«Lotaratzaile» baten arrastoan

Lo ezina dutenei laguntzen dien gizon bat eta gaia ikertzen ari den kazetari bat elkartu ditu Patxi Zubizarretak 'Loak ezkutatzen duena' lanean. Gasteiz elurtu bat du agertoki

Patxi Zubizarreta, atzo, Donostiako Parte Zaharreko Elkar liburu dendan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2023ko azaroaren 3a
00:00
Entzun

Lau pertsonaia katean, bata bestearen zelatan: Andreas, Simon, Petra eta Gabriel. Eta misterio bat: loarena, oro har, eta lo hartu ezin dutenei lagun egiten dien pertsonaiarena, zehazki. Andreas da hori, «lotaratzailea», eta haren bizkartzain ganoragabea, berriz, Simon. Insomnioaren inguruko erreportaje bat lantzen ari delako heldu da haiengana Petra kazetaria, eta ez du jakingo berak ere beste norbait duela atzetik; Gabriel, maiteminduta daukan liburuzaina. Abiapuntu horrekin, eta misterioari umore ukituak gehituta idatzi du Patxi Zubizarretak bere lan berria: Loak ezkutatzen duena. Duela urtebete 22. Augustin Zubikarai saria irabazi ostean ondu du, eta Elkar etxeko Xabier Mendigurenek «nobela harrigarritzat» jo du: «Plazer iturri agorrezina izango da irakurlearentzat. Nahiz eta oso esaldi ponposoa dirudien, niri hala iruditu zait: irakurlearekin jolas egin duela, ustekabez ustekabe eramaten duela bukaeraraino».

Pandemia sasoian izan zituen nobelarako lehen burutazioak Zubizarretak (Ordizia, Gipuzkoa, 1964). Orduan otu zitzaion «lotaratzailearen figura», pertsona bat lo egin ezin dutenen oheetan sartu, eta «loaren banketea» itzultzen diena. Loaren berezko «misterioak» eta hark liburuekin duen loturak erakarrita ere heldu zion gaiari egileak. Freuden aipu bat oroitu du: «Esaten zuen pertsona bakoitzaren barruan pertsona arrotz bat dagoela, eta bi hizkuntza erabiltzen dituela mintzatzeko: gaixotasunarena eta ametsarena. Ametsa asko ikertu izan da, baina loa ez. Eta lo eza, aldiz, negozio bide bihurtu da. Garbi dago pandemia berria dugula: insomnioarena». Harentzat, loak «bizitzatik deskonektatzeko» aukera dakar, eta berdin sumatzen du liburuekin.

Kasu honetan, Petraren ahotsean jasoko du irakurleak kontakizunaren parte handiena, baina, izan, korala da eleberria, eta beste bost lagunen ahotsak ere tartekatu ditu Zubizarretak; lotaratzailearekin egon diren bost lagunenak: minbiziaren azken tratamenduak jasotzen ari den emakumearena, senarrak bere buruaz beste egin dion andrearena, gauez eraikin bat zaintzen duen gizonarena, espetxean sartzear den politikariarena eta migratzaile batena.

Zeharretara, kritika soziala ere badator liburuan, egileak «lokartuta» sumatzen baitu gizartea. «Esango nuke Euskal Herria garai gogorretatik datorrela eta hibernatzen dagoela, eta hibernatzea lo egiteko beste modu bat da; baina, oro har, Europako kultura lo sumatzen dut, eta, batez ere, lo nahi gaituztela».

Gasteiz ere protagonista

Hamar egunean gertatzen da narrazioa, Gasteizetik atera gabe. Kale izen ugari aipatu ditu liburuan Zubizarretak —«nire espazioetan kokatu dut»—, eta, dioenez, Gasteiz apenas agertu den euskal letretan, Xabier Montoiaren, Karmele Jaioren eta Katixa Agirreren lanak salbuetsita. «Gure literatura oso berdea izan da».

Denboran, aurtengo otsailean edo martxoan girotu du istorioa, pandemiaren azkenetan, eta elur egunetan. «Banekien udan landu beharko nuela batez ere liburua, eta elurrarena, alde horretatik, oso interesatua izan da; jende guztia beroz akabatzen ari zen bitartean, ni elurretan nenbilen».

Beste erabaki deigarri bat ere hartu du. Ez dago akotaziorik liburu guztian, eta paragrafo denen lehen lerroa ohi baino ezkerrerago maketatuta dago. Gustavo Martin Garzori segituz, aipatu du badirela egunarenak —«Palestinarenak, burtsarenak, gasolinaren prezioarenak»— eta gauarenak —«ametsenak, obsesioenak»— diren hitzak, eta liburukoak bigarren multzokotzat dauzkalako hartu du erabaki hori. «Hauek ez dira eguneko hitzak, gauekoak dira. Nolabait, ispiluan jasotzen dira. Keinu txiki bat da, sinbolikoa, eta estetikoki ere gustatzen zait. Niretzat estetika oso inportantea da, liburuetan, eta baita bizitzan ere».

Bere liburu guztiak, hasi eta buka, eskuz idazten ditu oraindik Zubizarretak, eta, aurkezpenean, Loak ezkutatzen duena-ren eskuizkribu originala erakutsi du. «Niretzat, hau nire partitura da, nire musika», esan du.

Berriki, Espainiako Sari Nazionala irabazteagatik ere izan da fokupean Zubizarreta, eta pozik da hura heldu aurretik amaitu zuelako liburua. «Halako zerbait erabateko aztoramendua da. Ez dut ezer idatzi harrezkero, eta irakurri ere, gutxi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.