Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Lotsa ere iraultzailea da

2024ko martxoaren 17a
05:00
Entzun

«Hamar urte nituen orduan. Sos batzuk lapurtu zituzten amaren diru-kutxatik. Igandea zen... Gogoan dut! Errudun jo ninduten, injustuki, eta nire lotsari egindako erronka hementxe, barru-barruan, iltzatu zitzaidan. Gogoan dut gau hartan nire ohatzean etzanda anarkia-ernamuin bat heldu zela nire burmuinean iniziatzera». Alfonsina Storniren hitzak hauek, joan den astean Inma Errea itzultzailearen ahotik irteten entzun nituenak, sumenditik labanola, lotsaren gorriari aipamena eginez. Eta iltzaturik geratu zitzaidana niri bertso hura izan zen, zeren eta lotsa eta anarkia parez pare jartzen zituen (!?). Eta gogoratu nintzen aurrekoan Mikel Elkoroberezibarrek BERRIAn egindako artikuluaz [Lotsa ere patriarkala da], zeinetan lotsaren izaera femeninoari heltzen zion Mari Luz Estebanen, Izaro Andresen eta Itziar Regueroren hitzak jasoz. Laburki, artikuluan esaten zen lotsa zapalkuntza tresna zela, batez ere emakumeen zapalkuntzarakoa. Eta erabat ados. Baina artikuluaren amaiera aldera esaten zen lotsa ere eraldatzailea izan zitekeela, askatzailea. Eta azken hori irakurrita, eta Storniren hitzak barrenean borborka, pentsatzen hasi nintzen nola eta zergatik izan daitekeen lotsa ere eraldatzailea, iraultzailea, anarkiaren su pizgailu.

Iraultzailea izan daiteke gordetzera deitzen duelako; bizi garen gainesposiziozko mundu honetan, zeinetan bizitza pribatuaren sareratzea ohitura bihurtu den eta lotsarik gabe partekatzen ditugun gure gauzarik intimoenak, lotsak kontrako bidea erakusten digu. Burura datorkit sharenting-a: seme-alaba jaioberrien irudiak sare sozialetan partekatzeko ohitura geroz eta hedatuagoa. Lotsak, kontrara, gordetzera jotzen du, ez erakustera. Eta ez erakustea, egun, iraultzailea eta askatzailea izan daiteke.

Umiltasunaren ikur izan daiteke. Lotsa da, beraz, gehiago jakiteko, gehiago eztabaidatu eta argudiatzeko balio digun erremintetako bat.

Iraultzailea izan daiteke filosofatzera gonbidatzen gaituelako; Frederic Gros filosofoak estuki lotzen ditu lotsa eta filosofia. Lotura hori aztertzen du Lotsa iraultzailea da liburuan. Berak dio ezjakinak garela konturatzen garenean lotsa sentitzen dugula —batzuek bederen— eta, hain zuzen, ezjakintasunak sortzen duen lotsagorritze horri esker ohartzen garela zein gutxi dakigun, eta zenbat dugun ikasteko. Umiltasunaren ikur izan daiteke. Lotsa da, beraz, gehiago jakiteko, gehiago eztabaidatu eta argudiatzeko balio digun erremintetako bat, zeina tamalez, gehituko nukeen, gutxitan atxikitzen diogun filosofiaren jardunari. Ezjakina dena, baina horretaz lotsatzen ez dena, bizitza osorako izanen da ignorante.

Iraultzailea izan daiteke zintzoa delako. Sarritan lotsa umiliazioaren parekotzat hartu izan da. Eta normala iruditzen zait lotura hori egitea, zeren eta umiliazioa dagoen aldiro lotsa ere gertatzen baita. Baina lotsatzen garen aldiro ez dago umiliaziorik ezinbestean. Beste emozio batzuk ere egon daitezke lotsarekin loturik. Zintzotasuna edo gardentasuna, adibidez. Zenbait egia esateak, edo entzuteak lotsatu egiten gaitu. Egoera ez delako erosoa, edota egia mingarriegia, edo sakonegia, edo ederregia delako. Armadurarik gabe mintzatzen garenean, edo mintzatzen zaizkigunean, lotsa loratzen da masailetan. Lotsa goxotasunaren ikur.

Lotsa ere izan daiteke iraultzailea, anarkista, askatzailea eta eraldatzailea, lotsarengandik oso gertu haserrea dagoelako.

Lotsa iraultzailea izan daiteke sormena hauspotzen ahal duelako. Iritzi artikuluak idazteak lotsa pasatzea dakar, nire kasuan bederen: miresten ditudan pertsonek artikulua irakurriko dutela jakiteak hitzok hobeki hautatzen, ideiak hobeki ordenatzen eta idazketa txukuntzen laguntzen didate. Eta ados, egon daiteke hor presio puntu bat, min puntu bat. Min puntutxo hori, baina, ez al da idazketaren eta sorkuntzaren ezaugarri inherentea? Nago, gainera, lotsa hori ez dela sekula desagertzen, hura zeharkatzen ikasten dela, alegia.

Eta azkenik, lotsa ere izan daiteke iraultzailea, anarkista, askatzailea eta eraldatzailea, lotsarengandik oso gertu haserrea dagoelako, Storniren poema adierazle, eta haserrea delako errebeldiarako pizgailu bizkorrenetarikoa. Sumindu egiten gara lotsatzen gaituztenean, gure harrotasuna mintzen dutenean, gure duintasunari eraso egiten diotenean. Artikuluaren izenburua Frederic Grosi lapurtu diot (horretarako, lotsa gutxi), jakin gabe berak ere Marxi lapurtu ziola: «lotsa sentimendu iraultzailea da», esan zuen, inguruan ikusten zituen injustiziak atsekabetuta. Segi dezaten, alde batetik, injustiziek gure masailak gorritzen, eta segi dezagun, beste aldetik, elkarri gauza goxo herabeak esaten.

*Aidos: jainkosa grekoa, lotsaren, herabetasunaren eta umiltasunaren jainkosa, zeinak gizakiak akatsetik urruntzen zituen.

Aidos ,greziar mitologiako lotsaren eta herabetasunaren jainkosa
Aidos, greziar mitologiako lotsaren eta herabetasunaren jainkosaren irudikapen bat. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.