ZERUKO ARGIA
«Jaialdi hori dela eta 'Anonimoak' jasotzea ez zaigu harrigarri egin»
Iñaki Beobide. 1966-3-13
«Gaztediak ez ditu abesti zaharrak gorrotatzen [...]. Nahi gabe, ordea, telebisio, irrati, diska eta abarrek beste ritmo batzuetara eramaten du. Zergatik orduan berari atsegin zaion doinuari euskal hitzak eman ez? Hori ezin diteke iñola ere, euskararen aurka joatea izan. Euskara, beste hizkuntza guztiak bezala, erabiltzeko da [...].
—A, baina zuek barkaezineko pekatu bat egin duzue: gitarra joaz euskeraz abestu!
Pena ematen digu horrelako jendeak, ezin ditugu aintzakotzat artu, barre besterik ezin dezakegu egin. Hauek gure mendietako baserri batean telebisioaren antena bat ikusten dutenean, su ta gar jartzen dira, herriaren amaiera ikusiaz. Gu ere ez gara alaitzen, ez; ala da. Ez ordea euskal baserrira telebisioa iritsi delako, euskaraz ez izateak, horrek mintzen gaitu. Jaialdi hori dela eta anonimoak jasotzea ez zaigu batere harrigarri egin, bagenekien [...] «euskal arima» mito bat besterik ez direla».
ANAITASUNA
«Anketara etorri jat arima Azoka batzuetan»
Joan Mari Torrealdai. 1966-11
«Euskal liburuen Azoka bat ikustean, batzuk adurretan geratzen dira: 'len ez eikean olakorik egin!'. Ta pozik. Niri ostera, aldrebes pasetan jat: anketara etorri jat arima Azoka batzuetan. Zergaitik? [...] 700'dik gora liburu batuten dira Azoka bakoitxean. Ba da libururik: pentsa leiteke. Baiña liburu orreetatik 300'era ez dira allegetan euskerazkoak. Eta orixe da. Ta 300 oreetatik zenbat ete dira baliozkoak benetan!».
ANAITASUNA
«Bai, enda be, Euskal Erria-ren oiñarri da, ta sendoenetarikoa»
Sinatu gabe. 1966-6
«Errien nortasuna izkuntzan eztago bakarrik. [...] Bai, enda be Euskal Erria-ren oiñarria da ta sendoenetarikoa. [...] Besteak baiño goragoko maillako enda garanik euskaldunok eztogu uste, aldi baten Hitler-ek alemandar endakaz uste eban lez. Baiña ainbeste kanpotar gure errietan gelditzen dirala ikusteak atsekabatzea razista bada, razista gara.
ZERUKO ARGIA
«Euskal gaztediari etzaizkio abesti zaharrak aski»
Lourdes Iriondori elkarrizketa. 1966-12-1
«Euskal abestia galdutzen ari zala konturatu giñan. [...] Onen arrazoia zein ote zen pentsatzen jarri giñan, eta iritzi batera iritxi giñan: euskal gaztediari etzaizkiola abesti zaharrak aski. [...] Gaztediak garaiko abesti berriak bear dituala. Eta ontaz konturatu giñanean, euskal abeslari guztiak batu egin giñan, eta Ez dok amairu taldea sortu genuen. [...] Guk, antziñako abesti jatorrak berpiztu egin nai ditugu, eta, era berean, abesti berriak sortu, era guzitakoak».
JAKIN
«Abstraktoeri figurak baztertu ondoren, zer gelditzen zaie?»
Ayalde. 1967 / 25. zenbakia
«Artista abstraktoeri, paisaje eta figurak baztertu ondoren, zer gelditzen zaie? GAUR-tarrak eta euskal artista abstrakto guztiak, kolore eta formak soilki dituzte euskal nortasuna agertzeko. Baiñan gure zeru eta lur-koloreak edonun billatzen dira[...], eta emengo formak (industri artesaniazkoak?) nunai arki ditezke. Orregatik, nere ustez, leengo euskal eskola bepiztutzeko, edo beste berri bat sortzeko UR-tarrak zuzenago dabiltza, GAUR-tarrak baiño».
ZERUKO ARGIA
«Ez zuten uste euskal literatura mailla hortara iritxi zanik»
Ibon Sarasola. 1966-7-5
«[Harri eta herri] 'idazle txar baten liburu debekatua' da euskaldun askorentzat. Euskaldun gazte askok ez dute ordea hola pentsatzen: Donosti'ko Biblioteka probintzialera joaten naiz estudiatzera. Harri eta herri da han estudiatzen duten unibertsitarioak ateratzen duten euskal-liburu bakarra. [...] Orain arte, arrituta gelditu dira danak, ez baizuten usten euskal-literatura mailla hortara iritxi zanik».
ZERUKO ARGIA
«Nire melena nire askatasuna da»
Goenaga. 1966-8-21
«Ikusi nituen zahar batzuek melenadun baten atzetik parrez eta kritikatzen; arrazoinketak jartzen gainera, zikiñak eta itxusiak zirela esaten [...]. Nik ille luzea utzitzean, nire nortasun bat agertu nahi dut [...]. Bai jaunak, nire melena nire askatasuna da».
ZERUKO ARGIA
«Narzisismoa izan zitekien une onetako gaitzik ilkorrena»
Sinatu gabe. 1966-7-12
«Esaten genduen nola narzisismo ori izan zitekien une gogor onetan gaitzik okerrena ta ilkorrena. Orduan Nestor Basterretxea'k esan zigun nola bere buruatzaz ainbeste kritika sakon eta zeatzak egiten dituen herriak duen bizitzeko seguridaderik aundiena, ezin zitekiela esan bere buruatzaz ainbeste kritika on egin egiten ari den Euskalerria orrexegatik ill. Ta uste dut izugarrizko arrazoia dela. Izan ere ba dira asko oraindikan euskal narzisismoan bizi diranak baiñan esan ditekela uste du gaur egunean Euskalerria'tzaz preokupatzen diran gehienak kritika zorrotzak eta behar bezelakoak egiteko ez dutela atzera egiten, ta orrek sendatzeko gogoa ba dagoela esan nahi du».