Antzerkia

Lutxo Egiaren eta Ximun Fuchsen antzerki testuak argitaratu ditu Ganbila bildumak

Egiak hiru antzezlan eta performance bat bildu ditu ‘Guardasol gorria’ izenburu duen liburuan. Fuchsek eta Axut kolektiboak ondutako ‘Lurrez estali’ antzezlana beste liburu batean jaso dute.

Lutxo Egia eta Ximun Fuchs, Ganbila bildumako bi liburu berriak eskuetan, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Lutxo Egia eta Ximun Fuchs, Ganbila bildumako bi liburu berriak eskuetan, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2024ko abenduaren 12a
20:10
Entzun

Teatroko testuak argitaratuz, euskal antzerkigintzaren ikuspegi zabal bat emateko helburuarekin jaio zen Ganbila bilduma. Susa argitaletxeak, Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin elkarlanean, hiru libururekin abiatu zuen egitasmoa 2019. urtean, eta argitalpenen zerrendak luzatzen segitzen du orduz geroztik. Beste bi gehitu zaizkio orain: Lutxo Egia idazlearen Guardasol gorria, eta Axut kolektiboko Ximun Fuchsen Lurrez estali lanak plazaratu berri dituzte. Bildumako 26. eta 27. liburuak dira, hurrenez hurren.

Garai desberdinetan idatzitako hiru antzezlan eta performance bat biltzen ditu Egiaren liburuak: batetik, Hamalau, Free tour eta Identitarteak obrak; eta, bestetik, Haren da nire performancea. Umore absurdoak ardazten ditu hiru antzezlanak, Oier Guillan bildumaren koordinatzailearen hitzetan: «Absurdoaren teatroaren tradizioak XX. mendetik erakutsi digu umore mota bat baino gehiago dela; errealitatea islatzen duen ispilu ganbila da teatro mota hau, ezintasun sozialaren aurrean ahalduntzen gaituen bide bat, umorearen bitartez, eta, nire ustez, Lutxok bikain ulertu eta jaso duena hiru testu hauetan». Hain zuzen, horietako bi umore mota horretan «arituak eta adituak» diren hiru lagun ari dira taularatzen gaur egun: Mikel Martinez (Hamalau), batetik, eta Gilkitxaro taldeko Ane Zabala eta Galder Perez (Identitarteak), bestetik. 

Performancearen gaineko testuak, berriz, «euskaraz gutxitan ikusitako esperientzia baten berri» ematen duela azaldu du Guillanek, eta «literaturari estuki loturik» sortutakoa dela gaineratu. «Halako proiektuetan dokumentazioa da gakoa, esperientziaren kontakizuna, ez delako berez publiko kontziente baten aurrean egin, eta batez ere dokumentazioaren kontakizunaren bitartez bilakatzen da irakurlea publiko».

«Umorea lan guztietan dago. Batzuetan umore fina da, delikatua, eta beste batzuetan eroa, kasik katartikoa»LUTXO EGIAIdazlea

Hiru antzezlanak irakurriak izateko idatzi zituela esplikatu du Egiak, eta eszenara eramateko «dezente» moldatu dituztela antzerkilariek. Identitarteak obrak bidaia bat jasotzen du, haren esanetan, «mundu itxi, aldaezin eta esentzialistatik egun identitateak konfiguratzen dituzten praktika sozialetara». Hamalau antzezlanean, berriz, notario bat eraikin bateko 14. solairura joan da, bezero baten suizidioa egiaztatzera. Eta hirugarrenean «ezohiko» portaerak dituen free tour gidari bat da protagonista. Bakarrizketak dira azken bi horiek. Eta, bestetik, Haren da nire performancea Bartzelonan gauzatu zuen Egiak. «Harkaitz Canori eskatu nion bizitza bat idazteko, nik bizi eta biziarazi behar nuen bizitza bat». Idazlearen laguntza ez ezik, egiaztatzaile lanak egin zituen Ana Galarragarena ere izan zuen asmoa gauzatzeko.

«Umorea lan guztietan dago, esango nuke ardatza dela», iritzi dio egileak. «Batzuetan umore fina da, delikatua, eta beste batzuetan eroa, kasik katartikoa. Baina gehienbat absurdoan kokatzen den umorea da». Eta gaitegi aldetik auzi desberdinak ukitzen badituzte ere, obra guztietan kritika soziala eta galdera filosofiko batzuk ageri direla gehitu du. 

Etxaldea, ispilu

Lurrez estali euskal antzerkian azkenaldian izandako gertakari berezi bat dela uste du Gaizka Sarasola antzerkilari eta editoreak. «Axut-ekoei gustatzen zaizkie erronkak, panorama astintzea gustatzen zaie, eta kasu honetan lortu dute hilabete batez euskarazko kulturaren fokua Izura bezalako herri batean kokatzea». Euskarazko antzerki herrikoia eta garaikidea egiten du Axut-ek, eta horretarako, Sarasolaren hitzetan, «sareak zabaltzen aritzen dira, ehizatu nahian komunitatearen kezka, arazo eta beharrak». 

Horiek izaten ditu abiapuntu Fuschek: «Saiatzen naiz kontatzen airearen zaporea, hots, zer den hitzen artetik sentitzen dugun kezka». Oraingoan, laborarien errealitate gordina eraman dute Lurrez estali obrara. «Etxalde batek maldan behera egiten du poliki-poliki», laburbildu du egileak. «Familiaren gehiengoa hirira joan da, zibilizaziora, egiazko mundura, eta uda pasatzera etortzen da berriz. Eta, Txekhoven antzerkietan bezala, hor da sekula existitu ez den mundu baten nostalgia bat, eta topo egiten du bertako errealitatearekin». 

«Saiatzen naiz kontatzen airearen zaporea, hots, zer den hitzen artetik sentitzen dugun kezka»XIMUN FUCHSAntzerkilaria

Laborantza, euskara eta euskal kultura bezala, «oso gaizki zainduak, tratatuak eta askotan martirizatuak» direla esan du Fuschek, eta horren lekuko jarri du laborari ugarik bere buruaz beste egiten dutela. «Eta ez du axola; munduak aurrera jarraitzen du, eta berdin zaigu. Eta hau da gure kulturaren gaztelua?». Hortaz ere mintzo da antzezlana.  

Izurako (Baxenabarre) Latsagako jauregian bost asteburuz eman zuten lana, eta Euskal Herri osotik joan zen publikoa. Erronka izan zela aitortu du Fuschek. «Baina euskal komunitatea prest da erronkak jotzeko eta atearen gibelean dagoena begiratzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.