Komikia eta zinema

Luis Gascaren omenezko erakusketa zabaldu dute Donostian

Besteak beste, ikertzaile eta dibulgatzaile donostiarrak bildutako komikiak eta zinemari lotutako argazkiak jarri dituzte ikusgai Okendo kultur etxean.

Hainbat komikiren binetk bildu dituzte erakusketan. IDOIA ZABALETA / FOKU
mikel lizarralde
2022ko irailaren 8a
16:25
Entzun

«Herri kultura maite duen edonorentzat figura eztabaidaezina da». Luis Gasca (Donostia, 1933-2021) kultur munduaren eta gizartearen aintzatespena jasota hil zen joan den urtean, baina Asier Mensuro komikiaren eta zinemagilearen historiagileak uste du oraindik ere handiagoa izan beharko lukeela hark egindako lanaren aitortzak: «Komikia arte bat bezala aztertu zuen lehenengo taldeko kide izan zen, Umberto Eco, Alain Resnais eta abarrekin». Gascak bere kultur ibilbide luzean egin zuen lana hobeto ezagutzeko asmoarekin, haren bilduma pertsonaleko 270 pieza inguru —obra grafikoari eta komikiari lotutakoak— eta ehun bat argazki biltzen dituen erakusketa ireki dute Donostiako Okendo kultur etxean: Luis Gasca, komikia eta zinema. Mensurok eta Alvaro Ponsek egin dute erakusketaren komisario lana, eta ez da lan erraza izan, milaka agiriren artean egin behar izan baitute hautaketa. Azaroaren 8ra arte egongo da ikusgai erakusketa.

Erakusketaren izenburuak ez ditu ezkutatzen Gascaren bi pasioak: komikia eta zinema. Hain zuzen ere, bi arte diziplina horiei eman zizkien bere kultur ibilbideko urterik garrantzitsuenak. 1970ean Buru Lan argitaletxea sortu zuen, eta, haren bitartez —eta geroago sortuko zuen Pala argitaletxearen bidez—, komikiari hauspoa eta behar zuen garrantzia emateko lan eskerga egin zuen. Hiru aldizkari sortu zituen, Drácula, El Globo eta Zeppelin, eta haien orrietan argitaratu zituen AEBetako komikiaren izenburu ezagun eta mitikoak, eta baita Europako egileen pertsonaia esanguratsuen abenturak ere: Spirit (Will Eisner), Dick Tracy (Chester Gould), Prince Valiant (Harold Foster), Corto Maltese (Hugo Pratt)...

Okendoko horma oso batek komikiarekin zuen harreman horren laginak biltzen ditu. Besteak beste, John Prenticek marraztutako Rip Kirby pertsonaiaren bineta original bat, Prenticek Gascari eskainitako marrazki bat, Jack Kirbyren marrazki original bat (Hulk pertsonaiarena), Prince Valiant komiki sailaren beste bat, eta Gascari eskainitako Bruce Hogarthen sormen lanaren bi adibide ezagunenetakoen —Tarzan eta Drago— irudiak. «Hogarth komiki munduko Michelangelo gisa ezagutzen dute munduan. Bada, Luis Gascak jarri zion ezizen hori».

Pala argitaletxearekin, komikiak argitaratzen segitzeaz gain, arlo didaktikoari ere eman nahi izan zion garrantzia, eta horren ondorioa izan zen Enciclopedia Juvenil Pala (Pala gazte entziklopedia) bilduma. Mensuro: «Garai hartan ohiko entziklopediak ziren hizki txiki-txikiz eta argazki are txikiagoez betetako liburu mardulak». Gascak, ordea, ilustratzaile eta komikigileei eskatu zien testuak laguntzeko irudiak egin zitzaten. Besteak beste, zinemaren historiari, margolaritzaren maisuei, etorkizuneko bizitzari eta bibliari buruzko bildumak atera zituen entziklopedian: «Baina pentsa: Bibliari dagokion alean, mitologia paganoaren inguruko testuak eta marrazkiak ere sartu zituen».
Komikiaren zale eta bultzatzaile ez ezik, ikertzaile ere izan zen Gasca, eta, Buru Lan sortu aurretik, Cuto izeneko aldizkari teorikoa ere zuzendu zuen. Hiru zenbaki besterik ez zituzten atera —besteak beste, Jose Julian Bakedanok ere hartu zuen parte—, eta haietako baten azala —Supermanen aurpegia azaltzen dena— Ivan Zuluetak egin zuen, eta beste bat, berriz, Juan Carlos Egillorrek. Erakusketan hiru ale horiek jaso dituzte, eta baita Zuluetak egindako marrazkia ere.

Zinemaldiko zuzendari
Herri kulturaren zalea izanik, Gascaren beste zaletasun nagusia zinema izan zen, eta Donostiako Zinemaldia zuzentzera ere iritsi zen, 1977an. Hain zuzen ere, zinema jaialdiari berrikuntzak ekarri zizkion, eta bere lehenengo urtean George Lucasen Star Wars filma estreinatu zuen bertan, ez komunikabideetan iskanbila piztu gabe, garai hartan space opera bat zinemaldi serio batean ematea ez baitzen ohikoa. Gainera, Luis Buñuel erbestetik ekarri zuen Donostiara. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren gaur egungo zuzendariak 22 urte zituela ezagutu zuen Gascaren lana, erotismoari eta zinemari buruzko artikulu batzuen bitartez. «Niri beti gustatu izan zait generoko zinema, eta Gascak hori bera bultzatu zuen, genero kultura hainbat diziplinatan».

Zinemarekin izan zuen harremanaren adibide ugari bildu dituzte erakusketan; hala nola Gasca hainbat aktore eta zinemagilerekin agertzen den argazkiak, eta baita zinema munduko izarrek Gascari berari oparitutako argazkiak ere: Robert Mitchum, Virginia Mayo, Francesca Bertini, Glenn Ford, Bruce Willis, Cesar Romero, Lloyd Bridges...

Gasca bildumazale porrokatua izan zen, eta bere bizitzan komikiari nahiz zinemari buruzko 30.000 agiri —aldizkariak, argazkiak, komikiak eta beste— bildu zituen. Material hori guztia Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Koldo Mitxelena kulturunearen esku utziz joan zen 2004tik aurrera, eta, hamar urte geroago, 2014an, Komikigunea zabaldu zuten Donostian, Gascaren bilduman ardaztuta.

Erakusketaren osagarri gisa, hiru hitzaldi ere antolatu dituzte datozen asteetarako: hilaren 28an, Laura Perez eta David Rubinek hitz egingo dute Koldo Mitxelena kulturuneko ekitaldi aretoan; urriaren 5ean, Fermin Solis eta Paul Urkijo ariko dira; eta, azkenik, urriaren 27an, Stephan Levallois eta Belen Atienza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.