Guztiz deskonektatu gabe eta buru erdia oraindik Iruñean zuela zen Joanes Illarregi (Leitza, Nafarroa, 1999) finalaren biharamunean, neke fisikoa eta emozionala pilatuta, eta behar beste deskantsatu gabe. Baina garrantzitsuena, pozik: «Oso gustura sentitu nintzen, bai oholtzan, bai aurretik eta baita kideekin ere. Horrelako plaza handi batean kantatzeak suposatzen duen guztiarekin, aurretik banuen presio puntu hori, ea bertan kantatu eta maila emateko gai izango ote nintzen, edo behintzat ni gustura sentitzeko. Uste dut lortu nuela. Gustura sentitzea, eta niretik, dena ez bada ere, pixka bat ematea». Hain zuzen, txapelketa osoan emozio zelai ezberdinetan ibili dela adierazi du. Batzuetan, lasai, suelto eta jolaserako gogoz; besteetan, tentsioz eta puntuei zeharka begira. Finalean aldarte onean izan eta gozatzea zuen xede, eta, neurri batean, lortu zuen.
Bertsoaldien inguruan, noizik behinka asmatu zuela uste du, baina ez beti: «Kontziente naiz bertso edo bertsoaldi askotan erraz egin nuela, baina bigarren buelta bat falta izan zitzaiela ideietan, eta, bertsoari dagokionez, egituran eta osaeran. Baina, bueno, horrek kendu dezakeena uste dut konpentsatu nuela beste modu batean». Oro har, positibotzat jo du txapelketan egindako lana, eta aitortu du bideak ikasteko balio izan diola. Aipamen berezi bat ere egin du: «Oholtzakide izan ditugun horiei begira hezi garen belaunaldi batekoak gara, eta horiekin oholtza konpartitzea... izugarrizko emozio pilaketa bat izan da».