Antigone edo ezetzaren beharra antzezlanak irabazi du 22. Donostia antzerki saria, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolatzen dutena. Gaur jakinarazi dutenez, Horman Poster kolektiboaren antzezlana saritu du epaimahaiak. Antigona tragedia klasikoaren bertsio garaikidea da obra, Xanti Agirrezabalak, Maite Aizpuruak, Matxalen de Pedrok eta Jon Ander Urrestik antzeztua, Igor de Quadraren zuzendaritzapean. Ez dira gutxi izan klasiko greziarra egokitu dutenak; euskaraz, baina, oholtza gainean interpretatu den lehen lana da. Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, martxoaren 27an egingo dute saria banatzeko ekitaldia, Viktoria Eugenia antzokian, eta bertan taularatuko dute berriro obra. Epaimahaiaren esanetan, arrazoi askorengatik saritu dute antzezlana. Horman Poster konpainiak 12.000 euro eta Oaia Peruarenaren artelana jasoko ditu.
Kolektiboaren esanetan, Sofoklesen Antigona testutik eta beste bertsio garaikide batzuetatik –Jean Anouilh, Beltrolt Brecht, Maria Zambrano, Judith Butler, Slavoj Zizek, Jokin Zaitegi...– abiatuta sortutako proiektua da Antigone edo ezetzaren beharra. Boterearen inguruko galderak, kezkak eta hausnarketak eguneratu eta biltzen ditu, eta ariketa egin ikuslea gogoeta horietara bultzatzeko. Obraren estreinaldia 2020ko azaroan egin zuten, Bilboko Arriaga antzokian. Ez da izan antzezlana saritu duten aurreneko aldia: Azpeitiko Antzerki Topaketetan publikoaren saria irabazi zuen 2020an.
Antzezlanean gizartea zeharkatzen duten eta iraunkorrak diren gatazka etiko eta politikoak sakontzen dituzte, «tragedia grekoaren eta mitoen gaurkotzeko gaitasunaz baliatuta». Hala azaldu dute: «Feminismoaren eta pentsamendu desobedientearen mito politikoa berrikusi nahi izan dugu, obedientzia eta desobedientziaren arteko tarte laburra eta kontraesanak taularatuz». Boterea, obedientzia eta desobedientzia ditu ardatz obrak, beraz. Beharrezkotzat jo zuten prozesua euskaraz egitea.
Horman Posterrekoak dira Antigona euskaraz taularatzen lehenak, baina obra euskaraz irakurtzeko aukera bazen aurretik. Jokin Zaitegik Sofoklesen testua grekotik itzuli zuen 1946an, eta Mexikon argitaratu zuen, Antigone izenburuarekin. Bilboko antzerki konpainiako kideek haren bideari segitu diote, eta haiek ere Antigone hitza erabili dute, Antigona erabili beharrean. Tituluaren bigarren zatiarekin, «bertsio bat dela erakutsi» nahi izan dute. Antzezlanean askotariko hizkuntza eta elementu eszenikoak erabiltzen dituzte.
2021ean, helduentzako euskarazko hogei antzezlan eskaini zituzten Donostian, eta 45 emanaldi egin. Denera 6.609 ikusle joan ziren. Aitortu dute kopurua aurreikusi baino apalagoa izan dela, baina, hala ere, gustura agertu dira izandako harrerarekin.
Proiektu berriak
Oraindik sormen prozesuan dagoen arren, esku artean duten proiektu berria aurreratu dute Horman Poster kolektiboko kideek: Souvenir antzezlana. Azaroan estreinatuko dute obra, Arriaga antzokian. Azaldu dute kolonialismo estralurtarraren eta turismo espazialaren inguruko hausnarketa bat dela.