Luis Garde: «Xabier Leteren izena daraman saria jasotzea gailurra da»

'Eremuen birkalifikatzea' lanean gizarte kritika eta metapoetika «orekaz» uztartzeagatik, atzo eman zioten Luis Garderi Xabier Lete saria

Ikerne Badiola eta Lourdes Otaegiren eskutik jaso zuen saria Luis Gardek. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Otsailean eman zuten aditzera Luis Garderen (Iruñea, 1961) Eremuen birkalifikatzea poesia liburua izango zela Xabier Lete sariketaren bigarren ekitaldiko irabazlea. Atzo jaso zuen Gardek saria Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura, Gazteria eta Kiroleko diputatua eta Lourdes Otaegi epaimahaikidearen eskutik. Hunkituta azaldu zen Garde saria jaso eta liburua aurkezterakoan. Izan ere, «Xabier Leteren izena daraman saria jasotzea gailurra» dela nabarmendu nahi izan zuen.

Haren lanari dagokionez, zazpigarren liburua du hau Gardek. Aurretik Oihan nabarra (BBK-Euskaltzaindia, 2004), Haize hegoaren aroak (Pamiela, 2007), Gertakarien urtzea (Alberdania, 2008), Unplugged (Kutxa, 2009), Maizter arrotza (Erein, 2013) eta Trenen abiadura (Pamiela, 2013) argitaratu ditu. Idazleak aditzera eman duenez «proiektu bereizia da liburu bakoitza». Izan ere, gai eta tonu aldetik liburuak euren artean ezberdinak direla azaldu du.

Eremuen birkalifikatzea poema bilduma izanagatik ere, gai aldetik batasuna badagoela azpimarratu nahi izan du Gardek. Izan ere, haren iritzizpoesia bildumak «laberintikoak»izan ohi dira, baina badu lan honek hari orokor bat: krisia.

Krisi hori baina, ez da ekonomikoa bakarrik; horrez gain, krisi sozial, moral eta etikoa azaldu nahi izan baititu. Hala, irakurlea «geure munduan» murgil dadin lortu nahi du Gardek: «Geure mundua ulergarri suertatzea dute hitzek helburu». Alabaina,idazleak nabarmendu duenez, poesia bizitzaren «osagarri» da, «ez ordezkari».

Kalitatezko sariketa

Xabier Lete sariketaren lehen ekitaldian, duela bi urte egindakoan, Karlos Linazasoro izan zen irabazlea Ezer gehiago behar gabe lanarekin (Pamiela, 2012). 22 lanek hartu zuten parte bertan.

Bigarren ekitaldian, aldiz, 23 lan aurkeztu dituztepoetika proposamen ezberdinak azalduz, eta horien «kalitate aipagarria» azpimarratu du Igor Estankona, Joxerra Garzia, Tere Irastorza, Jose Angel Irigarai eta Lourdes Otaegik osatutako epaimahaiak.

Otaegik azaldu duenez, 23 lan horietako lehen irakurraldian zazpi lan hautatu zituzten, eta gerora aukeratu zuten «izenburu bitxia» duen Garderen lana irabazle. «Orekaz» uztartu ditu Gardek gizarte kritika eta metapoetika epaimahaiaren iritziz, eta bestalde, haren lanean “arnas handiko ahots poetikoa— mintzatzen dela nabarmendu dute. Lanaren «ausardia» izan da baina, epaimahaia erakarri duena Otaegiren esanetan. Egungo gizarteko kezkak azaltzen baitira bertan.

Xabier Lete omenduz

2011. urtean sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak poesia sari hau XX. mendeko poetaeta abeslari handiaren memoria eta lana denboran ez galtzeko helburuarekin. Izan ere, Badiolak adierazi duenez, «joan direnen ekarpenak lausotu egiten dira denborarekin». Sariketa horretaz gain, Leteren irudia ahaztu ez dadin, hark gauzatu gabe utzitako asmoak, ikerketak, eskuizkribuak, poema bildumak ... errealitate bihurtzeko prest daudela adierazi du. Horri heltzeko, Leteren ingurukoek, Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak ekingo diote lanari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.