Donostiako 70. Zinemaldia. Sari banaketa

'Los reyes del mundo'-k irabazi du 70. Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Laura Mora zuzendari kolonbiarrak bere herrialdeko bost gazteren istorioarekin eskuratu du jaialdiko sari nagusia. Genki Kawamura japoniarrarentzat izan da Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra

'Los reyes del mundo'-k irabazi du 70. Zinemaldiko Urrezko Maskorra.
Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Medellingo kaleetan bizirauten duten bost gazteren istorioa erakutsi zuen Laura Mora zuzendari kolonbiarrak Donostiako 70. Zinemaldiko lehian. Haiek gorpuztu dituzten bost mutilek ere egoera oso gogorrak bizi izan dituztela azaldu zuten filmaren aurkezpenean, baina pozak gainezka egin zien atzo iluntzean, epaimahaiaren erabakia jakiterakoan: Los reyes del mundo filmak irabazi du aurtengo Urrezko Maskorra. Saltoka eta oihuka jaso zuten berria gazteek, eta oso hunkituta zinemagileak. «Nire bizitzako azken lau hilabeteak izugarri zailak izan dira, eta ez dakizue zer esan nahi duen sari honek niretzat», adierazi zuen. Sari banaketa ekitaldi osoan zehar, jaialdiaren 70 urteko historiaren artxiboko irudiak erakutsi zituzten Kursaalean, eta artxibo horretara igaroko dira orain atzo iluntzeak utzitakoak.

Ikusi gehiago:Musikaren babesean

Mora 2017an izan zen lehen aldiz Donostian; Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zuen Matar a Jesús bere lehen lan luzea. Eta bigarrenarekin eraman du orain jaialdiko sari nagusia. «Mila esker harreragatik. Hau nire etxea izan da, eta ederra izan da itzultzea». Bost gazteen istorioaren bidez, adiskidetasunaz, indarkeriaz, duintasunaz eta miseriaz hitz egin du lanean, eta Kolonbiako gatazkaren oihartzunek une oro zeharkatzen dute kontakizuna. Ildo horretan, pelikulak «mundu justuago baten aldeko elkarrizketan» laguntzea nahi du.

Protagonisten rolak jokatu dituzten gazteek —Carlos Andres Castañeda, Davidson Andres Florez, Brahian Stiven Acevedo eta Cristian Camilo David Mora— ez zuten aurrez sekula aktore lanik egin. Baina haiengandik «bizitzaz eta zailtasunez dena» ikasi zutela adierazi zuen zinemagileak. «Ikasi dut bazterrean dagoela edertasun guztia, eta desobedientzia beharrezkoa dela erakutsi didate mutil hauek».

Genki Kawamura zinemagile japoniarrak, berriz, Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eraman zuen, Hyakka /A hundred flowers lanagatik. Alzheimerraz eta memoriaz hitz egin du filmean, eta bere lehen lana izanik, ez zuela saririk espero aitortu zuen. «Hala, Bilbora joan nintzen turismoa egitera, eta taberna batean urdaiazpikoa jaten eta txakolina edaten nengoen saria jakinarazteko deitu zidatenean; ia dena erori zitzaidan», ekarri zuen gogora, umorez. Serioago, erantsi zuen filmak bere amonaren istorioa duela oinarri, eta hari eskaini zion saria.

Matias Mosteirin ekoizle argentinarra buru izan duen epaimahai ofizialak, halaber, Marian Mathias zuzendari estatubatuarraren Runner lanari eman zion Epaimahaiaren Sari Berezia, eta «zerbait desberdina» egiten saiatzen diren sortzaile guztiei eskaini zien honek aitortza.

Interpretazio sarietan, berriz, gaztetasuna gailendu zen. Bi aktore oso gaztek ex aequo jaso zuten Interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra: Carla Quilezek, Pilar Palomeroren La Maternal-en egindako lanagatik, eta Paul Kircherrek, Christophe Honoreren Le Lycéen-eko antzezpenagatik. Aktore taldeko antzezpen oneraren saria ere beste gazte batek eraman zuen, Renata Lermanek; Diego Lerman argentinarraren El suplente-n protagonistaren alabaren rola jokatu zuen.

Gidoi onenaren saria Kong Xiu / A Woman filmeko zuzendari Wang Chao txinatarrak irabazi zuen, eta Argazki onenaren saria, berriz, Manuel Abramovich zinemagile argentinarrak, Pornomelancolia-ko irudiengatik.

Sail Ofizialeko lehian ikusitako lanen artean, askok aipatzen zuten Mikel Gurrearen Suro faborioen artean, eta ez zen esku hutsik joan: bere lehen film luzearekin, Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi zuen zuzendari donostiarrak, eta esker oneko agertu zen aitortzagatik. «Zuzendariak eta ekoizleak igo ohi gara sariak jasotzera, baina filmak pertsona askoren lanari esker ateratzen dira aurrera; batzuek beren eskuekin egiten dute lan, eta beste batzuek gu sostengatzen gaituzte, familia eta lagunak direlako. Zuentzat guztiontzat da sari hau». Nazioarteko zinema kritikariek ematen duten Fipresci saria eta Euskal Gidoigileen Elkartea Saria ere eskuratu zituen filmak.

Mosteirinekin batera, Antoinette Boulat casting-zuzendari eta zinemagile frantsesak, Tea Lindeburg zuzendari eta gidoilari danimarkarrak, Rosa Montero idazle eta kazetari espainiarrak, Lemohang Jeremiah Mosese zinemagile eta artista bisual lesothoarrak, eta Hlynur Palmason zuzendari eta gidoilari islandiarrak osatu dute aurtengo epaimahai ofiziala.

Beste sailetako sariak

Suro saritzeaz gain, beste lan bati aipamen berezia ematea erabaki zuen Irizar sariko epaimahaiak, Ander Izagirre idazle eta kazetaria buru izan duenak: Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto filmari, hain zuzen ere. Zinemagile gasteiztarraren lehen film luzeak Gazteriaren saria ere eskuratu zuen, 18 eta 25 urte bitarteko 150 gaztek baino gehiagok osatutako epaimahai batek erabaki zuena.

Zuzendari Berriak sailean erakutsi zuen bere filma Elorzak, eta sail horretako Kutxabank-Zuzendari Berriak saria Fifi lanak eraman zuen, Jeanne Aslan turkiarraren eta Paul Saintillan frantziarrarena. Iaz Urrezko Maskorraren irabazle izan zen Crai Nou filmeko zuzendari Alina Grigoreren eskutik jaso zuten aitortza. Epaimahaiak, halaber, aipamen berezia eman zion Parth Saurabh indiarraren Pokhar ke dunu paar lanari.

Zabaltegi-Tabakalera saria, berriz, Hlynur Palmason zinemagile islandiarraren Godland filmari eman zion sail horretako epaimahaiak, «narrazioarekiko erakustako zehaztasunagatik eta konpromisoagatik». Eta Horizontes Latinos saria, berriz, Valentina Maurel costarricarraren Tengo sueños eléctricos-entzat izan zen.

Ikusi gehiago:Betiko hiri beltza, koloreztatuta

Perlak saileko irabazlea, berriz, ikusleek erabakitzen dute, eta Santiago Mitre zuzendari argentinarraren Argentina, 1985 filmari egin zioten aitortza Donostia Hiria Publikoaren Sariarekin —hamarretik 9,14 puntu jaso zituen lanak—. Sail berean, Rodrigo Sorogoyen zinemagile espainiarraren As bestas filmak irabazi zuen Europako lan onenaren garaikurra, 8,75 punturekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.