Uda ostean gutxi entzun dugu Manriqueri buruz, eta gogoa eman dit kopla batzuk botatzeko bere irrati-heriotzagatik, dakizuenez uda hasieran gertatu zena; Radio 3eko kazetaririk prestigiotsuena kale gorrira, bertan bizitza osoa -irratiaren bizitza- eman eta gero.
Prestigiotsuena, esan dut... eta gogoan daukat beste batzuek gauza bera esan zutela Ramon Trecet ere Radio 3etik bota zutenean, beraz-eta baliteke orain entzule batzuk batere haserretu ez izana Manrique bota dutelako, Trecet bota zutenean beste batzuk haserretu ez, baizik eta poztu eta guzti egin baik-baiziren (ni ez nintzen zehazki poztu, baina aitor dut Trecetek sekulako mengantza gogoa pizten zidala, oraindik ez badakit ere zerekiko mengantza).
Laburbilduz; pare bat dinosaurio desagertu dira, eta ontzia aurrera doa, gainera egin dituzten zenbait fitxaketari esker (Carmona hori) irratia berreskuratzen ari da garai bateko txispa, eta hori ez da gutxi txisparik gabeko garai hauetan.
Izan ere, bizitza gogorra da herri musika modernoa jarriz bizi behar duen esatari ez-gaztearentzat, sinets iezadazue. Trecetek bere erresuma propioa sortu zuen, aro berria deituriko fikziozko lurraldea, eta bertan errege sentitu zen luzaro. Manriquek alde egin behar izan zuen mendebaletik, eta tradizio akademiko klasikorik ez duten herrialdeetako musika ez-gazteak (musika intenporalak) erabili zituen azken urteotan (Afrika eta Antillak, batez ere).
Galilea Brasilek salbatzen du; Jose Miguel Lopezek uste du kosmopolitismoaren hutsalkeriak salbatzen duela; Alcanda barregarri gelditzen da arratsaldero, bakarrik dakielako 70eko kaliforniar musika jartzen (Eagles-en aldaera infinitoak, edota James Taylor).
Horrela da bizitza; ez dut berrogeita hamar urtetik gorako inor ezagutzen Smiths taldea benetan gustatzen zaiona, ez dut berrogei urtetik gorako inor ezagutzen Radiohead benetan gustatzen zaiona, eta araua betetzen ez duena imajina genezake Julio Ruizen eta Juan De Pablosen arteko Dorian Gray baten modura, kontuz ibili gero.
MUSIKA. A cappella
Los Chicos de Ayer (Atzoko Mutilak)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu