Une jakin batean sentitutakoa agertzen du Itzalen tektonika liburuak. Malenkonia, nostalgia eta etorkizuneko beldur puntu guztiak ezabatuta, hemen eta orain kokatu du bere burua Itxaro Bordak (Baiona, 1959). Bestalde, «gerla ondoko bake ez segurtatu batetik» ari da. Halaxe sentitzen da errealitatean ere: «Gerla batetik gatoz, eta inguruan hainbat gerla piztu dira». Giro horretan, gorputza, plazera, mina, harremana edota premia antzematen dira gehien, eta muturrik mutur ere badabil: «Bada argirik eta ilunik, bada bortizkeriarik eta eztirik, eta bada gerratik eta baketik, edo, bederen, bake nahikundetik».
80ko hamarraldiaz geroztik makina bat liburu plazaratu du Itxaro Bordak. «Jendeak pentsatzen ahal du liburu bat gehiago dela, asperdura keinuz. Baina idazleok ez dugu liburu bat gehiago egiten; liburu bat eta urrats bat gehiago egiten dugu gure bizitzen eta gure ingurukoen bizitzen ezagutza horretan». Liburu honek, hain zuzen, bizitzako mugimendu edo «ikara» horiek dakartza, sismologiak erabiltzen duen hizkeraz baliatuta.
«Idazleok ez dugu liburu bat gehiago egiten; liburu bat eta urrats bat gehiago egiten dugu gure bizitzen eta gure ingurukoen bizitzen ezagutza horretan».
ITXARO BORDAIdazlea
Sinbologia horretaz eta liburuaren egituraz, Susako editore Leire Lopez Ziluagak eman ditu azalpenak. Hark esan bezala, sarrerako poema bat eta zazpi atal ditu liburuak. «Erdian epizentroa du, eta lurrikara baten dardararekin, liburu hasierara eta bukaerara hedatzen dira epizentro horren uhinak, hiru erreplikatan». Hiru uhin zirkular, beraz, erdigunetik kanporantz. Harri zapal batek ura jo, eta ur azalean sortzen dituen olatu biribilen tankerakoak.
Poema liburu guztiak bezalaxe, irakurleak hautatu bezala irakur lezake Itzalen tektonika ere, liburua ez baita egituraren mendekoa, baina kasu honetan bi modu dira markatuagoak, editorearen hitzetan: «Ordena arruntean irakur daiteke, hasieratik amaierara, edo epizentrotik hasi eta errepliketatik jarraitu». Nolanahi dela ere, «norabide guztiek dute logika», poema gehientsuenak autonomoak izaki.
Halere, liburuaren logika ez da lurrikararen sinbologian bilatu behar, Bordaren ustez, tektonikaren fenomenoan baizik: «Fenomeno orokor bat da, barnez eta kanpoz mugiarazten gaituena, poesiak bezala».
Hitzak eta itzalak
Hastapenean, hitz jokoan aritzeko asmoa zuen poetak. Nahi izan zuen, esate baterako, izenburuari h bat erantsi, eta «hitzalen tektonika» plazaratu, bai baitauka liburu horrek lerro bat hizkuntzaren inguruan, eta elementu asko arakatu nahi izan dituelako poetak alde horretatik. Tartean, nondik idazten den, zein hizkuntza erabiltzen den, non bilatzen diren hitzak, zein dardarak eraman duen idaztera edota zer sentitzen den idatzi ondoan.
Hizkuntza asko aurki litezke euskarazko poema hauen gainean, «itzal linguistikoak izango balira bezala edo hegan». Esate baterako, gaztelania, frantsesa eta idazleak «biziki maite» duen beste bat: katalana. Hizkuntzekin batera, hizkuntza horiek transmititzen duten jakitatea ere bada zeharka. Horiez gain, badira euskararen gaineko ikerketak, kezkak, eta, bereziki, hiztegiak: «Asko erabiltzen ditut Lhande, orotarikoa eta etimologikoa, material paregabea dira idazteko». Hitz bat hartu, zer iradokitzen duen pentsatu, gogoeta egin, eta zurubi baten moduan lan egitea maite du Itxaro Bordak: «Nora helduko zaren jakin gabe». Hain zuzen, oso estimuan duen idazle batek, Annie Ernauxek, literatura sortzeko duen moduari egiten dio keinu. Harago ere jo du: «Poema baten idaztea lurrikara baten antzekoa da, bai enetzat, bai ezagutzen ditudan poetentzat ere».
«Gaztetan diagonalean irakurtzen dugu askotan, adinarekin patxada etortzen zaigu burura, eta denbora gehiagorekin irakurtzen dugu, liburuen eta gauzen estimatzeko».ITXARO BORDA Idazlea
Mugimenduan beti
Beste ildo bat ere badu liburuak, geografikoa. «Natura asko poetizatzen dut, zaintzailea eta maitale handia bainaiz». Bere geografia ez da, ordea, nonahikoa. Pirinioak ditu gogoan, Hendaiatik hasi eta ia Mediterraneorainoko tartean ernatu dira bere poemak: «Pirinioetan bezala, hemen bizi garen auñamenditarrok jende gogorrak gara, beti gara mugimenduan eta ez dakigu gure mugimenduak zer eta norat eramango gaituen»; hain zuzen, inkognita horren arrakalatik sortu du Bordak. Hendaiak (Lapurdi) garrantzi handia du, «bihotz taupadatsu» baten gisan dakusa poetak: «Gauza eta pertsona asko pasatzen da handik, batzuetan itzalak, mamuak edo jende ezagunak izaten dira, eta beste batzuetan guk dugu muga hori pasatzen; gu gara itzalak edo mamuak». Toki horietan dabilen poeta nomada dela azaldu du.
Bizpahiru omenaldi suma daitezke Itxaro Bordaren lerroetan. Horietariko bat Bitoriano Gandiaga poetari eskainia. 90eko hamarraldian, Paristik itzuli berritan, gutun bat idatzi zion, eta oraingo honetan bigarren gutuna idatzi dio, Arantzazun egon, eta, berriz ere Elorri (1962) poema liburua irakurri ostean: «Gaztetan diagonalean irakurtzen dugu askotan, adinarekin patxada etortzen zaigu burura, eta denbora gehiagorekin irakurtzen dugu, liburuen eta gauzen estimatzeko».
Bai editoreak, bai eta idazleak ere, Christine Etxebers artista kanboarra goraipatu dute, batez ere azalerako egin duen margolanagatik. Itxaro Borda: «Oso ongi laburbildu du liburuaren mamia».