Aurtengo Donostiako Zinemaldiak erakutsiko dituen lan gehiagoren berri eman du gaur goizean jaialdiak: We Are Who We Are telesailaren nazioarteko estreinaldia izango da horien artean. Luca Guadagninok (Palermo, Italia, 1971) zuzendutako zortzi kapituluko lana osorik ikusi ahalko da Sail Ofizialeko emanaldi berezien barruan. Estatu Batuen Italiako base militar batean bizi diren bi neraberen adiskidetasun eta maitasun istorioa kontatzen du. 2017an, Guadagninok Call Me By Your Name filma aurkeztu zuen Perlak sailean, eta oraingoan telebistarako egindako lehen lana erakutsiko du Zinemaldian. Paolo Giordanok, Francesca Manierik eta Guadagninok berak idatzia da, eta Chloe Sevigny, Jack Dylan Grazer eta Alice Braga aktoreak ditu protagonista, besteak beste.
Sail Ofizialean arituko da, kasu honetan lehiaketaren barruan, Ziyang Zhouk (Ordos Hiria, Txina, 1983) zuzendutako Wuhai filma ere. Zuzendariaren bigarren ekoizpena da, eta filmari izena ematen dion hirian ekonomikoki zailtasunak dituzten senar-emazte batzuen istorioa kontatzen du. Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian ariko den azkeneko lana izango da, eta denera hamabi lan izango dira aurten.
Zinemaldiko beste bi sail garrantzitsuetan ere beste bi film gehitu dira lehiaketara. Zuzendari Berriak sailean, Christian Johannes Koch (Luzerna, Suitza, 1986) Spagat filmarekin ariko da lehian. 2013an, Nest sailean izan zen Über Uns Elektrizität film laburrarekin, eta oraingoan bere lehen film luzea aurkeztera dator. Itxuraz familia bizitza normala daraman baina ikasle baten aitarekin isilpeko harremana mantentzen duen irakasle baten bizitza du argudio filmak. Zabaltegi-Tabakalera saila osatzeko, berriz, Marta Sousa Ribeirok (Lisboa, 1992) Simon chama aurkeztuko du, bere bizitza aldatzea espero duen gazte bati buruzko film luzea.