Lurrundu egin den ama bat

Unai Elorriaga idazleak eta Alex Orbe marrazkilariak ama noiz itzuliko esperoan bizi diren aita-alaba batzuen nondik norakoak kontatu dituzte 'Jarraitu inurriari' komiki liburuan

Gure izeneko umea eta haren aita dira Alex Orbe marrazkilariak eta Unai Elorriaga idazleak argitaratutako Jarraitu inurriari liburuko protagonistak. HARRIET EDICIONES.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Lurrundu egin zaie ama. Ez da gehiago ageri. Ez dago. Gure izeneko umea eta haren aita horregatik bizi dira gainbehera datorkien errota zaharrean: beldur direlako beste inora joanez gero amak ez duela sekula itzultzen asmatuko, eta, beraz, han jarraitzen dute, esperoan, baita tarteka itxaropena agortzeko mugaraino heltzen badira ere. Etsipenaren eta esperantzaren arteko joan-etorri hori da Unai Elorriaga idazleak eta Alex Orbe marrazkilariak sortutako Jarraitu inurriari komikiaren muina. Duela bi urte hasi zuten elkarlana, eta orain eman du argitara Harriet argitaletxeak 70 orritik gorako kontakizuna, koloretan.

«Zer gertatuko litzateke baldin eta...». Elorriagaren hitzetan, eten puntuekin amaitzen den formulazio hori izaten da maiz kontakizunak abiatzeko motorretako bat, eta, kasu honetan, hala sortu zen egun batetik bestera ama etxetik desagerrarazteko ideia. «Familiako pieza oso garrantzitsua da ama, eta, desagertzen denean, dinamika berriak sortzen dira aita eta alabaren artean, eta, nolabait ere, familia berri bat sortzen da hortik. Absentziari, familiari eta inguratzen gaituenari buruz gogoeta egiteko aukera eskaintzen du horrek».

Azaleko irudiak bi plano ageri ditu, eta kontakizunak ere bi planotan egiten du aurrera barruko orrietan. Errota zaharrean naturaz inguratuta bizi diren aita-alaben nondik norakoak kontatzen dira haietako batean, eta baldosa hotzezko bulego inpertsonal erraldoi itxian burokrazia lanek irentsita bizi den emakumearen ihes egin ezina kontatzen du besteak. Berdea eta horia dira nagusi mundu batean, eta grisaxka gailentzen da bestean. Txosten, emendakin eta zigiluz eraikitako infernu moduko bat da.

Gai larriak eta umorea

«Bai, infernua da», onartu du Elorriagak; «infernu modernoa», zehaztu du gero. Lanean sartzen diren gehiegizko orduei buruzko kritika bat ere bada, gainera. «Badago lanean orduak eta orduak sartu behar izaten dituen jendea, eta maiz ez gara konturatzen horrek inguruan eta familian sortzen duen absentziaz eta minaz».

Absentzia. Heriotza. Memoria. Lana. Ludopatia. Gai larri franko lantzen ditu komikiak, baina irribarrea ere pizten du tarteka. Oreka hori izan da autoreen erronketako bat. Elorriaga: «Gero eta argiago dut idaztean dibertitu egin behar dudala. Interesatzen zait gai larri horiek lantzea, eta uste dut literaturak aukera eman behar duela gai horiei buruz gogoeta egiteko, baina, gero, azkenean, umorearekin dibertitzen zara». Ñabardura bat gehitu dio Orbek: «Horrez gainera, ume bat da protagonista, eta umeen munduak beti uzten du aukera umorerako, pentsatzeko modu inozenteagoa dutelako, eta jolasean aritzen direlako. Eta umearenarekin batera, amamaren pertsonaiak ere ematen du aukera umorerako, oso anarkikoa delako».

Amaren hutsuneak hankaz gora jarriko du komikian aitaren eta alabaren arteko harremana. Erabat gogogabetuta geratu delako aita, eta maiz umeak aritu beharko duelako hura zaintzen eta haren bizitza zuzentzen saiatzen. Eta, hain justu, lanen banaketa horretatik dator liburuaren titulua, Elorriagak azaldu duenez: «Hamaika izenburu izan ditugu mahai gainean, baina ez genuen batere argi ikusten. Eta izenburuarekin asmatu ezinean nabilenean, beti jotzen dut 1596ko Refranes y sentencias liburura. XVI. mendeko liburua da, eta horrek esan nahi du bertan biltzen direnak lehenagokoak direla. Euskarazko antzinako hamaika esapide datoz bertan, eta han topatu nuen inurriari arraio esaera, hitanoan eta aditz trinkoarekin idatzita, inurriari jarraitu behar zaiola adierazteko. Esapideak dio zer egin behar den dakien norbait dagoenean hari jarraitu behar zaiola, eta komikian umea da jarraitu beharreko inurri hori, haren gidaritzari esker salbatzen delako dena azkenean».

Lehen komikia elkarrekin

Orbek ere esan du umearen pertsonaiarekin bereziki gustura aritu dela, eta ez dela beti hala gertatzen: «Komiki bat hasten duzunean, pertsonaiak oraindik ez dituzu erabat kontrolpean. Kostata marrazten dituzu, baina Gurek —hori da umearen izena— badu karisma berezi bat; azkar hartu nion maitasuna, eta hasiera xamarretik atera zitzaidan ongi. Oso esker oneko pertsonaia da».

Getxon (Bizkaia) bizi dira bi egileak, Algortan, eta aurrez ere arituak ziren elkarrekin. Orbek egin zituen Elorriagak idatzitako Erraldoiek ez dute lagunik jaten kontakizunaren ilustrazioak, baina sekula ez ziren komikigintzan aritu elkarrekin. Orbek egin zion proposamena. «Idazleek badakite istorioak kontatzen, eta niri asko gustatzen zait Unaik [Elorriagak] nola idazten duen. Banekien ongi egingo zuela, eta, gainera, istorioa niri ongi kontatzearekin nahikoa da, nik itzuliko dudalako hori gero iruditara. Baina oso ongi moldatu da komikiaren lengoaiara». Elorriagak esan du esperientzia «gozamen hutsa» izan dela: «Zoragarria da zuk buruan duzun zerbait idatzi eta bat-batean marrazki bihurtu dela ikustea. Alexek [Orbek] berehala harrapatzen zuen irudimenean nuena, eta nik baino detaile gehiagorekin irudikatu du».

Euskaraz idatzi dute komikia, eta gaztelerazko bertsioa ere argitaratu dute, jatorrizkoarekin batera, Elorriagak berak egindako itzulpenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.