin, Iñaki Apeztegia eta Teresa Morales, Ikuspunturen aurtengo aldiaren aurkezpenean, Baluarten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko urtarrilaren 13a
15:00
Entzun

Hamar film luze eta zazpi film labur. Haien artean, lau estreinaldi absolutu. Eta dokumental euskaradun baten Euskal Herriko estreinaldia ere bai: Maddi Barber eta Marina Lameiro zinemagile nafarren Cambium lanarena. Besteak beste, horiek bilduko ditu Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren Sail Ofizialak aurten, festibalaren XIX. edizioan; otsailaren 24tik martxoaren 1era egingo dute, Iruñean. Hain zuzen ere, jaialdia abiatzeko hilabete eta erdi falta denean eman dute antolatzaileek Sail Ofizialari buruzko informazioa argitara, eta jakinarazi guztira hamazazpi lan jaso dituztela zerrenda horretan. Hau ere argitu dute: iaz ez bezala, aurten den-denak lehiatuko dira sarietarako.

Iruñeko Baluarten eginiko agerraldian emandako datuen arabera, 900 film inguruk eman zuten izena aurtengo lehiaketan parte hartzeko, eta kopuruari dagokionez «markak hautsi» dituztela nabarmendu du jaialdiko zuzendari artistiko Manuel Asinek. Izan ere, zehaztu du kopurua %10 handitu dela iazkoarekin alderatuta, eta, are gehiago, izena emateko ordaindu behar denez geroztik —orain dela lau urte ezarri zuten baldintza hori— inoiz ez dela hainbeste hautagairik izan. Lanen kalitatea goraipatu du zuzendariak, eta esan jaialdia «beste behin» izanen dela dokumentalgintzan dagoen pluraltasunaren erakusgarri. Izatez, jatorrian ere antzeman daiteke aniztasuna: hamabost herrialdetakoak bildu dituzte osotara.

Bakarra da Euskal Herrikoa: Barberren eta Lameiroren Cambium, hain zuzen. Eta hain justu ere hura da Sail Ofizialean euskara izatea bermatuko duen bakarra; elebiduna baita, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa. Asin bereziki pozik azaldu da film hori Ikuspuntun izanen delako —«etxekoak dira, eta seguru nago Ikuspuntu bi zuzendarientzat dela erreferentziazko festibala, haiek festibalarentzako eredu diren bezala»—, eta goraipatu du lanak dagoeneko egin duen bidea: Suitzako Visions du Reel festibalean emana dute jadanik, baita Bartzelonako L'Alternativan ere. Edonola ere, Iruñekoa izanen du Euskal Herriko estreinaldia. Aurreratu dutenez, zuzendariek Lakaben (Nafarroa), Pirinioetan, dagoen pinudi bati erreparatu diote dokumentalean. Bi alditan bereizi dute lana, eta filmak naturaren zaintzari eta haren kontrako biolentziari buruzko hausnarketak bistaratzen ditu 44 minutuan. 

'Cambium' dokumentalaren trailerra.

Bestalde, Asinek nabarmendu duenez, hauek dira aurten Ikuspuntun izanen diren lau estreinaldi absolutuak: lehen aldiz bistaratuko dira Jose Luis Sepulveda eta Carolina Adriazola zinemagile txiletarren Cuadro negro, Emilio Hupe zuzendari espainiarraren El viento que golpea mi ventana, Ramon Balcells katalanaren A eta Hego Koreako zuzendari Wonwoo Kimen Writing Poems at the End of the World. «Zenbait urte generamatzan zuzendari gazte horren urratsei erne begira, eta pozarren gara haren lana hona ekarri dugulako», erantsi du Wonwoori buruz Asinek.

Azken urteotako ohiturari eutsita, bost sari izanen dira: film hoberenaren saria, zuzendari hoberenaren saria, film labur hoberenaren saria, publikoaren sari berezia eta gazteen sari berezia. Azken horri loturik, antolatzaileek nabarmendu dute Gazte Epaimahaiko kide izateko aukera zabalik dela oraindik: urtarrilaren 31ra arte eman daiteke izena

Denbora herren delarik

Sail Ofizialean lehiatuko diren lanak iragarri ez ezik, festibalaren inaugurazioari eta itxierari buruzkoak ere argitu dituzte agerraldian. Eta, jakinarazi dutenez, hasi eta bukatu, obra artistikoak bistaratuaz eginen dute aurten. «Beren garaian behar bezain estimatuak izan ez ziren eta gaur egun beste ikuspegi batetik begiratuak izatea merezi duten bi obrarekin», zehaztu du Asinek. Miñueca Villaverde zinemagile kubatarraren Tent City (1980) lanak zabalduko du programazioa otsailaren 24an, eta, emanaldia ez ezik, solasaldia ere izanen da haren inguruan: zuzendaria bera, haren kolaboratzaile eta bikotekide Fernando Villaverde, eta Jose Luis Aparacio programatzailea bilduko dituzte mahai inguru batean. 

Aldiz, Frans van de Staak zinemagile herbeheretarraren Sepio (1996) lanak emanen dio bukaera Ikuspunturi. Gainera, emanaldi hori ez da zuzendariari eskainita programatuko den jarduera bakarra. Izan ere, Van de Staaken omenez antolatu dute Fokuak ataleko atzera begirakoetako bat. Asinen arabera, «Haren heriotza goiztiarraz geroztik —2001ean hil zen— figura aski ahaztua da, nahiz eta harena den XX. mendearen bigarren erdiko begirada original eta probokatzaileenetako bat zinema dokumentalean».

Beste atzera begirakoa Anne-Marie Faux zinemagile frantsesari eskainiko diote. Artistak Super-8 formatuan grabatutako eguneroko sorta bat emanen dute festibalean. Horietako gehien-gehienetan, zinemagilearen ahotsa da narratzailea. 

Asinen azkena

Nafarroako Kultura zuzendari Iñaki Apeztegiak prentsaurrekoan gogora ekarri duenez, aurtengo jaialdia da Manuel Asin zuzendari artistikoaren ardurapean antolatuko den azkena. Asinek 2021eko ekainetik du kargu hori —lehiaketa publikoko prozesuan baloraziorik hoberena jasota izendatu zuten zuzendari—, eta ordutik zegoen zehaztua 2025eko edizioa izanen zuela azkena. Asinek urteotan eginiko lana aitortu dio Apeztegiak, «esker onez». 

Zehazki, karguan hasi berritan, zinema dokumentalaren genealogiak «ehundu eta bistaratu» nahia azaldu zuen Asinek. Orain arte zuzendu dituen jaialdietan lortutakoarekin pozik, nabarmendu du ibilbidearen hasieran bezain argi ikusten duela egun ere genealogiak lantzeak daukan garrantzia. «Esana da denborak dagokion tokian jartzen duela bakoitza, baina batzuetan ez da horrela gertatzen, eta propio ahalegindu behar da batzuei merezi duten aitortza egiten». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.