Kyle Maclachanek giza belarri bat topatzen du zelai batean Blue Velvet filmean. Dena aldatuko du zomorroz beteriko belarri horrek, adosatu segida den auzuneko bizitza zoriontsu bezain aspergarria arrarotu, ilundu eta, era berean, kolorez jantziko du. Arrazoiaz kanpoko mundu baterako sarbidea da belarria, zulo amaigabe baten ataria.
David Lynchek idatzi eta zuzendu zuen Blue Velvet, Bobby Vintonen izen bereko abestiak sortzen zuen aldartea oinarri hartuta, inoiz adierazi zuenez. «She wore blue velvet, blue as the velvet was the night», nola kendu doinua burutik orain. Sena ezinbesteko tresna zen zinemagile zendu berriarentzat, intuiziotik eraikitzen zuen sarri, eta musika ezinbesteko lagun izan zuen horretan. Musika, argia, kea, semaforo gorriak; andre bat erradiadore baten barruan, zeruan dena ondo dagoela kantatzen Eraserhead lehen lan luze jada urrun hartan. Maisua zen Lynch edertasun xaloa zerien abestiak eta misterio kutsuko etereoagoak uztartzen. Angelo Badalamenti bidaidearen lana ezinbestekoa izan zen horretan: aski da Twin Peaks serieko soinu bandako abesti nagusiaren lehen segundoak entzutea lainoen artera, zerrategira, Horne sendiaren hotelera, zuhaitzen sustraietara eta sakonago bidaiatzeko. Hotsak, errepideko marrak bata bestearen atzetik, kafe bero bat goizean goiz, txantxa inozo bat eguna alaitzeko. Isiltasuna ere bai, Lynch enean Silencio klubak tokia du Roadhouse tabernako emanaldien ondoan. Gorputzek dantza egiten dute bertan, antzera irudiek; ipotx batek errezel gorrien artean, lindy hop doinu alaiez Mulholland Drive-ko hasiera kredituetan, Elvis Presleyrena egiten Nicolas Cagek Wild at Heart-en. Kontraste horiek uzten zaituzte begiak talo eta belarriak zut. Rammstein eta pop koreografia sinpleak, txoriak eta bonba nuklearra, zuri-beltza eta lore gorriak, agure onberak eta gazte deformatuak.
Ez dago bandarik! Eta, halere, banda bat entzuten dugu. Klarinete bat aditu nahi izanez gero… Entzun! Tronboi bat sordinarekin. Nola atera behin Lynchen belarrian jausita? Ez dago orkestrarik, dena da grabazio bat. Ilusio bat! Eta halere, suma daiteke, arreta jarriz gero, jarraitzen gaituen su txiki bat apaltzen.