Hamabosgarrenez, Poesia Egunak egiten ari dira Ean (Bizkaia), herenegun hasi eta gaur arte. Itsasoaren ondoan, baina lurra hizpide; Lurra sustraietatik orri da aurtengo jardunaldien goiburua, eta haren inguruan harilkatu dituzte aurtengo proposamen asko. Lurra eta lurraldea, lurra sustraiak botatzeko edo deserrotzearen ondorioak pairatzeko, lurra okupatzeko edo desokupatzeko eremu gisa. Eta guztia, Ean ohikoa izaten den gisan, giro bikainean, lagunarte ederrean, poesiazale ugariren arrimuan eta musika, antzerkia eta bestelako adierazpideak baztertu barik.
Ibai Atutxari egokitu zitzaion atzo eguna irekitzea, arnasa luzeagoko ikerketa baten parte den arren Poesia Egunetarako beren-beregi prestatu duen hitzaldi batekin: Immolazio intimoak. Bestelako lurralde, intimitate eta euskal herritarrak egungo literaturan. Eskolondoko aretoa txiki gelditu zen bertaratutako guztiak sartu ahal izateko, eta entzule askok alboko gelatik entzun behar izan zuten Atutxaren berbaldia.
Atutxaren ustez, goiburuan agertzen diren hiru kontzeptu horiek -euskal herritarrak, lurraldeak, intimitateak- «korapilaturik» daude, eta elkarri eragiten diote. Eta kudeaketa ekonomiko neoliberalaren lilura eta patriarkatuaren segida historikoa hegemoniko diren Euskal Herri honetan, euskal herritarraren eredua, haren intimitateak eta lurraldetzeko moduak inposaturik agertzen dira.
Baina badaude eredu hegemoniko horren kontrakarrean ageri diren proposamenak. Atutxak literaturan topatu ditu proposamen horietako batzuk, hiru emakumek idatzitako azken literatur lanetan topatu ere: Eider Rodriguezen Bihotz handiegia —bereziki, ipuin bildumari izenburua ematen dion narrazioa hartu du aintzat Atutxak—, Uxue Alberdiren Jenisjoplin eta Danele Sarriugarteren Azala erre, hain zuzen.
Emakumeak dira protagonista hiru narraziootan: Ixabel, Eider Rodriguezenean; Miren, Danele Sarriugarterenean; Nagore, Uxue Alberdirenean. Protagonista bakoitza intimitatetik «immolatu» egiten da, Atutxaren esanetan: «Den emakumearen heriotza deklaratu egiten du gorpuztutako ekintza politiko gisa. Immolazio ekintza horrek sorkuntza dakar, intimitate normatiboaren bortxatik ihes egiteko gai dena, lurralde berriak eraikitzeko gai dena».
Lurrean «bera kabitzeko moduko zuloa» egiten du Ixabelek, aitzurrez hasieran, palaz geroago —Atutxak «hilobitzat» jo zuen zulo hori—; Mirenek bere burua erabat itxuraldatzen du, Jonek ez ezagutzeraino; Nagorek ere, Lukarekin duen harremanaren bidez, «zalantzan jartzen ditu maitasun erromantikoa, bitasuna, [bikotearen] helburu ekonomiko zein emozionala eta sexuaren izaera erreproduktiboa», eta horrek eraldaketa eragiten du.
«Oraingo eta hemengo estatu patriarkal eta neoliberalaren heriotza da hiru testuek deklaratzen dutena immolazioarekin», azaldu zuen Atutxak. «Intimitatetik eragiten duten immolazio ekintzekin estatuaren gizona da hiltzen dutena. Eta, aldi berean, heriotza jaiotza bat da, lurralde eta lurraldetze intimo berrien potentziala sortzen duena».
Moila agertoki
Eako moila izan zen Juanjo Olasagarre eta Martin Bidaur poeten errezitalaren atzoko agertokia. Eneritz Artetxe aktoreak aurkezturik eta Trizak taldearen jazz doinuetan kulunkatuta irakurri zituzten euren poemak Olasagarrek eta Bidaurrek, txandaka.
Itsasontzietako belak igo eta jaisteko sokak dira trizak. Eta, era berean, Jon Piris, Hasier Oleaga eta Julen Izarra musikarien proiektuari izena ematen diotenak. «Trizak listo eduki» esan ohi da kostaldeko zenbait herritan, prest egotea adierazteko. Musikariek trizak listo eduki zituztenean, haien doinuen abaroan aletu zituzten euren olerkiak poetek. Ia hemen Xabier Lete IV. Poesia saria irabazitako bere azken liburutik aukeratu zituen Olasagarrek bere poemak, amodioa, desamodioa, eguneroko kontu txikiak eta horien inguruan egindako gogoeta ez hain txikiak ardatz: «Etxeak fundatu egiten dira/ baina hautsak harrotuz erortzen dira/ antzinako inperioen modura».
Bidaurrek, berriz, iaz plazaratutako Itzulera liburuan oin hartu zuen bere poemak hautatzerakoan; uharte, arrantzontzi, kale eta horma artean egindako bidaia, itxaronaldi baten kronika ere izan daitekeena: «Nor naizen ere/ ez dakit dagoeneko. Ozta-ozta dakit/ non nagoen. Norbaiten zain egotera/ etorri nintzen hona,/ hamar urte atzera. / Orduan ez nekien/ zain egotera nentorrenik».
Nork bere poemak errezitatu zituen, baina, emanaldiaren bukaera aldera, bi-biak mikrofonoaren aurrean paratu, eta elkarrekin irakurri zuten pare bat olerki: Olasagarreren Palinodia eta Bidaurren Errepika, hain zuzen.
Herri bazkariaren ostean, Metrokoadroka Sormen Laborategiak Zanbuia! antzezlana jokatu zuen herriko kaleetan zehar; hori ere Eako Poesia Egunetarako beren-beregi atonduriko lana da. Joan den astelehenetik Ean izan dira Metrokoadroka Sormen Laborategikoak, sortzen eta esperimentatzen, eta prozesu horren emaitza izan da umorea, performancea, arte plastikoak, zirkua eta kale antzerkia uztartzen dituen Zanbuia! ikuskizuna.
Iluntzean, errezitalak eta musika emanaldiak jarri zioten akabera egunari. Batetik, Gotzon Barandiaranek, Itziar Castrillok, Ane Garciak eta Josu Landak Parrapean izeneko errezitala eskaini dute. Violeta eta Nicanor Parra neba-arreben lanak izan zituzten oinarri, baten kantuak eta bestearen poesiak, bi artista txiletarrei egindako omenaldian. Bestetik, Mice-ren kontzertua ere izan zen, Ilargi Agirre, Ibai Gogortza, Fernando Neira eta Joseba Baleztena alboan zituela.
Gaurkoan, berriz, Mari Luz Estebanen eskutik etorriko da egitarauko lehen proposamena, Lurra, animaliak, emakumeak: desokupazio ariketa 5 ekitalditan hitzaldia, Eskolondon.
Kalitatearekin, pozik
Castillo Suarez Eako Poesia Egunetako antolatzaileen taldekoa da, eta, egunkari honi adierazi dioenez, «pozik» daude jendearen erantzunagatik, aurten egokitu zaien eguraldiagatik eta, batez ere, egitarauan lortu duten kalitateagatik: «Guk ideia bat hartzen dugu urtero; horren inguruan hitzaldi edo emanaldia propio egingo digun jendea topatzen saiatzen gara; eta, bestalde, hortik zehar ikusi eta gustatu zaizkigun gauzak ekartzen ahalegintzen gara. Eta aurten maila ematen ari garela uste dut».
Lurraren inguruan atondu dute aurtengo egitaraua, baina, Suarezek dioenez, urteroko gaia «oso modu malguan» hartzen dute beti: «Lurrarenak interpretazio askotarako bide ematen du, bakoitzak ertz batetik heltzen dio,eta hori ikusten da egitarauari erreparatuta».
Aurtengo poesia egunek badute beste berezitasun bat, gainera: Eako herrigunean kontzentratu dituzte ekitaldi guztiak. Beste urte batzuetan, Bedarona eta Natxitua auzoetan ere egin dituzte emanaldiak, baina ekitaldi guztiak kontzentratzea erabaki dute antolatzaileek aurten, azpiegitura lanak errazte aldera.
Suarezen ustez, «giroa» da Eako Poesia Egunetako ezaugarririk behinena, antzeko beste ekitaldi batzuekin alderatuta: «Dudarik gabe, Eako Poesia Egunetako giroa berezia da», esan du. «Jende asko bakarrik etortzen da, aurreko urteetan ezagututako lagunak aurkituko dituela jakinda. Taldea berehala osatzen da, eta elkarrekin joaten dira ekitaldi guztietara. Badago jende asko nik Ean baino ikusten ez dudana».
LUR BAT POESIARI
Itsaso ondoan eta kresal artean baina lurra gaitzat hartuta, Poesia Egunak egiten ari dira Ean (Bizkaia), aurten hamabosgarren aldiz; hitzaldiak, errezitalak, musika emanaldiak, antzerkia eta bestelako ekitaldi ugari antolatu dituzte, eta gaur ere bete-beterik dator egitaraua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu