Lurralde koreografikoa dantzarazten

Esperimentazio eta ekoizpen egonaldiek, gogoeta saioek eta dokumentazio eta mediazio ekintzek osatuko dute mugaz haraindiko Atalak Sarearen programa berria

Clara Montero, Fernando Saenz de Ugarte, Mari Jose Telleria, Carine Agirregomezkorta eta Pello Leiñena. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Dantzaren sektoreko profesionalei lan egiteko aukerak areagotzea eta sormen koreografikoa sustatzea: hasieratik helburu horiek jarri zituen zimendutzat Atalak Sareak, eta horien gainean ondu berri du urteari begirako programa berria ere. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea biltzen du egitasmoak, eta, Dantzaz konpainia izan bazen ere sustatzaile nagusia, urterik urte bazkideak finkatzeak sendotu egin du programa. Horregatik, erakundeen arteko «konplizitate» hori txalotu dute ordezkariek programaren aldi berria aurkeztean. Konplizitatea eta elkarlana, non eta «hainbeste babes eta ikusgarritasun behar duen sektorean», Clara Montero Tabakalerako kultur zuzendariaren hitzetan. Dantzaz konpainiaz eta Tabakaleraz gain, Gasteizko Antzokien Sarea, Gipuzkoako Dantzagunea, Nafarroako Baluarte fundazioa eta Malandain Ballet Biarritz zentro koreografikoa aritu dira aurten Atalak Sarea sustatzen —kolaboratzaile sare zabalago batekin—.

Hiru lan lerro nagusi izango ditu programak aurten. Lehena, eta aurreko urteetan egindako urratsen bidetik, esperimentazio laborategiak izango dira. «Laborategi bereziak dira», Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz konpainiaren zuzendariaren hitzetan. «Bereziak, ez direlako soilik koreografoak ariko, baita dantzariak ere, eta ez edozein kopuru: 10-14 bat izango dira». Azaldu duenez, zailtasun ekonomikoengatik, kopuru txikiagoak ohikoagoak dira egun, baina, besteak beste, sektorea ehuntzea euren asmoetako bat delako mantendu dituzte halako taldeak. Dantzarien artean soilik ez, erakundeekin eta komunitatearekin ere loturak estutzea da asmoa. «Garrantzitsuena, azken hori», esan du Sanez de Ugartek.

Hiru laborategi egingo dituzte: martxoan, Itxaso A. Cano koreografoak zuzenduko du lehena; ekainean, Eva Guerrerorekin ariko dira dantzariak, eta abenduan, azkenik, Amaia Elizaranekin. Bi astez ibiliko dira laborategian, «ezer amaitzeko presiorik gabe», Dantzaz-en arduradunaren esanetan. «Sorkuntzan, saiakeran ibiliko dira dantzariekin, eta, gero, lekuan lekura moldatuta egingo dituzte aurkezpenak».

Bada berrikuntza bat, ordea, egonaldien alorrean: aurten lehen aldiz, ikerketa eta esperimentazioa soilik ez, ekoizpena ere bultzatuko du Atalak Sareak; hasieran, ekoizpen bi urteko. Lehena egin dute jada: Carmen Larrazaren Nikola obra ekoitzi dute berriki. Urte bukaeran helduko diote bigarrenari, Hilde Koch ibilbide oparoko dantzari eta koreografoaren eskutik. «Artista kontsagratu bat» dela gogorarazi du Saenz de Ugartek, eta gaineratu haren lana «ondare» modura aztertu eta baliatzea izango dela helburua.

Adarrak zabaltzen

Beste bi lan lerroak ere berrikuntzekin osatu dituzte aurten. ATA-LAB deitu dutena da horietako bat, eta «pentsamendu laborategi» modura definitu dute. Izan ere, azken urtean, eta pandemia tarteko, dantzaren sektoreko profesionalen topaketak sustatzen aritu da Atalak, eta hor abiatutako hausnarketa giroari jarraipena ematea da orain asmoa.

Azken lan lerroa mediazioa eta dokumentazioa da. Azkenaldian bi proiektu piloturekin aritu ostean, horiek sendotu nahi ditu orain Atalakek. Euroeskualdeko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eskoletan eta helduen dantza talde amateurretan sorkuntza koreografikoa sustatzeko, eta bidenabar hausnarketarako tresna bihurtzeko, bi programa abiatuko dituzte: Dantzazubia eta Le Labo. Hori, mediazioan. Dokumentazio lerro berrian, ostera, koreografien sortze prozesuetan eratzen diren artxibo askotarikoak dokumentatzea da asmoa, horretarako lurraldeko hainbat entitaterekin lankidetzan jardunda. Horretan arituko da aurrerantzean Eresbil, esaterako, zeina aurten batu den sarera, Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboarekin (AMAEN) eta Creative Pathsekin batera.

Asmo horiek guztiak zenbakitan jarrita, eta sustatzaileen arabera, hiru esperimentazio laborategi, ekoizpen koreografiko bat, hamasei emanaldi, hamahiru mediazio saio, sektoreko kideen arteko sei topaketa, 86 lan kontratu eta 1.200 ikusle inguru bilduko ditu, gutxienez, Atalak 2021ek. Saenz de Ugarte: «Pandemiak gauzak zaildu arren, Atalak Sareak badu etorkizuna; badu esanahia, eta badu eginbeharra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.