Egin gabe zegoen lan bat da. Ez behintzat halako osotasun sen batekin. «Izaera entziklopedikodun» obratzat aurkeztu dute horregatik Jakinek eta EHUko Joxe Azurmendi Katedrak —bien artean sustatutako Ur-jauzia bildumaren lehen argitalpena da—. «Kontaera narratiboa du, baina nahikoa da ikustea 500 izenetik gorako aurkibidea ohartzeko zertaz ari garen», Eizagirrek. Badu aurrekorik, hala ere: Azurmendik Joseba Intxaustiren bultzadaz egin zuena 1985ean. Ilustraziora artekoa landu zuen orduan; osatu eta XIX. mendea gehitu dio orain.
Emari horri beha, ikuspegi androzentrikoa eta Mendebaldeko joeren isla nabari dira. Baina batez ere, euskal pentsamenduak izan dituen etenak dira nabarmenak Eizagirrerentzat: «Historia hautsi bat da, Euskal Herriaren historia politikoa bera bezala». Hizkuntzarena —gutxiengoa da euskaraz ekoitzia— eta Euskal Herriaren zatiketa politikoa dira eten nagusiak, gaineko Estatuen gorabehera politikoek baldintzatu baitute euskal lurretako gogoeta lana. «Nafarroak entitate politiko propio bat zeukan heinean errazagoa zen obra autonomoago bat sortzea. Baina XVI. eta XVII. mendeetan, esaterako, inperio espainolaren ildoko produkzioa da batez ere; Frantzian ere berdintsu».
Hain da joria mamia, sakontzeko pista asko gordetzen dituelakoan baitago Eizagirre. «Ikerketa berri eta berritzaileen ernamuina dago hemen». Ur jauzi oparotik tantak dira ondokoak, lagin bat:
ERDI AROKO TUTERA
Judu, musulman eta kristau
«Hemen ia inork ez daki irakurtzen, eta jakinda ere berdintsu, apenas baitago zer irakurririk. Europa oihan lurralde barbaro sakabanatua da. (...). Ezjakintasuna erabatekoa da gizarte zibilean hala eliztarrean. Hainbat apaizek bataiatzen ere —latinez— ez omen daki». Hala deskribatzen du Azurmendik V. mendeko giroa, VIII. mendean «berreskurapenaz» hitz egiten hasten den arte, monasterioetan eskolak sortuz joan, eta, astiro, Europa guztira zabaltzen hasi ziren arte. Ñabardura: «Eskolatuak monjetarako edo administrazio zerbitzurako kandidatuak soilik ziren. Nekazarien haurrak ez. Neskak ere ez».
San Eulogio Kordobakoak 848an ezagutu ei zituen Leire, Urdaspal, San Zakarias Zilbetikoa eta Nafarroako beste zenbait monasterio. Han topatu zituen lanen lilurak jota, kopiak zabaldu zituen laikoak kultura latino profanora zaletzeko. Eraman zuen Mahoma profeta faltsuaren historia ere, eta garaiko hari esanguratsu bati heltzen dio hor Azurmendik: Nafarroa, musulmanaren eta Europa kristauaren arteko zubi gisa.
XII. mendera iritsita, nabarmentzen den fenomenoa da hori. Korana Iruñean itzuli zen lehenengoz latinera, 1143an. «Zentro urbanoak indartu dira, monasterioetako eskolen lekuan katedraletakoak altxatu burgoetan, gotzainen babespean. Klase berri bat —burgesa, hots, kaletarra— gora doa, kultur aro berri bat hasi da. Teologia hutsaren aldean, matematika, logika, astronomia, alkimia gehiago interesatzen dira. Musulmanen zientzia deskubritu da liluraz beterik». Juduak izan ziren kristauen eta musulmanen arteko bitartekaririk behinenak. Tuterak izan zuen judu komunitate nabarmena, eta Euskal Herrian antisemitismoak izan zuen indarra ere jasotzen du Azurmendik, sasoian oraindik arrazoi erlijiosoetan ardaztutako arbuio bat zena.
Beste bi iraultza handi ere jazo ziren aroaren amaieran: paperarena eta inprentarena.
MARGARITA NAFARROAKOA
Arteak eta erreforma
Jauzi bat Aro Modernora. Nafarroako erresuma eraitsi dute, eta horrek eten berri bat dakar Euskal Herriko pentsamendura, aurrerantzean inperioen koordenatuetan sortuko baita. Estatu modernoen sorrera jokatuko da, eta Euskal Herria joko horretatik kanpo geratuko. Ni-aren eztandak arrakalatuko du erlijioa zein filosofia, eta Estatuak inkisizioa eta sorgin ehiza baliatuko ditu «tresna politiko-polizial gisa». Azurmendi: «Inkisizioak eraginiko terrorearen ondorioa izan da euskaldun jendeak atzerritiko ideia ororen aurrean beldurrez eta mesfidaz erreakzionatzea. (...) Euskal Herria Europako zientzia eta pentsamendu modernoaren mareagora guztitik kanpora geratu da, filosofia eta teologia aristoteliko erdiarotarretan hondar-jota».
Aurrez, Nafarroako erresumaren azkenaren erreginak mugituko ditu urak: Margarita Nafarroakoak (1492-1549). Azurmendiren arabera, bi aldetatik izango da «gomutagarria»: «Idazle humanista gisa eta erreforma erlijiosoaren zale gisa». Umetatik izan zuen kulturarako sarbidea eta interesa. Poemak, otoitzak, ipuinak idatzi zituen, eta «letra eta arteen mezenas bezala» nabarmendu zen—1545ean inprimatuko da Etxepareren Linguae vasconum primitiae; 1549an hilko erregina—.
Baina eztabaida erlijioso sutsuenen garaia zen Europa osoarentzat, eta Margarita ere ez zebilen hortik urrun. Nabarmen hauspotu zuen erlijio erreformaren aldeko pentsamendua, katolizismo hertsienaren haserrea sutuz. XVI. eta XVII. mendeetako pentsamendua «erlijio araztasunaren zelo sutsuak» laburtzen duela dio Azurmendk: «Teologo eta mistikoengandik Inkisizioaren aguazilenganaino eta heretikoenganaino. Era guztizko garbitasun obsesioaren aroan gaude. Bat eginik joango da hizkuntz, odol, jatorri-garbitasunaren zeloa».
JOANES UHARTE
Argi gutxiko ilustrazioa
Austriar Etxearen mendeetan segituta, euskal gizartea kanpoan barreiatuta agertuko da, inperio espainolarentzat lanean batik bat. Sasoiko eztabaidetan ariko dira, «buru» izateraino zenbait. Erakusle garbiak, Ignazio Loiolakoaeta Frantzisko Xabierkoa; Nafarroako konkistan Gaztelaren aldera lerratutakoa lehena, eta independentziaren alde borrokatu direnetako bigarrena. Kontrarreforman kokatutako «fenomeno unibertsalak» biak. «Erlijioak diferentzia sozial eta politikoen gainetik erakuts dezakeen indarraren agergarri onak biak, istilu politikoetatik sortu den mugimendu espiritual, transzendente baten adibideak. Loiola eta Xabier seguru asko sekula euskaldunek mundu guztian izan duten eraginik handiena ukan dutenak ditugu».
Idazkari, itzultzaile, jurista, teologoak. Ehunka aritu ziren inperioarentzat lanean; horien artean bat Joanes Uharte Donibaneko zientzialaria. Azurmendiren begietara, «humanista zientifiko bakana, Ernazimentuko espiritu berantiarra, tradizioarekin borrokan jarduna Espainietako giro zailean». Aristotelesenganako fede itsua desafiatzera ausartu zen, eta humanismo literario-filosofikoa, azken berrikuntza zena, zientzia enpirikoen bidetik sarrarazi zuen, bere kasuan, medikuntzan.
Hala ere, gutxiengoan jardun zuen Uhartek. Latina, grekoa eta ikasketa teologikoak nagusi ziren oraindik. «Ez da zientzia gizarte honi zer jakin, zer egin, zer itxaron irakasten diona». Azurmendiri segika, XVIII. mendeak heldu behar izan zuen benetan mugimendurik sumatzeko. «Euskal Herria, XVI. mendeko iraultza erlijioso gabe eta XVII. mendeko iraultza razionalista gabe sartuko da, kasik Erdi Arotik salto eginez, Ilustrazioraino. Argi gehiegi gabeko Ilustrazio bat, ezinbestean».
PEÑAFLORIDAKO KONDEA-ETA
Tertulia erudituak
Joan dira katolikoen eta protestanteen arteko erlijio gerrak, eta Europa egonkortasun eta biziberritze aro batean da. «XVII. mendearen azken aldetik XVIII.aren hondarrera jori-jori hozitu den mugimendu intelektual eta kulturalaren aroa, Ilustrazio edo Argien Garaia». Mundu ikuskera berriak arrazoimenaren ardatza jarri nahiko du jiran alor orotan, justizian, ekonomian, kulturan, hezkuntzan. «Herria eskolatzeari» inoizko garrantzirik handiena emango zaiola dio Azurmendik, %70-80 analfabetoa den Europan.
Giro horren testigu, Euskal Herriaren Adiskideak izango da Euskal Herriko proiektu ilustratuetako bat. «Tertulia erudituak instituzionalduz» eratu zen elkartea 1748an, Peñafloridako kondearen bultzadaz, Azkoitian (Gipuzkoa). Hala definitu zuten euren egitekoa jauntxoek: «Nazio baskoiaren zaletasuna ereitea zientziaren, arteen eta letren alde; zuzentzea ohiturak; kanporatzea ignorantzia eta bere zorigaiztoko ondorioak; eta estutzea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko loturak». Nafarroako kideak ere hasieratik izan ziren, hala ere.
Hegoaldeko gazte ugarik mugaz bestaldera jo zuen eskola bila, asko Baionako Hiriko Kolegiora. Bergarako jesuiten eskolak ere eskaini zuen aurrerapenik irakaskuntzan. Garapen soziokultural handirik lortu baino lehen, baina, tropa frantsesek desegin egin zuten, 1794an. Orduan hartu zuen Borboi dinastiak Austria Etxearen lekua ere. «Monarkiaren pentsamendu uniformistaren aitzinean, euskal jendeak ez du beste ideologiarik, aurreko mendeetan landutako alde batetik foruzalea eta bestetik monarkiaren deboziozkoa baino. (...) Euskal Herrian ideologia nagusiaren bi oinarri tradizionalak elkarren etsai bihurtu dira: foruzaletasuna eta monarkiarekiko atxikitasun itsua».
GARAT ANAIAK
Desastrearen ispilu
1789a. «Proba eta azterketa gaitza pentsamendu europar guztiarentzat». Horixe Frantziako Iraultza Azurmendirentzat. Euskal Herriarentzat, aurreko aroan garatuz joandako diferentziak «kontraesan politiko eta ideologiko urrakor gisa lehertzea» ekarriko duena, hurrengo mendea gerren eta foruen galeraren atezuan jarriz.
Baionatik Bilbora, kultura ilustratu frantsesa estimatua zela azaltzen du Azurmendik. «Liburu merkatu bizi-biziak aspaldian ziharduen Baionatik hegoalderantz». Hainbat erakunderi zahar usaina zeriela ere badio, «espiritu erdiarotar bat», Europa arrazoimen eta progreso ideiek zeharkatzen zuten artean. Baina, oro har, aire berrien desira bazela dio, hiriaren eta landaren arteko aldea gainditzekoa, erlazio soziopolitikoak berritzekoa, ezagutza liberatzekoa. Hori zen nahia, baina besterik gertatu zena: «Errusiatik Portugalera espiritu liberalenak berak jarrera moderatuetara uzkurtu dira, erreakzionarioetara izan ez denean. Tradizionalistak, arras izuikaratuak, mende osoko itsuskerian itsutu dira, edozein berritasunetan deabrua bera susmatuz».
Iraultzako proiektua lantzen eta burutzen aritu ziren euskal herritarren artetik, entzutetsuak izan ziren Garat anaiak: Dominique eta Dominique Joseph uztariztarrak. Izan ziren nor Parisen, baina bazuten Euskal Herriarentzat pentsatutako proiektu politiko bat ere, bai hasieran —Dominique Joseph Lapurdiko diputatu zen 1789an; Justizia ministro eta irakaskuntza frantseszale berriaren protagonista gero—. Iraultza Euskal Herriarentzat izan zen «desastrearen ispilu bizitzat» jotzen ditu hartara Azurmendik. «Euskal Herri zaharraren maitale handiak izan arren, haren erakunde historikoen azken betiko hondamendiaren lekuko izan dira, eta eragite ere bai hein batean, euren asmoaren aurka».
UNAMUNO ETA ARANA GOIRI
«Etendura espiritua»
Eizagirrek ekarri du haria azken muturrera: «XV. mendera arte erlijio kristauak gidatutako obra bat bada, Mendebalde osoan bezala Euskal Herrian, hortik aurrerakoa sekularizazioaren historia bat da: erlijiotik desitsasten ari den pentsamendu baten garapena, harik eta XIX. mendean auzi politikoek erdigunea hartzen duten arte». Liberalismoaren eta karlismoaren arteko talkaren forma hartuko du horrek Euskal Herrian. «Herrialde guztietan organo intelektual berriak piztu dira gertatuaren protestarako eta, batez ere, foruak baino harago euskal identitate substantziala —euskara, historia, antropologia— gogoetatzeko eta errebindikatzeko».
Hortik, XX. mendean tradizio politiko nagusi izango direnetara iritsiz bukatzen du Azurmendik: nazionalismoaren eta sozialismoaren ur berrietara helduta. Horiek izan ziren XIX. mendean Europako korronte nagusiak eta beren isla izan zuten Euskal Herrian ere. Azpimarraz datozen egile bi dira Miguel de Unamuno eta Sabin Arana Goiri hor. «Etendura espiritutzat» ditu biak, euskal gizartea lugorritu nahi dutenak. Unamunok existentzialismoaren aldeko ideiak ereingo ditu, besteak beste, eta Arana Goiri, klase diferentzien gainetik, «euskal arrazaren (nazioaren) batasunaren eta independentziaren» alde jartzen saiatuko da euskal herritarren gogoa. Azurmendi: «Euskarak, Euskadik, esan ezin ahala zor diote haren ekinaldiari. Espainolismoak ez dio barkatu». Hurrengo belaunaldietan eta «gaur arte» haren ideiek eta batez ere ekintzek utzitako arrastoa nabarmentzen du, eta ez kasualitatez ixten Gabriel Arestik hari jarritako olerki batekin.