«Bera oso harremanetan dago lurrarekin, eta ni oso harremanetan nago airearekin». Muturreko laburpen bat eginez, grabitatearekiko hartzen duten jarreraren arabera bereizi ditu Jon Maia dantzari eta koreografoak euskal dantzetan sustraitutako bere dantzakera eta Andres Marin flamenko dantzariaren jarduna. Bere tradiziotik abiatu da bietako bakoitza Yarin izeneko dantza ikuskizuna osatzeko, baina, ezberdintasuna ezberdintasun, hain justu ere, topo egin ahal izan dutelako osatu dute pieza. Bilboko BBK aretoak eta Sevillako Flamenko biurteak elkarlanean ekoitzi dute lana, eta bi gune horietan abiatuko dute emanaldiaren bira. Irailaren 29an izan ziren Sevillan (Espainia), zehazki, eta, ordukoan, zutik eta txaloka jarri zuten bi dantzariek Central antzokia, eta bi saio eskainiko dituzte orain BBK aretoan: urtarrilaren 14an eta 15ean. Frantzian, Espainian eta, seguruenik, Amerikan ere jarraituko dute emanaldiekin gero.
Izen ezaguna da Marin flamenkoaren esparruan: ibilbide luzea du atzean, eta Espainiako Dantza Saria jaso du aurten. Maiak ere bi hamarkada daramatza Kukai dantza konpainiaren buru, eta harekin euskal dantzak abiapuntu hartuta proposamen garaikideak taularatzen, eta 2017an jaso zuen Espainiako Dantza saria. Ezagutzen zuten elkar, beraz, eta elkarrekin lan egiteko gogoak bultzatuta hasi ziren aurreko udan elkartzen. Proba egiteko baino ez, hasieran behintzat. Baina berehala igarri zuten sintonia, eta hasi eta gutxira sortu zitzaien elkarrekin ikuskizun bat prestatzeko ideia.
Eta, entseguz entsegu, hala joan dira Yarin sortzen: bi dantzarien estiloak, tradizioak, eta are abizenen bigarren silabak ere batuz. Ordubete inguruko topaketa bat dela dio Maiak. «Ni oso ni naiz Yarin-en, eta Andres oso Andres da, baina bakoitzak bere lekutik abiatuta, etengabeko solasaldi bat osatu dugu». Baina betiere, kontakizun narratibo bat sortzeko inolako asmorik gabe, eta klixeei izkin egiteko borondatez.
Maiarekin eta Marinekin batera, Julen Axiari abeslari eta perkusio jotzailea ere izango da oholtzan emanaldi osoan zehar. Baina, Maiak zehaztu duenez, emanaldian ez da euskal doinurik entzungo, ezta flamenkoaren inongo palorik ere. Bi dantzarien topaketak sortzen duen giro «onirikoa» islatuko du haren musikak. Xabier Erkizia soinu artista, Sharon Fridman koreografoa eta David Bernues argi diseinatzailea ere izan dituzte lagun.
Sevillan egindako emanaldiaren zazpi minutuko bideo bat ere zabaldu dute sarean, bi dantzarien irudiekin. Biak elkarri aurrez aurre jarrita ikus daitezke agertoki beltz soil batean, biak beltzez jantzita, zapata beltzekin lurra jotzen bata, oinutsik jauziak ematen bestea. Lurrarena bata, airearena bestea. Eta, halere, elkarrenganantz, elkarren bila, eta elkarrekin.
«Bakoitza bere aldetik iristen da agertokira», azaldu du Maiak. «Bakoitza bere lengoaiarekin, tarte batez elkarrekin bizi dira gero espazio itxi horretan, eta bakoitza bere aldera itzultzen da amaieran, baina topaketa horren eraginpean».
Flamenkoaren argudioa
«Intentsua», «emozionala» eta «oso-oso humanoa» izango da ikuskizuna, Maiaren hitzetan. Eta bideoan ikus daitekeen estetika minimalista hori bera izango du eszenaratzeak. Beltza. Argiztapen zurixka bat. Eta kito.
Maiak azaldu duenez, orain arte ez dute flamenkoa sekula baliatu «ispilu» modura, baina bai «argudio» modura. Eta justu duela hogei urte Kukai dantza konpainiaren izenean, Tanttaka antzerki konpainiarekin batera sortutako 1937, gogoaren bidezidorretatik izeneko obrarekin gertatutakoa gogoratu du.
«Orduan joan ginen lehenengoz Euskal Herritik kanpoko plataforma profesional batengana, eta oso gogoan dut banaketa lanetan aritzen zen pertsona batek nola esaten zidan ahazteko hura guztia, ez zuela funtzionatzen, Euskal Herrian ulertzen zela eta sentitzen zela egiten genuena, baina kanpoan ez zuela zentzurik eta inork ez zuela ulertzen. Eta nik eskatu nion mesedez esplikatzeko ea zein zen diferentzia, ze sustrai zehatz batetatik abiatutako sorkuntza garaikide bat egiten saiatzen ari ginen gu, hain justu ere, flamenko dantzari askok egiten zuten gauza berbera, erabat maila unibertsalean eta erabat onartuta zegoen lengoaia batean. 'Non dago diferentzia?', galdetu nion. Eta oso presente izan dut argudio hori beti».
Sevillan eta Bilbon egon ondoren, besteak beste, Nimesen (Frantzia) ere izango da Yarin, bertan egiten den flamenko jaialdian. «Oso orokortuta dago bakoitzak beretik aritu arren, elkar topatzeko behar hori bai dantzarien eta bai ikus-entzuleen artean, baina, era berean, kontziente naiz Nimesen bi urtean behin flamenkoa ikusten duen ikus-entzule horrek, agian, lehen aldiz ikusiko duela euskal dantzari bat. Interesgarria izango da guretzat ere espazio horietako batzuk deskubritzea».
Lurrarenak eta airearenak
Jon Maia eta Andres Marin dantzariek euskal dantzen eta flamenkoaren arteko topagune bat proposatu dute 'Yarin' ikuskizunean. Urtarrilaren 14an eta 15ean izango dira Bilboko BBK aretoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu