«Lukurreria, bekatua ta hainbat oker ero/ ari zaigu lotzen arima ta jorratzen gorputzak;/ barne-harra bazkatzen garenez inude zaputzak,/ eskalea zorriak hazten lez gabiltza entero». Irakurleari zuzendutako lehen poemako lehen ahapaldi horrek abiatzen du, eta aurreratzen, Gaitzaren loreak-en zer datorren. Madarikazioaren olerkien antologia gisa ezagutzen dira Charles Baudelairek (Paris, 1821-1867) 1857an argitara emandako olerki horiek. Haren lan gorena da, sinbolismo eta dekadentzia frantsesaren garaiko obra mugarria. Madarikazioaren poemak dira, baina baita edertasunarenak ere, ideia erromantiko hori iraultzeko bidea jarri baitzuen. Izenburua lekuko. Balea Zuriak ekarri du euskarara, Patxi Apalategiren itzulpenean.
Sinbolismo frantsesaren izen handienetako bat da Baudelairerena. Gogor kritikatu zuten bere jokabide sozialengatik, eta poeta madarikatuaren goitizena irabazi zuen bizitza ustez bohemio eta desorekatuagatik, garai hartako ordena sozialaren arabera erabat neurriz kanpokotzat hartu ziren portaerengatik, eta heriotzaz, maitasunaz eta gaizkiaz agertzen zituen iritziengatik. Ikuspegi horrek berak, ordea, modernitatearen Dante goitizena ere ekarri zion. Drogazaletasunak eta prostituzio etxeetan igarotzen zuen denborak familiarengandik urrundu zuten gaztetatik, eta Paristik kanpo ibili zen aldi batez. Arte kritikari lotutako lehen lanak argitaratu zituen, eta hirira bueltan zen Gaitzaren loreak idatzi zuenean, XIX. mendeko Parisko bazterreko auzoetan lur hartuta. Gizarte modernoaren hastapenak ziren, eta hor arnasten zuen fribolitateak eraman zuen maltzurkeriaren esentzia bilatzera, gaitzarena, heriotzarena, groteskoarena.
Argitalpenak lege arazoak ekarri zizkion: immoralitateagatik kondenatu zuten, eta, zigor ekonomikoa jartzeaz gain, sei poema kentzera behartu. Kondenak ongi erakusten du zein zen garai hartako «moralitatearen neurria» Apalategirentzat, baita Baudelairek arauak hausteko zuen «ausardia» ere: «Itxuraren adorazioa zuen dandy gizarte hartan, halako epaiketa baten arriskuari aurre egin beharra zeraman poesia sortu eta argitaratzeak adierazten digu Baudelaireren poesiaren balio estetikoa ez ezik, haren balio etikoa ere. Erromantizismoaren edertasun perfektuaz gain, gizartearen itxurakeriazko jarrera perfektua ere hautsi zuen».
Argitalpen osoa, zentsuratutako poemak barne, hurrengo hamarkadan agertu zen, 151 olerkirekin. Baina poema bakar baten gisan defendatzen zuen egileak, non edertasun ideal baten bilaketatik errebeldiara eta gizakiaren alde ilunetara egiten den bidea. Egitura horri jarraitu dio Apalategik ere, baina ohiko sei atalez gain —Spleen eta ideala; Koadro paristarrak; Ardoa; Gaitzaren loreak; Errebolta; eta Heriotza—, beste hiru ere badakartza argitalpenak: Kondarrak; Pieza kondenatuak; eta Galaniak.
Edertasuna indibidualizatu
Erromantizismoaren zikloa itxi eta modernitatearen atea irekitzeagatik bihurtu da Gaitzaren loreak «klasiko bat». Apalategi: «Baudelaire erromantizismoa edoskiz hazi zen, eta, haren eskemen kontra, erromantizismoan bertan oin hartuz jauzi handi bat egin, eta modernitatean sartu zen, modernitatea sortzen lagundu zuen». Kontzeptuen biratze horretan edertasuna «indibidualizatu» zuela dio; harentzat bakoitzaren esku baitzegoen arte espresioaren eraikuntza, eta, beraz,sortzaileari baitzegokion hura eraiki eta eder bilakatzeko «zeinu eta sinboloak» hautatzea. Estetika berri bati, sinbolismoari, hasiera eman zion hala.
Lehen aldia da liburua osorik euskaraz argitaratu dena, baina baziren aurrez dozena bat olerki han-hemen plazaratuak, aldizkarietan batik bat, Arestik, Lauaxetak, Sarrionandiak eta bestek ekarriak. Ez ditu erabili Apalategik. «Nire erronka zelako, neure buruaren kontra edo alde, nire apustu bat testu originalaren konplizitatearekin». Felipe Juaristik egin dio hitzaurrea, eta poesia lana ematearekin bat, poeta gogora ekarri nahia aitortu du: «Modernitatearen aurkako modernoa, aurrerapenaren aurkako aurrerazalea, kontraesanez jositako gizona, bizi izan zuen garaia bezalaxe, ez gehiago ez gutxiago, dandy bat, hil eta bizi dena ispilu baten aurrean bezala».
Literatura
Madarikatuak bezain ederrak
Charles Baudelaireren 'Gaitzaren loreak' euskaratu du Patxi Apalategik, eta Balea Zuria etxeak argitaratu. Mundu osoko literaturan erreferentziazko poema lantzat hartua da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu