Luxuaren azpietatik

Literatura ikasketak egin artean luxuzko 'scort' lanetan aritu zen Nelly Arcan idazlea, eta garai hartan ikusitakoak garratz aletu zituen 'Puta' bere lehen eleberrian. Euskarara ekarri berri dute.

Nelly Arcan idazle quebectarra (1973-2009). ADAM BILINSKI.
itziar ugarte irizar
2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
«Bai, bizitzak zulatu egin nau, ez dut amets egin, milaka gizon horiek nire ohean, nire ahoan, ez dut asmatu, haien esperma nire gainean, nire gorputzaren gainean, nire begietan, neure begiez ikusi dut eta ikusten dut oraindik ere, egunero, edo ia egunero, gizon-zatiak dira, haien buztanak besterik ez, buztan-zatiak, eta batek daki zergatik berotzen diren, zeren zakila ez zaie niregatik zutitzen, behin ere ez da niregatik, ni puta izateagatik baizik, horretarakoxe nagoelako...». Eta beste koma bat, eta jarioari inoiz erritmoa moteltzen utzi gabe, segi. «Ematen du ez duela idazle estrategiarik», ohartarazi du Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak, «baina, hain zuzen ere, hori da estrategia. Ematen du idazkeraren kontra ari dela, idazkera zibilizatuaren kontra; hobe esanda, idazkera burgesaren kontra ari dela. Beste zerbait nahi du: gauzetatik hurbilago dagoen idazkera bat».

Gauza horiek ez ziren inoiz arrunt-arruntak izan Nelly Arcanen lanetan —Isabelle Fotier jatorrizko izenez, Lac-Megantic, Quebec, 1973-Montreal, 2009—. Literatura ikasketak egin artean, luxuzko scort gisa jardun zuen, unibertsitatea ordaintzeko, eta orduko bizipenetan oinarrituta idatzi zuen lehen eleberria, 2001ean. «Gertaera literario bat izan zen», Gimenezek oroitu duenez, eta hala aurkeztu dute frantsesetik euskararako itzulpena ere orain, Miel A. Elustondok ondu duena: Puta (Alberdania).

Itxura batean, sarbide errazik ez duen errealitate batera hurbildu zuen irakurlea Arcanek bere estreinako eleberriarekin, baina bai editoreak eta bai itzultzaileak nabarmendu dute kontatzen duena bainoago kontatzeko modua dela benetan aipagarria. Kontakizunak ez du atalik, paragrafo luzez josita dago, eta autoreak komak baizik ez ditu erabiltzen narrazioa modulatzeko. «Ofizioak ofizio, Arcan batez ere idazlea zen, mundu anker baten berri oso modu gordinean emateko baliabide literarioak menderatzen zituen. Ez zen esperientzia soiletik ari, esperientzia hori literaturaren galbahetik pasatuta baizik», azpimarratu du Gimenezek. «Eleberri bat da, kontuz, ez kronika bat».

Izatez, Patrick Cady bere psikoanalistari erakusteko idatzi zituen eleberriaren lehen lerroak Arcanek; jasota dago hark eman zion erantzuna, eta editoreak eta itzultzaileak aipatutakoa berresten du: «Galdetzen badidazu ea honek terapian lagundu diezazukeen, ez daukat aztarrenik ere, baina orrialde hauek idazle batenak diren edo ez diren, horretaz dudarik ez daukat».

Goi mailako prostituziora jotzen duten gizonak, unibertsitateko ikasle baten bizimodua, sexu harremanen azterketa gordina, dirua, guraso eta seme-alaben arteko tentsioa... «Puta ez da prostituzioaz ari, aldi batean prostituzioan jardun duen Nelly Arcanen okada da, baina bizitzari buruzkoa. Gure grina guztiak ageri dira: bizitzarekin heriotza, emakumearekin gizona, sexuarekin atsegin eta desatsegina, edertasunarekin morrontza... Mundu oso konplexua ageri du».

«Balorazio etikoei» izkin egitea da liburuaren beste indargune bat, Gimenezen ustez; alegia, ateak ixten dizkio liburura exhibizionismo lizunen eta «morboaren» bila sar daitekeen guztiari. «Gertatzen direnak eta esaten dituenak ez doaz helburu jakin baterantz. Egilea bere buruari galdezka ari da».

Harreman bihurriak

Jatorrizko lanak sekulako oihartzuna lortu zuen argitaratu eta berehala, eta zenbaitek eman zioten trataera mediatiko matxista deitoratu du itzultzaileak. Asko izan ziren, baina, lanaren balio literarioaren alde hitz egin zuten ahotsak ere, eta horien erakusgarri dira itzulpenean ere jaso dituzten hitzaurrea eta hitzatzea. Arcanek «errealitatearekin zeukan harreman bihurriaz» idatzi du sarrerakoa Bertrand Visage idazle eta jatorrizko lanaren editoreak; nola, esaterako, ahizpa bat asmatu zuen, eta benetako neba bat isilarazi. Hitzostea, berriz, bost literatura adituk sinatu dute, eta ohartarazi Arcanen lana esparru intimoarekin lotu izan dela, «praktika pribatu eta problematika sozialarekin loturarik gabekora» mugatuz haren idazketa lana.

Puta-ren ondotik, eta 2009an bere buruaz beste egin aurretik, beste hiru lan argitaratu zituen idazleak —tartean, Folle (Eroa, 2004); eta, hura hil ostean, haren beste bi lan plazaratu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.