Musika

Lukiek taldeak «gero arte» esan du, bira amaituta

Bizkaiko taldeak asteartean bukatu zuen '#2' diskoa kaleratutakoan hasitako kontzertu bira, eta gaur jakinarazi dute «gelditu» eginen direla aldi batez. Ez dute argitu noiz itzuliko diren.

Lukiek taldeko hiru kideak, artxiboko argazki batean. BERRIA
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko azaroaren 3a
12:45
Entzun

2021eko abenduan aurkeztu zuen Bizkaiko Lukiek musika taldeak bere bigarren lan luzea: #2. Diskoaren aurkezpen kontzertuei ekin zietenetik, taldeak 106 emanaldi egin ditu osotara –joan den asteartekoa izan zen azkena, Legorretan (Gipuzkoa)–, eta, orain, kideek jakinarazi dute «gelditu» eginen direla. Etenak noiz arte iraunen duen argitu gabe. «Besarkada handi bat oholtza elkarbanatu dugun talde guztiei. Gu gelditu egiten gara (...)», adierazi dute ohar batean.

Christian Rodriguez (bateria), Josu Ximun Billelabeitia (ahotsa, gitarrak) eta Antton Goikoetxea (baxua) kideak elkarrekin ageri diren argazki bat zabalduz iragarri dute etena, «eskerrik asko denoi» idatziz irudiaren gainean. Izan ere, esker mezuz jositako testua plazaratu dute: «Kaixo! Argitalpen honen bidez, eskerrak eman gure deutseguz bira honetan eskainitako 106 kontzertuetako batera /(edo gehiagotara) joan zarion guztioi. Baita aretoetako, jaialdietako, gaztetxeetako, jai batzordeetako, kultur guneetako eta gure musika jotzeko lekutxue egin deuskuen beste inguru batzuetako jendeari bere bai».

Zaleen zorionerako, oharraren bukaeran utzi dute esperantza pilula txiki bat. «Orain, gero arte diogu, baina itzuliko gara. AMZ!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.