'Los que desean' dokumentalak jaso du 60. Zinebi jaialdiko sari nagusia

Mari Elorzaren 'Ancora Lucciole' film laburrak irabazi du Euskal Zinemaren sari nagusia

Elena Lopez zinemagilearen Los que desean dokumentala fotograma. ZINEBI.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Kalitatean egin du indar Bilboko 60. Zinebi Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiko epaimahaiak. «Ez da erraza izan erabakiak hartzea. Aurkeztu diren filmen kalitatea izugarria izan da; nazioarteko beste jaialdi batzuentzat erreferentzia gisa hartzeko bestekoa». Hala azaldu zuen atzo Concha Baquero zinemagileak jaialdiaren palmaresa iragartzeko Bilboko Arriaga antzokian egindako agerraldian. Hilaren 9an abiatu zen 60. aldia, eta atzo egin zuten itxiera ekitaldia, sari banaketarekin. Elena Lopezek jaso du aurtengo sari nagusia, Los que desean dokumentalagatik. «Egin duen irudikapen objektiboagatik, konplexutasun aberatsagatik eta arraren kulturarekiko agertzen duen hausnarketarako jarreragatik eman diogu saria». 7.000 euroko saria eman dio jaialdiak Lopezi. Euskal Zinemaren sari nagusia, aldiz, Maria Elorzari eman diote, Ancora Lucciole (Ipurtargiak oraindik) film laburragatik. 6.000 euro jasoko ditu.

Ipurtargien galera ardatz hartuta ondu du Elorzak filma, eta denboraren iragaitea lantzeko izan duen gaitasuna azpimarratu dute epaileek. «Munduaren joanari eskainitako lana da Ancora Lucciole. Mundu zaharraren eta mundu berriaren arteko lerro horretan, animalia espezieen galera eta gizakien arteko konexiorako formetan egondako aldaketak lantzen ditu». Baquerorekin batera, Zsuzsanna Kiraly ekoizle errumaniarra, Jodie Mack zinemagile britainiarra, Carolina Martinez dokumentalista espainiarra eta Ghasideh Gomanaki zinemagile irandarra izan dira epaimahaian; emakumeak denak, eta aldagai hori izan zuen hizpide, Gomanakik. Euskara hutsean mintzatu zitzaion jaialdiko zuzendariari. «Mila esker Zinebi jaialdiari, zinemaren mundu maskulino honetan emakumez osatutako epaimahai bat izateko egin duen ahaleginagatik».

Orotara, 52 film izan dira Sail Ofizialean lehian, eta generoaren arabera ere saritu dituzte lanak. Fizkiziozko Mikeldia Reema Sengupta indiarraren Counterfeit Kunkoo lanari eman diote; animaziozkoa Esther Niemeier alemaniarraren Tracing Addai filmari, eta, dokumentalen sailean, Mahdi Fleifel britainiarraren I Signed the Petition pelikulak jaso du Mikeldia. Bosna mila euro jasoko ditu saritu bakoitzak.

Sail Ofizialaz gain, dokumental eta animaziozko film luzeak saritzeko, Zinebi First Film atala izan du jaialdiak hirugarrenez. Eulalia Iglesias kazetari eta kritikariak, Agnes Wildenstein zinema programatzaile frantsesak eta Nele Wohlatz zinemagile alemaniarrak osatu dute epaimahaia, eta Rugile Barzdziukaite zinemagile lituaniarraren Acid Forest lanari eman diote 12.000 euroko sari nagusia. Andrea Bussmannen Fausto filmari eman diote epaimahaiaren sari nagusia. «Gaur egun horren ohikoa den ikuspegi antropozentrikotik ihes egiten dute biek».

Aurtengo jaialdian saritu dituzten pelikula guztien emanaldia egingo dute gaur, 18:00etan, Arriaga antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.