'Madama Butterfly' opera datorren astean itzuliko da Hamabostaldira

Donostia
2019ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun

Giacomo Puccini konpositorearen Madama Butterfly obrarekin helduko da opera Donostiako Musika Hamabostaldira. Verismo italiarreko klasikoa hilaren 13an eta 15ean antzeztuko dute, Donostiako Kursaalean. Operak II. Mundu Gerrara egingo du salto, Ainhoa Arteta sopranoak interpretatuko duen Cio-Cio San geisharen istorioa kontatzeko. Protagonistak bere senideekin duen harremanetik abiatuta, AEBek Japoniari ezarritako blokeoa kontatzen du, eta Pucciniren garaikidea izan zen Louie Fulle dantzari eta idazlearen Danse serpentine pieza dantzatuko dute.

Emilio Lopez da obraren eszena zuzendaria. Madama Butterfly 2017an estreinatu zuen Valentziako (Herrialde Katalanak) Palau de les Arts antzokian, eta Musika Hamabostaldiko ikuskizunean «begirada ezberdin bat» ematea du helburu Lopezek: «Obra hau zuzentzen den bakoitzean produkzio ezberdin bat egiten da. Izan ere, interprete bakoitzak bere modura sentitzen du, eta hori da obra honek duen gauzarik bereziena. Aldiro, ezberdin sentitzen da, eta horrek artean zein antzerkian sakontzeko aukera areagotzen digu».

Madama Butterlfy munduan «gehien» interpretatzen den obra da, Guiseppe Finzi eszena zuzendariaren hitzetan. Ez da lana gidatzen duen lehen aldia: San Frantziskoko Operan (AEB) eta Essengo Aalto Theater-en (Alemania) egindako ikuskizunak ere zuzendu ditu. Pucciniren obrak duen berezitasuna «pertsonaien psikologia esploratzen duen musika» dela dio. Horrez gain, konpositorearen musikaren «alderdi guztiak azaleratzen dituen ikuskizuna» dela deritzo.

Artetarekin batera, Grabriel Bermudez baritonoa, Ana Cristina Marco kontraltoa eta Cristina Faus mezzosopranoa arituko dira, besteak beste. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Easo Abesbatza mistoak ere hartuko dute parte emanaldian. Gorka Miranda koruaren zuzendariak obrak «etorkizun oparoa» duela deritzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.