Askotariko folka eskainiz, musika tradizionala eta garaikidea uztartzeko asmoarekin egingo da aurten ere Bidasoafolk jaialdia. Abuztuaren 19tik 21era, Txingudiko badia «kulturen elkargune» bihurtuko du jaialdiak, antolatzaileen arabera. Hondarribiko, Irungo eta Hendaiako udalek Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoarekin batera antolatu dute ekimena. Partzuergoko teknikari Javier Gonzalezekadierazi duenez, aurtengo egitaraua «zaindua eta zorrotza» da, «luxu hutsa» diren izenekin tartean.
Izen handi horien artean Vieux Farka Toure nabarmendu du Gonzalezek: musikari maliarra Afrikan eta Amerikan «erreferente» bat da folkaren barrenean, haren esanetan. Mali iparraldeko musikan eragin berriak sartu dituen gitarra jotzaile bikaina, ezagun du musikaz inguratuta hazi zela. Ez da alferrik Afrikako bluesaren ikur nagusiaren semea, Ali Farka Tourerena, hain zuzen.Abuztuaren 19an emango du kontzertua, Hondarribian. Aurretik, Xabier Aburruzaga trikitiarekin ariko da. Instrumentu horren aldeko hautua egin zuenetik «bere estiloa garatzen jakin du, baina sustraiei uko egin gabe», antolatzaileek adierazi dutenez.
Jaialdiaren bigarren egunean, abuztuaren 20an, aipagarria daYacine Balahcene, Yannis Papaioannou & The Oriental Groove proiektu bateratuaren emanaldia. Argelia eta Greziatik datozen musikariek Mediterraneo inguruko abestiak lantzen dituzte. Irunen izango da kontzertua, eta, horiez gain, Olga y los ministriles eta Coetus taldeak ereigoko dira oholtza gainera. Lehenengoak Aragoikoherri-kantuen egokitzapenak eskainiko dituzte; Coetus, berriz, EliseoParra musikariaren eta Kataluniako perkusio talde baten elkarlanetik sortutako taldea da. Antolatzaileek ikuskizun «bisuala» iragarri dute.
Jaialdia Hendaian amaituko da, abuztuaren 21ean, bost emanaldirekin. MackaB reggae kantari beteranoaren esku egongo da kontzertu nagusia. 80ko hamarkadan Exodus hots sistema sortuzuen musikari britainiarra The Roots Ragga Bandekin batera arituko da, bere musikaren bereizgarri diren protestazko doinuak Bidasoan zabalduz. Euskal musikak ere izango du tartea egun berean, Bad Sound System taldearen eta Txomin Artola bakarlari hondarribiarraren eskutik. Azken horrek Bidasoafolken «betidanik» parte hartu izan duela nabarmendu dute antolatzaileek, eta aurten «sorpresaren bat edo beste» emango duela iragarri dute. Horrez gain, Mexikoko Lengualerta taldea ere ariko da; etaLa Fanfare des Goulamas talde okzitaniarrak erritmo biziko kale ikuskizuna eskainiko du.
Folka ezagutaraztea helburu
Bidasoafolk jaialdiko hamar kontzertuak doakoak izango dira, izan ere, folka ezagutzen ez duen jendeari hori baloratzeko bidea eman nahi diete antolatzaileek. Folk zaleak nahiz «jakin-mina dutenak» elkartuko dituen egitaraua lortzeko erronkarekin, Joxe Mari Zarko —Alboka taldeko partaide izan zena— ibili da aurten jaialdiaren zuzendari artistiko lanetan. Beste leku batzuetako folklorea ezagutarazteaz gain, ordea, bertakoa zabaltzen ere lagundu nahi du jaialdiak, musika «kultura, tradizioa eta historiaren» erakusgarri den neurrian.
«Luxuzko gonbidatuak» edukiko ditu aurten Bidasoafolk jaialdiak
Vieux Farka Toure eta Macka B and the Roots Ragga daude abuztuan Txingudi badian joko duten artisten artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu