«Jendea ez da konturatzen zer zen Lurdes Iriondo 60ko hamarkadan. Eszenatokian transformatu egiten zen, ikaragarria zen, eta jendea liluratuta gelditzen zen». Jose Anjel Irigarairen hitzak dira, Eriz Zapirainek Zai zoi bele (2009) dokumentalean jasoak. Garai hartako euskal kantagintzaren izar nagusia izan zen Lurdes Iriondo (Donostia, 1937-Urnieta, Gipuzkoa, 2005), baita Ez Dok Amairu taldearen barruan ere. Baina izar haren argia itzaliz joan zen denborarekin, eta izpi batzuk baino ez dira heldu gaur eguneraino. «Iriondok gainditu egin zituen bere garaiko patriarkatuaren mugak, baina ezin izan ditu historiaren oztopoak gainditu; hizkuntzaren eta kulturaren alde egin zuen borroka lausotu egin du denborak», Jon Martin Etxebestek ondorioztatu duenez.
Iriondo hil zela hogei urte beteko dira aurten, eta haren izenari eta izanari oihartzuna emateko asmoz, Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa liburua idatzi du Martinek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1981); EHUko irakasle eta ikerlaria, bertsolaria eta literaturan ere aritua da Martin, eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen Berdintzen bekaren bultzadaz osatu du lana. Aitortu duenez, ikertzen hasi aurretik nahiko ezezaguna zitzaion Iriondoren figura hari ere: «Psikodidaktika masterra bukatu eta gero, doktore tesia egiten hasi nintzen, eta Xabier Lete aukeratu nuen. Eta ikertzen ari nintzela konturatu nintzen garai hartako prentsan garrantzia zeukaten pertsonak eta nire ezagutza maila ez zetozela bat. Eta hori Lurdes Iriondorekin gertatzen zitzaidala batez ere».
Uste hori izan zuen lanerako abiapuntu, hau da, «euskal jendarteak Iriondo ez duela Ez Dok Amairuko beste kide batzuen maila berean gogoratzen». Baita «historiak memoria maskulinizatzeko joera» dueneko ideia ere. Eta zenbait metodologia kuantitatibo eta kualitatibo baliatu ditu ikerketa osatzeko: Lurdes Iriondo-Xabier Lete funtsa arakatu du, zeinak garai hartako prentsa zatiak biltzen dituen nagusiki; Iriondoren inguruko ikerketa eta biografia urriak berrikusi ditu —Joxemari Iriondok Bidegileak bildumarako idatzitakoa da osoena—; eta gertutik ezagutu zuten hainbat laguni elkarrizketa sakonak egin dizkie —horien artean daude Maria Jesus Iriondo, Joxemari Iriondo, Nekane Oiarbide, Arantxa Lete eta Jose Anjel Irigarai—, besteak beste. Hari horiekin, biografia berri bat josi du Martinek.
Bizitza bat, laburrean
Donostian sortu zen Iriondo, 1937an, 11 senideko familia batean. 7 urte zituela Urnietara aldatu ziren, eta han bizi izan zen hil artean. Mojetan ikasi zuen, eta misiolari joatea izan zuen buruan bolada batez gaztetan, baina bihotzeko eritasun larria atzeman zioten, eta asmoa bertan behera utzi zuen. Denboraldi luzetan etxean egotera eta bere burua zaintzera behartu zuen gaitzak.
Musikan trebatzeari ekin zion orduan, txikitatik agertu zuen zaletasunari eta dohainari bide emanez. Etxean kantuzaleak ziren, eta Urnietako txistulari taldean ere aritu zen. Zazpi urtez opera eta kantu ikasketak egin zituen Donostian, gitarra ere ikasi zuen eta kantuak egiten ere hasia zen ordurako. Eta hala, aitak oparitutako gitarrarekin, 1964an atera zen lehen aldiz jendaurrera, Andoainen (Gipuzkoa), ikastolaren alde kantatzera.
Berehala nabarmendu zen, eta emanaldi gehiago egiten hasi. Aizarnan (Zestoa, Gipuzkoa) 1965eko Gazteriaren Egunean eman zuen kontzertuaren ondotik, Joxemari Iriondo kazetari eta lehengusuak Loiolako Herri Irratira joateko eskatu zion; han grabatutako kantuak lau haizeetara zabaldu zituen irratiak, eta Euskal Herri osotik hasi zitzaizkion deika. Denei ezin baietzik eman ibili zen hurrengo hilabeteetan; urte hartan 40 bat kantaldi eman zituen, eta 1967an 170 jaialditan aritu zen. Ez oztoporik gabe, ordea, besteak beste, zentsura jasan baitzuen. Baina hara eta hona segitu zuen, eta 1967an argitaratu zituen bere lehenengo bi diskoak.
Ez Dok Amairu (1966-1972) taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta kiderik ezagunena ere bai kolektiboa osatu zutenean. Emanaldietan parte hartzeaz gain, taldearen kudeaketa lanak ere bere gain hartu zituen, harik eta Nekane Oiarbidek lekukoa hartu zion arte. Kolektiboa desegin zenean, bakarkako bidean segitu zuen, eta beste hainbat lagunekin ere egin zituen emanaldiak, tartean, Zazpiribai ikuskarian zein kantukide eta senar zuen Xabier Leterekin. 1978an eman zuen bere azken kontzertu ofiziala, Hernanin (Gipuzkoa). Bihotzeko ebakuntza zail bat egin zioten garai hartan, eta osasuna zein beste arrazoi batzuk tarteko, oholtzak uztea erabaki zuen.
Plaza publikotik aldendu arren, ez zuen euskararen eta kulturaren aldeko lana bazter utzi. Urnietan, haurrekin hasi zen lanean; Buruntza antzerki taldea sortu zuen, eta haur literaturako zein antzerkirako lan ugari idatzi zituen. Parrokian ere jardun zuen, beharra zutenei laguntzen.

Kantagintzan giltzarri
Euskal kantagintza berria ernaltzeko ezinbesteko pieza izan zen Iriondo, beste hainbatekin batera. Mugimendu haren eta Ez Dok Amairu taldearen egitekoaz, hala mintzatu zen 1966an, Zeruko Argia-n: «Euskal abestia galdutzen ari zala konturatu giñan. Aspalditik, gazte jendeak irrati eta telebisioan entzuten zituen abestiak kantatzen zituan. Gauz onen arrazoia zein ote zen pentsatzen jarri giñan, eta iritzi batera iritxi giñan: euskal gaztediari etzaizkiola abesti zaharrak aski. [...]. Gaztediak garaiko abesti berriak bear dituala. Eta ontaz konturatu giñanean, euskal abeslari guztiak batu egin giñan eta ‘Ez dok amairu’ taldea sortu genuen [...]. Guk, antziñako abesti jatorrak berpiztu egin nai ditugu: eta, era berean, abesti berriak sortu, era guzitakoak. [...] Gaurkoak izan nai degu eta ori da dena».
Gero eta abesti konprometituagoak hasi zen kantatzen Iriondo. Hastapenetakoen aldean, «gogorragoak», haren hitzetan; hala azaldu zuen bilakaera hori berak, Zeruko Argia-ko elkarrizketa berean: «Bear bada, lehenago abestia gauz polit bat bezela konsideratzen zen. [...] Gaur berriz, esakizun aundiak ditu herriari kantatzen zaion abestiak. Beste kontzientzi batekin kantatzen da gaur. Herriaren problemak kantatzen dira. [...] Abestia era askotakoa izan liteke. [...] Baiñan gaur iñoiz baiño geiago, abestia herriari bere problemataz itzegiteko modu bat da, batez ere».
Bere ibilbidean dozenatik gora disko grabatu zituen, laburrak nahiz luzeak; bakarka gehienak, Leterekin ere bai besteren bat.
«Lete ikertzean konturatu nintzen garai hartako prentsan garrantzia zeukaten pertsonak eta nire ezagutza maila ez zetozela bat. Eta hori Lurdes Iriondorekin gertatzen zitzaidala batez ere»JON MARTIN ETXEBESTEEHUko irakaslea eta ikerlaria

Hedabideen begirada
Garai hartan ez zen ohikoa emakume bat gitarra hutsez plazara ateratzea. Halaxe agertu zen Iriondo —izan ziren beste batzuk ere—, eta, sona lortu ahala, ezizenak ere hasi zitzaizkion jartzen; Joan Baez euskalduna-ren etiketa jaso zuen, baita Euskal Herriaren nobia-rena ere, besteak beste. «Oholtza gaineko emakumeek aparteko trat(amend)ua jaso zuten 60ko hamarkadan. Gizonak ez ziren beste gizonekin hain erraz alderatzen. Emakumeak, ordea, beste emakumeen bitartez etiketatzen ziren», ekarri du gogora Martinek liburuan.
Garai hartako prentsa aztertuta, tratu horren berri ematen duten beste hainbat adibide aurkitu ditu ikerlariak. «Erabili zen baliabideetako bat xalotasuna eraikitzearena izan zen; emakume gazte manipulagarriaren figura hedatu zuten hainbat egunkarik». Nazioarteko gaiei kantatu zienean, gizarte gaiekiko zuen interesa zalantzan jarri zuten beste batzuek. Eta haren dohainak azpimarratzen zituzten beste zenbait paternalismoz ere mintzo zitzaizkiola gaineratu du Martinek. Iriondo-Lete bikote izaera ere maiz nabarmentzen zuten, «beti Iriondoren ezaugarri bihurtuz, sekula ez Leterena». Eta hasierako kroniketan Iriondo abizena aurretik agertzen bazen, gerora atzerago agertuz joan zen.
Euskararen misterioa
Familia euskaldun batean jaio zen Iriondo, baina gazteleraz alfabetatzea erabaki zuten gurasoek, eta euskara maila apaldu egin zitzaion. «Eta hor badago misterio bat», ohartarazi du Martinek: «Zergatik erabaki zuen euskaraz kantatzea eta euskara berreskuratzea». Liburuko pasarte batean Maria Jesus Iriondok dio ez duela gogoan zergatik egin zuen ahizpak hautu hori, baina ez zirela harritu, «naturala» egin zitzaiela. Martin: «Gaur egunetik begiratuta, esan liteke inertziaren kontra egin zituela gauza gehienak, haize kontra ibili zela».
Erabaki horren arrazoiei buruzko daturik ez du topatu ikerlariak. Baina nabarmendu du badirela datuak esateko Iriondok jende ugari inspiratu zuela euskalduntzeko bidea hartzera. «Ezinezkoa da kuantifikatzea, baina uste dut harrituko ginatekeela Iriondok zenbat pertsona euskaldundu zituen, zenbatentzat izan zen inspirazio iturri hori egin zitekeela ikustea».
«Hor badago misterio bat: Zergatik erabaki zuen euskaraz kantatzea eta euskara berreskuratzea»JON MARTIN ETXEBESTEEHUko irakaslea eta ikerlaria

Duintasuna aldarri
Ez Dok Amairuko partaideei azkar heldu zitzaien arrakasta, eta «kalitate artistikoari eta teknikoari buruzko ardura» nahiz profesionalizatzeko beharra sentitu zituzten. Kantagintzatik bizitzea, baina, ez zen aukera bat ordura arte, eta taldekide gehienek zuten beste ogibideren bat; Iriondoren kasuan, «familia oneko alaba izateak ematen zion segurtasun ekonomiko bat». Eta berak hartu zuen, neurri handi batean, «artisten duintasunaren aldarrikapenaren lidergoa», Ana Gandara EHUko irakasleak bere doktore tesian azaldu eta Martinek liburuan jaso duenez.
1967an Zeruko Argia-n Iriondok berak idatzitako Euskalerriko eskaleak artikulua da horren lekuko. Bertan, kulturgileen prekarizazioa eta militantzia hutsez lan egiteko presioa salatu zituen: «Ikastola baten gastoak ordaintzeko jaialdi bat eratu dala, ta bertara kantatzera joatea oso gauza polita da. Baiñan Euskalherriko abeslari, poeta, idazle, pintore, musiku-eta gañerako artista guziak, bere bizitza ‘artea’ egiñaz jostatzen pasatzera beartuak egongo ote dira, beren herrian jateko aiña ere eskuratzen etzaielako?».
Errebeldia ikur
Martinek azaldu du Iriondo ezagutu zutenei ea emakume errebeldea izan ote zen galdetzeko asmoa zuela. «Baina galdera egitera iritsi aurretik, ia denek aipatu zuten errebeldea zela». Adoretsua, kementsua, ausarta, arduratsua, irekia eta librea dira elkarrizketatuek hura definitzeko gehien errepikatutako hitzak, besteak beste. «Bere burua ez zuen azpiratzen inoiz. Zerbait ez bazitzaion gustatzen, kataklanka!», dio Oiarbidek liburuko pasarte batean. Haren apaltasuna ere aipatzen dute gehienek, eta ez zuela inolako omenaldirik nahi sarritan esan izan zuela.
Bestalde, fededuna zen Iriondo, eta balio kristauak garrantzitsuak ziren harentzat. Baina Martinek uste du erlijioari akaso «garrantzi handiegia» eman zaiola haren biografian, eta haren irudi jakin bat zabaldu ahal izan duela horrek. «Hor badago erabat emateko joera bat, zapaldua dagoena laguntzeko joera bat, nolabait mojaren irudiarekin lotu daitekeena; baina, aldi berean, beste alor asko justu kontrakoa dira. Iruditzen zait oso erraz katalogatu direla zenbait gauza erlijiotik, eta berak askoz ere pentsaera konplexuagoa zeukala».
Emakume artistak mugatzeko eta historian ikusezin bihurtzeko mekanismoak aztertzen ditu Martinek liburuaren lehen partean, eta zera dio: «Emakume kementsua izan zen Iriondo, eta, posizio arrakastatsua lortu bazuen, mekanismo hauei aurre egiteko gaitasuna eta indarra izan zituelako izan zen. Bide urratzaile posizioak, etengabeko esfortzuak, nekea sortzen du, ordea».
«Gaur egunetik begiratuta, esan liteke inertziaren kontra egin zituela gauza gehienak, haize kontra ibili zela»JON MARTIN ETXEBESTEEHUko irakaslea eta ikerlaria

Lana eta lorratza
«Nabil, eta nabilelako nago hain neke (...)», abesten zuen Iriondok Hala ere (1974) kantuan. Askotariko arrazoiek eragindako neke horrek eraman zuen plazak uztera, baina, hala ere, ordutik aurrera ere ez zen geldirik egon. «Bere lekua haurren sormenera eta emakumeen euskalduntzera bideratu zuen Iriondok 1978tik aurrera», Martinek liburuan dioenez. Transmisioan jarri zituen indarrak, eta haurrentzako hainbat disko, liburu eta antzezlan ondu zituen, baita antzerki talde bat osatu ere, Urnietan. Halaber, euskararen eta kulturaren bidez parrokiako emakumeekin, bereziki migratzaileekin, egin zuen lana ere jaso du ikerlariak, «ahalduntzeko espazio bat sortzen» ahalegindu zela iritzita. Martinen ustez, arlo horietan bideratu zuen «zapaldua zegoena seinalatzeko eta salatzeko» artistak berezkoa zuen joera.
«Konbentzitua nago Lurdesekin injustizia moduko bat egin dela, eta erreparaziorako aukera perfektua daukagula aurten»JON MARTIN ETXEBESTEEHUko irakaslea eta ikerlaria
2005eko abenduaren 27an hil zen Iriondo, eta, haren bizitzari ez ezik, hil ostean jaso zuen aitortzari nahiz ondorengoengan izan zuen eraginari ere erreparatu die ikerlariak. Ez zuela omenaldirik nahi esan izan zuen artistak, eta bizirik zela ez zuen halakorik jaso —bai, aldiz, hil ostean—. Horren harira, erakundeen eginbeharraz gogoeta egin du Martinek: «Batzuetan gauzak berez ateratzen dira, eta beste batzuetan sustatu egin behar dira. Eta uste dut instituzioei badagokiela sustatzea, eta ikerlarioi, neurri batean, ere bai. Konbentzitua nago Lurdesekin injustizia moduko bat egin dela, eta erreparaziorako aukera perfektua daukagula aurten». Oraindik ere haren lanean sakontzeko hari mutur asko daudela, eta idatzi duen liburua «abiapuntu bat baino ez» dela gehitu du. Eta azkenaldian Iriondoren lanari edo izanari buruzko «itzarraldi» batzuk sumatuta, itxaropena agertu du. «Susmoa daukat, baina ez dakit susmoa esperantza den, berpizkunde bat izaten ari garela».