Lupa bazterrekoengan jarrita

Ostegunetik igandera egingo dute Lupa Dokumentalen Mostra, Errenterian eta Donostian. Hamargarren urteurrena du aurten ez-fikziozko ikus-entzunezkoei eskainitako jaialdiak

Ez-lekuak erakusketan parte hartu duten artista eta antolatzaileetako batzuk, larunbateko aurkezpenean. LUPA.
Maialen Unanue Irureta.
2017ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
«Kultura letra larriz idazten duten batzuek ahaztua duten zinema» du ardatz Lupa Dokumentalen Mostrak. Hala azaldu du antolatzaileetako batek, Iker Fernandezek. Dokumentalei eta ez-fikziozko zinemari tartea egiteko beharretik abiatu zuten jaialdia duela hamar urte: aurtengoa ostegunetik igandera bitartean egingo dute, Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulon eta Donostiako Guardetxean. Hain zuzen ere, Mikelazulo kultur elkartea eta Guardetxeko Banda Bat izan ziren jaialdiaren sustatzaileak.Ohiko formatuari eusteaz gain, ekitaldi bereziak ere antolatu dituzte, urteurrenaren harira.

Hamar urtean lehenengoz jarri diote leloa mostrari: Zakur berdearen begiradak. Izenburuak bat egiten du jaialdiaren izpirituarekin: fikziozkoa ez den zinema du ardatz lau eguneko jaialdiak, eta areto eta jaialdietatik at gelditzen diren ikus-entzunezko eta autoreak dira nagusi. «Bazterretan» gelditzen direnak. «Zakur berde sentitzen gara batzuetan, hala sentiarazten gaituztelako akaso, eta, seguru asko, hala hartuak dira Lupan proiektatzen diren lanak ere». Hasieratik bilatu dituzte «begirada berezi eta arriskatuak»: «Autoreak hartzen dituen arriskuak edo ahalegin horiek babestu nahi ditugu, nolabait esatearren: babestu egin nahi dugu eta leihoa ireki nahi diogu ausarta den zinemari».

Luparen filosofia ikus-entzunezkoak proiektatzetik harago doa. Topagune bat da, bere horretan: batetik, publikoaren eta egileen artekoa, eta, bestetik, egileen beren artekoa. «Hasieran, galdera batzuk planteatu genizkion geure buruari, eta erantzunak bilatzeari ekin genion: autoreek eskertzen dute gurera etortzea, publikoarekiko harremana, beren artean ezagutzea, eta abar». Mikelazuloko eta Banda Bateko kideak ez ziren hutsetik hasi, hala ere: Mikelazuloko Zine Txiroaren esperientzian du abiapuntua Lupak. Hilabetean behin, zinema soziala edo politikoa lantzen zuten pelikula dokumentalak proiektatzen zituzten, gai bat aukeratuta, gonbidaturen batekin: ahal zela, zuzendaria edo pelikularekin zerikusia zuen norbait eramaten zuten, eta, gainontzean, gaiari buruz publikoarekin batera ikusitakoa komenta zezakeen norbait. «Lupa irekiagoa da, ez hain lotua gai bati; ordea, saiatzen gara autorearen begiradari adi egoten».

Lehenengo aldian, antolatzaileek propio bilatu zituzten mostran eskaintzeko lanak. Hamar urte geroago, proposamenak jasotzeko deialdia egiten dute eta, gero, hautaketa egin. Aurten, 110 inguru jaso dituzte, film laburrak eta luzeak kontuan hartuta. Fernandezen esanetan, ahoz aho zabalduz joan da Lupa egileen artean: «Jendeari galdetzen diogunean gure berri nola izan duen, askok kontatzen digute zinema munduko jendearen bitartez ezagutu gaituztela, lanak bidaltzeko aholkatzen dietela, eta esperientzia ederra izango dutela esaten dietela». Lanen banaketan aritzen diren agentziek ere bidaltzen dizkiete beren katalogoak. «Oso polita da jakitea honetan dabilen jendearen artean baduela karisma edo izen ona; erakusten digu hemendik pasatu denak kariñoa diola Lupari».

Txiki izatearen abantailak

Ikus-entzuleen interesa ere agerikoa da, Fernandezek azaldu duenez. «Egunak gerturatu ahala, jendea galdezka hasten zaigu: hamar urteren ondoren, badugu jarraipen bat gure txikitasunean». Jaialdi handia ez izateak egiten du berezi, Fernandezen ustez: «Hain zuzen, gertutasun eta goxotasun horrek tamainarekin ere badu zerikusia, eta horrek asko ematen die bai publikoari eta bai autoreei». Harrera ona izaten du jaialdiak, emanaldiak bete egiten dira, eta, alde horretatik, balorazio positiboa egin du Fernandezek.

Urteurrenaren harira antolatutako ekitaldietako bat da Errenterian jarri duten Ez-lekuak izeneko erakusketa. Maiatza amaitu bitartean, hamahiru artistaren lanak izango dira ikusgai herriko zenbait gunetan. Fernandezek azaldu duenez, beti izan dute Luparen izpiritua zinema aretotik harago zabaltzeko gogoa, eta Zakur berdearen begiradak leloak horretarako aukera eskaini die: «Arte sortzaileek zinemagileen arazo berak dituzte: haien lanak erakusteko espazioak oso eskasak dira».

Hala, zer eta non erakutsi nahiko luketen galdetu zieten artistei. «Pentsatu dugu, horrela, jendeak kalean ezustean aurki dezakeela espero ez duen begirada baten ondorioz sortutako artelan bat: polita iruditu zitzaigun egunero tabako dendara, merkatura edo tabernara sartzen dena ohikoa ez den elementu batek harrapatzea». Askotariko lanak jarri dituzte ikusgai: badira argazkiak, collageak, soinu mapa bat, bideo instalazio bat, eta abar.

Larunbatean, festa egingo dute Guardetxean. Ospakizunekin hasi aurretik, Gartxot musikariak bideo-kontzertu bat eskainiko du, Jose Antonio Laburu dokumentalgilearen irudiekin lagunduta —antolatzaileen arabera, lehenengoz erakutsiko dituzte irudiok—. Igandean, Hendaiako (Lapurdi) Rouge Elea taldeak Hau da nire ametsen kolorea antzeztuko du Errenteriako Niessenen, 19:00etan.

Egitarau osoa ikusi nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.lupadoc.org
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.