Lurrikara beraren errepliken dardara

Martxoaren 15ean estreinatuko dute Marina Lameiroren 'Dardara' filma, Ikuspuntu zinema jaialdian, Iruñean. Ikusi Arte birako irudiekin, Berri Txarrak-en, haren musikaren eta taldearen jarraitzaileen arteko harremana islatu du

Berri Txarrak-ek mundu osoan emandako kontzertuetan grabatuta dago Dardara filma. BERRIA.
Ane Eslava.
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun

Urteetan itxaron ondoren bere talderik kutunena aurrean duenaren emozio malkoak. Entzule gazte baten jakin-min aseezina. Bizimodu bilakatutako errepide ordu luzeak. Azalean idatzitako esaldi bat, noizbait norbaiti lagundu diona. Bizitzan zutabe garrantzitsua izandako zerbait kolpean etetearen ikara. Eta hitz bat, hori dena biltzeko: dardara. Ez da erraza musika talde baten ibilbidea laburbiltzea, ezta talde bat unerik gorenean desegiteko arrazoia azaltzea ere, eta ez da hori Marina Lameirok Dardara filmean egin nahi izan duena, baina hori irudikatzeko balio du. Berri Txarrak-en Ikusi Arte biran filmatutako irudiekin osatu duen ordubete eta 37 minutuko lanean jaso du taldea eta bere musika zer izan diren zaleentzat, eta zaleak zer izan diren taldearentzat eta bere musikarentzat. Hilaren 15ean estreinatuko du, Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian.

Hamasei hilabete igaro dira Berri Txarrak-ek bideari amaiera jarri zionetik, Nafarroa Arenan, 11.000 zaleren aurrean. Kontzertu horrekin burututako agur bira da Lameiroren bigarren lan luzearen gertaleku nagusia, baina hortik harago doa: sortzailearen, obraren eta hartzailearen arteko triangeluaren barruan kabitzen den guztiaz hausnartzera gonbidatzen du. «Niretzako interesgarria da erlazio hori nola eraikitzen den, hiru elementu horien arteko zirkulazioa: nola mugitzen diren haien artean», azaldu du zuzendariak. Hiru horiek dira, beraz, osagai nagusiak.

Hirugarren piezak du tokirik handiena dokumentalean: taldearen jarraitzaileek: 2008tik Berri Txarrak zuzenean ikusteko gogoz egon den japoniar bat; taldea lehen aldiz ikusi duten haur estatubatuar batzuk; taldeak bere herrialdean ematen dituen kontzertu guztietara joaten den alemaniar bat; Berri Txarrak-ekiko pasioak talde bat sortzera eraman duen euskal herritar bat... Lurrikara berberak mundu osoan izandako erreplikek mugiarazten dituzten pertsonak. Istorioak kontatzeko, baina, Lameirok ez ditu protagonistak kameraren aurrean hizketan jarri; ez ditu haien bizitzen detaileak eman. Harago joan da, xehetasunen bitartez sentimenduak edota mezuak adierazteko, zinema aldetik zerbait gehiago eskaintzeko, «Berri Txarrak ezagutzen ez duenak edo gustuko ez duenak filmarekin disfrutatu ahal izan dezan».

Funtsean, sentsazioak eragiten saiatu da: «Uste dudalako indartsuagoa dela zerbait sentiaraztea, zerbait esatea baino; hori delako artearen funtsa». Azaldu duenez, zaleengana hurbiltzeko orduan tentuz ibili da, «ez erortzeko estereotipoetan», ez hartzeko zaleak «erotzat». Horren ordez, haien pasioaren arlo humanoa erakutsi nahi izan du: zer garrantzi har dezakeen musika talde batek pertsona baten bizitzan. «Filmean ez da agertzen, baina protagonistetako batek esan zidan bizirik jarraitzen badu Berri Txarrak-i esker dela», jarri du adibidetzat.

Zaleez gain, protagonista nagusia taldea da, baina bereziki Gorka Urbizu. Filmean haren hausnarketak entzuten dira: musika sortzera eramaten duten bulkadez mintzo da —«Musika helduleku bat da, horregatik eskatzen ditugu kantu gehiago»—; bai eta ospearen argi-ilunez, zaleen berotasunaz, arduraz eta presioaz ere. Eta adjektiboekin janzten du sentimendu nahasketa hori: «Ezjakina, harritua, estutua, maitatua, gainbaloratua, isildua, asebetea, hutsik, goseak; aske, baina honen guztiaren esklabo». Amaieraz ere solastatzen da; ez du hitzez hitz zehazten zergatik erabaki zuen taldea desegitea, baina haren hitzek hori ulertzen laguntzen dute. «Geratzeko irrikaz» dagoela dio, «eta dena amaitzeko beldurrez».

Ohiko ereduetatik at

Ikusi Arte birako kontzertu ugari ikusten dira filmean: Alemanian, Mexikon, Japonian, Estatu Batuetan... Baina ez dira kontzertuetako irudi ikusgarri asko ageri, kamerak beste detaile batzuei begiratzen dielako: abeslariaren plano hurbilak daude, zaleen plano geldoak... Agertokitik kanpoko uneak ere ikusten dira: entseguak, kantuen zerrenda zehazteko unea, berotzeko unea, nerbioak; fokutik kanpo gelditu ohi diren xehetasunak. Ez dira inprobisatutako erabakiak, Lameirok azaldu duenez: «Kontzertuetan bizitzen dena ezin da aldatu zinemarengatik; horren ordez, zuzenekoan ikusi ezin diren gauza batzuk erakutsi ditut».

Filma 2019ko azaroaren 23ko Nafarroa Arenako kontzertuarekin bukatzen da. Musika entzuten da, oihuak, txaloak, bai eta Urbizuk esandako azken hitz batzuk ere, berak 25 urte lehenago Lekunberrin (Nafarroa) sortutako taldearen abeslari gisa: «Berri Txarrak sentimendu bat da». Filmaren oinarria laburbildu dezakeen esaldi bat da hori.

Lameirorentzat, pertsonalki, filma sortzea «ikaragarria» izan da, tarte batez «rock izarren moduan» bizitzeko aukera izan baitu, gehien maite duena egiten zuen bitartean. «Hori da nire lanbidetik gustatzen zaidana: bizitza txiki oso ezberdinak bizitzeko aukera izaten dugula». Lantalde osoak jarritako erraztasunak ere azpimarratu ditu. Arena Comunicacion eta Txalap.art etxeek ekoitzi dute filma, Only in Dreams-ekin lankidetzan.

Zuzendaria pozik azaldu da, halaber, lana Ikuspuntu jaialdian estreinatzeagatik: «Zinema festibal txiki bat izan arren, niretzat festibalik maitatuena delako». Dardara-k festibala zabalduko du, Sail Ofizialean, lehiatik kanpo. Lau egun geroago, zinemetara helduko da filma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.