Louise Bourgeoisen inguruko filmarekin hasiko dute Feministaldia, asteartean

Feminismoaren eta artearen inguruko tailerrak, aurkezpenak eta mahai-inguruak izango dira Donostian

Ainhoa Sarasola.
2010eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Kultura feministari eskainitako jaialdiak bosgarren urtea beteko du. Heldu den astean hasiko da Feministaldia, eta, ohi bezala, hamaika ekimen antolatu ditu Plazandreok plataformak, elkartu, hausnartu eta emakume sortzaileen lanak ezagutarazteko. Mahai-inguruak, performance-ak, aurkezpenak, tailerrak, kontzertuak eta beste hainbat ekitaldi izango dira hilaren 17an eta 18an Donostiako Artelekun. Baina jaialdiari hasiera emateko, Loiuse Bourgeois eskultorea ekarri nahi izan dute gogora. Bourgeois joan den maiatzean zendu zen. Haren bizitzari eta obrari buruzko Louise Bourgeois: The Spider, The Mistress and The Tangerine filma emango dute asteartean, Antzoki Zaharrean,.

XX. mendeko artista handienetako bat izan zen Bourgeois (Paris, 1911). Gazterik New Yorkera joan zen bizitzera, eta han hasi zuen ibilbidea artista gisa. Artea «gizonezkoen feudoa» zela jabetuta, konbentzioak eta nagusitasun patriarkala arbuiatu zituen bere lanetan, amatasuna, sexualitatea eta generoaren inguruko kezkak eskulturen bidez islatuz. Artistari buruz Amei Wallachek eta Marion Cajorik ondutako filma emango dute, 20:00etan.

Donostiako kultur programazioan artista emakumezkoen eta diskurtso feministaren falta sumatuta antolatu zuen Plazandreok plataformak lehen Feministaldia, orain bost urte. Hutsune hori «salatzea eta betetzea» zen asmoa, Irene Ormazabal plataformako kideak azaldu duenez. Horren inguruko gogoeta egiteko, mahai-inguru bat antolatu dute ostiralerako Artelekun (19:00). Kultur politikak eta berdintasun politikak: errealitate paraleloak? izenburupean, Leire Bergara Bilboko Rekalde aretoko komisario ohiak eta Santi Eraso Donostia 2016 kultur hiriburu izateko hautagaitzaren arduradunak parte hartuko dute. Nerea Miranda, Polyxeni Canditi Dalloway Stavrou eta Diana Pornoterroristaren eskutik performance-ak izango dira mahai-inguruaren ostean.

II. Masa Kritiko Feminista

Larunbatean izango da ekitaldi gehien. Jaialdiaren izaera parte- hartzaileari eutsi nahi izan diotela azaldu du Ormazabalek. Hala, 10:00etatik bazkalordura bitarte, bi tailer egingo dituzte: Maitena Monroyk autodefentsari buruzkoa emango du, eta arte feministari buruzkoa, berriz, Patrike Arenillasek. Tartean, halere, beste ekitaldi garrantzitsu bat izango da: iaz bezala, aurten II. Masa Kritiko Feminista egingo dute. Artelekutik bizikleta martxa aldarrikatzailea abiatuko da, 13:00etan.

Horren nondik norakoak aurkezpenetarako arratsaldean izango den tartean azalduko dituzte Gasteizko Kataliñak taldekoek, Zer ikusia du bizikletak feminismoarekin? mintzaldian. Pikara magazine sareko aldizkari feminista berriaren inguruan hitz egingo du June Fernandezek, eta LGTBQ politikei buruz ariko da Raquel Platero.

Aurkezpenak bukatuta, antzerki, musika eta dantzarako txanda iritsiko da. Olatz de Andresek dA cAPO dantza ikuskizuna eskainiko du, eta Toxic Lesbian, Sayak Valencia Triana eta Gudari Kingsen eskutik, performance-ak izango dira. Jaialdia maitzeko, Cathy Clareten kontzertua eta Placida Ye-Ye disko jartzailearen musika izango dira gauean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.