Loturak, ikuslearen esku

Alain Urrutiaren 'II. kapitulua; Distopia' erakusketa jarri dute Guggenheim museoko 103B aretoko horman

Alain Urrutia, atzo, Guggenheim museoko 103B aretoan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Alain Urrutiaren (Bilbo, 1981) formatu handiko hainbat ikatz marrazkik osatzen duten sekuentzia ikusteko aukera dago egunotan Bilboko Guggenheim museoko aretoko horma batean, II. kapitulua; Distopia izenburua duen erakusketan. Paper gainean eginak dira Urrutiaren ikatz marrazkiok, eta irudi lausotuekin osatuak. Aldez aurretik, itxuraz behintzat, elkarrekin inolako loturarik ez dutela diruditen eguneroko egoerak islatzen dituzte; ikusleari dagokio sekuentziako irudien eta haien arteko loturen interpretazioa egitea; baita ere, hortik abiatuta, egilearen iruditeriari buruzko bere kontzepzioa lantzea.

Guggenheim Horma lehiaketa

Euskal Herriko artista gazteentzat antolatutako Guggenheim Horma lehiaketan hautatutako bost egitasmoetako bat da Urrutiaren II. Kapitulua; Distopia. Gainerako proiektu hautatuak Eduardo Hurtadok, Alvaro Gilek, Zuhar Iruretagoienak eta Irantzu Sanzok eta Cristian Villavicenciok eginak dira. Museoko 103B aretoko 20,6 x 5,9 metroko horma batean erakusteko egindako lanak dira denak.

Eduardo Hurtado, Alvaro Gil eta Zuhar Iruretagoienaren lanak ikusi ahal zan dira orain artean horma horretan, eta orain Urrutiarenak hartu die lekukoa, azaroaren 11 bitarte. Urrutiaren lanaren ondoren, Irantzu Sanzok eta Cristian Villavicenciok egindakoa baino ez da faltako ikusteko.

Guztira, 75 egitasmo aurkeztu ziren Guggenheim Horma lehiaketara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.